Su pizte txikiak

Asier Aspiroz-(r)en argazkia Asier Aspiroz 2024-09-23

Su pizte txikiak –

 

Powered by RedCircle

Bertsoa gauza sorgina omen. Nik ez dakit sorginkeria horrek edo zerk bultzatu zuen 10 urteko mutiko hura Bertso Eskolan izena ematera baina hasieratik jakin nuen huraxe zela edo huraxe ere bazela nire tokia.

Etxetik transmisioz jasotako bertsozaletasuna ez nuen apartekoa baina akaso bai hizkuntzari musika ateratzekoa.

Umetako oroitzapen lauso bat: Lasarteko kalean baserritar bat marmitekin zihoala kaleko ibiltari batek sua piztu zuen:

“Zer habil Txomin, letxero?”
“Bai, esnea partitzen etxero.”

Galde erantzun horren eta tankerakoen atzean dagoen unibertso osoak erakarrita hasi nintzela esango nuke, bertsoak berak tirata baino gehiago.

Behin bertso eskolan hasita, bertsoa osatzen ikasi genuen nola hala eta eskolartekoetan hasi ginen. Horri esker plazaratu ginen eta horrelakorik ez balitz ez genukeen biderik egingo, baina urte osoa lau oinekin bertsoa osatzen aritzeak edo gai bati bertso bakarrarekin erantzunez urteak pasatzeak, dezente etxekotu gintuela uste dut orain. Jolasetik adina zuen hark gimnasia mentaletik.

Nerabe nintzela Hernaniko bertso eskolan eman nion segida ikastolako zaletasun hari. Erabat harrapatu ninduen ostiraletako lagun giroak eta zaharragoekin egindako afarietan zegoen jolaserako atmosfera hark.

Nazio mailako bertsolariak baziren talde hartan eta baita bertsolaritza bizitzeko beste modu bat zuen mordoxka bat ere, lagun giroan elkartuz gero bertsotan egin gabe etxera joan ezin zutenak.

Bertsoa, zirtoa, hizkuntzaren musika, kultur transmisioa,…gauza asko nahasten ziren han metro koadro gutxian.

Mahai izkinan jarrita isilik egoten ginen, bizitzen ari ginen hura bizitzeagatik pribilegiatuak ginela jakitun.

Eskolarteko gimnasia mentalarenaz oso bestelako dimentsio bat ukitzen zuen zirti-zarta hark: jolasarena.

Unibertsitate garaian, gazte sariketetan eta txapelketetan gure zirrindatxoa egiten hasi ginen, eta pixkanaka baita bertso plazan ere.

Antolatzaileen deiaren zain urte batzuk egin genituen, jasotzen genituenean eskertuz eta agendak gorrituz.

Garai polita izan zen eta, besteak beste, libreko saioak deskubritu genituen. Gure gimnasia mental hartara ohituta egonik, neketsuak hasieran, baina esker onekoak eta oso betetzaileak gero. Bertsotan egiteko beste modu bat, finean.

Gaur egun bertso plazan oso tarteka dabilenaren talaia honetatik, lagunarteko bertsoaldi jostari haietaz gero eta gehiago oroitzen naiz. Eta ez preseski bertsoen kalitateagatik, ekintza hark sortzen zigun atsegin kolektiboagatik baizik.

Noski, oraindik ere, bertsotarako deitzen badigute gustura joango gara, baina zer ederragorik norbaitek isiltasuna bertsotan ebaki eta ondokoek segida ematea baino? Pretentsio handirik gabe, eta, aldi berean, sekulakoarekin. Beti balizko entzuleei begirako diskurtsoak eraikitzen aritu beharrean, gertukoekin bertsotan egin, bertsotan egiteagatik: jolasa jolas truk.

Hala sentitzen dut nik, gero eta garbiago: bertsoak behar ditu txapelketak, jaialdiak, libreko saioak, poteoak, oholtza handiak eta txikiak, baina baita tarteka inork deitu gabeko eta inork aurrez antolatu gabeko su pizte txikiak ere.

Ez naiz ari ardo zatoa hustu osteko taberna zuloko oilar borrokak bere horretan erreskatatzeaz, bai baitakigu horren zimentuak zein diren, zeri jo izan zaion txalo halakoetan eta zein geratu den zokoratua.

Funtsean, bertsoa tarteka bizi-egoeretara ekarri beharraz ari naiz, espektakuluaren logikatik askatuta. Familiako egoeretan, lagun giroan,etab ere egin liteke bertsotan eta uste dut bertsoaren dimentsio hori asko argaldu zaigula edo dugula eta ederregia iruditzen zait erabat lurperatzeko.

Esango nuke iritsi zaigula bertsoaren eskala txiki hori berrasmatzeko ordua. Eta hori, bertsolari “nazionalei” baino, saioz saioko lasterketatik kanpo gabiltzan herri- eta auzo-bertsolarioi dagokigu. Finean, telefonoaren menpekotasunetik askatu, eta bertsolari izateko bestelako eredu batzuk sortzea edo birsortzea beharrezkoa da eta beharrezkoa izateaz gain, sanoa.

*Musika: Vanlig, Jahzzar. Free Music Archive CC-BY-SA

Su pizte txikiak
Arg: lil artsy
Su pizte txikiak  Su pizte txikiak