Hemezortzi urteko Ainhoari
Hemezortzi urteko Ainhoari –
Powered by RedCircle
Hemezortzi urteko Ainhoari hitz egiterik banu, bertsotan jendaurrean hasia zen Ainhoari hitz egiterik banu, esango nioke…
Bertso-ibilbidea luzea dela. Bertsolariek, idazleek bezala, zine-zuzendariek bezala… aroz aro langai berriak bilatzen dituztela beren baitan, eta hamar, hamabi urteko ibilbidea egiten dutenean, antzematen dela urte horietan egin duten ibilbide artistikoa. Horrenbestez, ez itsutzeko epe laburreko helburuetan, txapelketa bat ez dela bere horretan helburu bat, bertso saio batetik bizirik ateratzea ezin dela izan helburu bat. Ikusteko bidea. Pausoak emateko labur, baina begirada izateko luze. Bidean, sortzailea, beti doala aurrera, eta ez jartzeko mikrofonoan besteren epaiaren beldurrez, zerbaiten bila baizik.
Gure garaian bertsotan hasitako askok, ordea, gehiegi erreparatu genien garaiko bertsokerei. Azken arrazoi potoloak bilatzen eta baliabide poetiko-erretorikoak hamar-zortzian tolesten urte gehiegi xahutu genituen. Zeri eta nondik kantatu nahi genion galdetu gabe. Geure buruarekin pazientziarik izan gabe, gure buruak egurtuz kolpeko bertsokeran asmatzen ez genuen bakoitzean. Imitazioz, bertsokera erreakzionarioz eta inertziaz aritu ginen maizegi. Gizarteko borroka handiez, oraindik apenas bizitzaren berri izan gabe. Zortziko eta hamarreko handietan entrenatu ginen, esaldi potoloekin mundua konpondu nahian, usaindu ere egin gabe zer iradokitzailea izan zitekeen zortziko txikia. Norberarentzat, batez ere.
Horregatik iruditu zait ederra eta eskuzabala Jexux Mari Irazuk Bertsolamintzan eta EHUko Udako ikastaroetan eman duen hitzaldia. Hasieratik egiten du aitortza Irazuk, bertsotan hasi berria den batek nekez izango duen talaiatik hitz egiten duela. Ibilbide luze baten ondoren esan ditzake (orain) esan dituenak, baina gazteentzat esan ditu. Arnas luzeko bertsolaria hasiberriei arnasa ematen. Ez dut nik halakorik askotan ikusi.
Mugez eta aukerez hitz egiten du Irazuk. Bertsolari hasiberriak mugak besterik ez ditu ikusten, eta horregatik, mugatzaileena norbere begirada bihurtzen da. Irazuk esentzialismotik eta estereotipoetatik urruntzeko aldarria egiten du, beldurretatik askatzekoa, mekanika gainditzekoa. Norbere buruari zilegitasuna eman eta, testuingurua kontuan hartuta, ahal dela intentzio batetik kantatzeko esaten die gazteei. Intentzioa, bilaketa, bide bat egin nahia… Ezinbesteko lan-tresnak dira bertsolariarentzat. Eta ez dira epe laburrera hain neurgarriak. Gaztetan, baina, dena lortu nahi izaten da berehala.
Horregatik gustatzen zait bertsolariak idazleekin edo zine-zuzendariekin alderatzea. Idazle batek edo zine-zuzendari batek lan bat plazaratzen duen aldiro, kritikariek haren aurreko lanak aipatzen dituzte sarri, eta azken sorkuntza-lanak ibilbide horri zer erantsi dion aipatzen dute. Txapelketetako bertso-kroniketan horixe da sarri faltan botatzen dudana: bertsolariak beren ibilbidean kokatzea. Ibilbide artistikoan.
Gauza bera esan genezake gai-jartzaileez ere. Ez dakit ez ote ditugun excel-tauletan itota, saioetan bertsolarien oreka bilatu beharraren bilatu beharraz. Bertsolariek mekanika gainditu behar duten gisa berean gainditu behar dute gai-jartzaileek ere logistika, metodoa. Gai-jartzaileek ere, bertsolariek bezalaxe, jarrera artistikoa behar baitute. Edertasuna eta intentzioa uztartuz. Edertasuna gaiaren formulazioan, intentzioa gaien bilaketan.
Imanol Artolak esan berri digu egungo gai-jartzaile gehienak gehiago ari direla txapelketetarako gaiak sortzen, saioetako gai-emaile lanetan baino. Zoritxarrez, edertasunari ez dio lekurik uzten txapelketako gai-jartzailetza moduak. Betebehar gehiegi eta estuegiak daude. Honenbestez, gaiak jartzeko, gaiak sortzeko eta emateko bi modu dira txapelketetakoa eta plazetakoa. Egoki aritu behar dute lehenengoek; ausart eta eder aritzeko aukera dute bigarrenek.
Horregatik da lastima gai-jartzaile gehiago aritzea txapelketetan plazan baino. Lastima, bi arrazoigatik. Batetik, gai-jartzaileengatik eurengatik, txapelketek ez baitiete haien barruko sortzaileari bide egiten uzten. Eta bestetik, bertsogintzagatik, gaiek, saioetan, funtsezko papera betetzen dutelako bertsolarien ibilbide artistikoa garatzen laguntzeko edo kamusteko. Beren burua sortzailetzat duten gai-jartzaileak behar ditugu.
Ez dut uste bertsolariok gai-jartzaileei zilegitasuna eta aitortza ematen oso eskuzabal aritu izan garenik. Ez dira azafata edo idazkariak, sortzaileak dira. Eta esan behar genieke jokatzeko lasai artistago. Edateko ahozkotasunetik, literaturatik, zinematik edo arte plastikoetatik ere. Bilatzeko hitzen eta irudien edertasuna, gainditzeko sistematizazioak eta ordura arte funtzionatu duten bideak. Mugak ikusi ordez, sor ditzatela aukerak. Bilatzeko norberari atximur egiten dioten gaiak eta gaia emateko moduak. Atximur eginda jarriko dutela bertsolaria sorkuntzarako ataka ezin hobean. Eta sinesteko, haiek ere, bertsolariek bezala, aroz aro ibilbide bat egingo dutela, eta bilaketarik gabe ez dagoela biderik.
Sortzaileak, zerbaitek bereizten baditu multzotik, begiradak bereizten baititu. Bertsolariak bezalaxe, baita gai-jartzaileak ere. Gainditu dezala egarriak beldurra.
*Musika: Doctor Turtle, Flies on the Prize. Free Music Archive, Attribution 4.0 International License