Gallendu zaio sasiya
Gallendu zaio sasiya –
Powered by RedCircle
Josu Goikoetxeak joan den udaberrian, eguzki-argiak gauzak zehatz erakusten dituen sasoi horretan, buruko muinen zentruan instalatu zitzaidan txio bat idatzi zuen. Hala zioen, hitzez hitz: “Hipotesi eroa: Txirritarena omen den ‘Hil da Cánovas’ izeneko bi bertsoko sorta… apokrifoa da”. Eta sare sozialek uzten duten neurriko argudiaketa soilarekin beztitu zuen ideia: funtsean, gaur egun Txirritari ezagutzen dizkiogun sortetan ez dagoela Txirritak ustez Canovas del Castilloren alargunari kantatutakoetan erabilitako moduko egitura anaforikorik.
Bila ibili naiz eta ez dut Txirritaren bertsoetan pareko errepikapen eta paralelismorik daukan bertsorik aurkitu. Ziurrenik oker nago, baina dibertitzera etorri gara hona. 🙂
— Josu Goiko (@josu_goiko) April 12, 2023
Goikoetxearen boutadeak irribarrea sortu zidan. Ahaztu egin nuen. Baina berehala etorri zen bueltan. Eta sinetsi egin nuen. Eta ados nengoen esaten zuenarekin. Txirrita, poesia klasikoaren figura erretorikoak erabiltzen, bertsotan? Eta, gainera, bat-batean? Txirrita ez zen Otaño. Txirrita ez zen Bilintx. Eta hazten hasi zen ideia hori, eta eguneroko bizimoduak berezko dituen ordu galduetan gero eta presenteago egoten. Eta gogora etorri bakarrik ez; lanean jarri ninduen. Hasieran, entretenimendu soilerako; laster, burutik kendu ezin nuelako, beharrizan gorriz.
Sareko bilaketa erraz batekin jakin nuen Antonio Zavalak sortatxoaren bi bertsio jaso zituela, Auspoa saileko liburuki banatan. Lehenengoa, eta, beraz, zaharrena, 1971n argitaratutako Txirritaren bertsoak bildumakoa. Hernaniko Antonino Pagolak orri batean idatzita bidali zizkiola dio Zavalak, eta gaineratzen du Canovas del Castilloren alargunari bat-batean kantatutak direla, Donostiako kasinoaren aurrealdean ikusi zuenean.
1976an argitaratutako Ustu ezin zan ganbara liburuan dator bigarrena. Aitortza bat egiten du Zavalak, hasieran: aurreko bertsioan, lehenengo bertsoan, puntu bat falta zitzaiola, hain zuzen ere, “galdu zituen gari-zelaiak, gallendu zaio sasiya” dioena. Horretaz ohartzeko arrazoia, bertsoen bigarren bertsio bat beste informatzaile baten bidez iritsi izana: Oiartzungo Ergoien auzoko Portuburu baserriko Inazio Irazu, hain zuzen ere.
Irazuk nahikoa zehatz kontatu zion Zavalari nola jaso zituen bertsoak: ponte-izenaz ez dago ziur, baina Iyeru edo Igeroa baserriko Joxe Manuelek kantatu zizkiola dio. Joxe Manuel, Irazuren hitzetan, gizon zaharra zen, baserrian bakarrik bizi zena, bizar eta ile luzeduna, herrira jaisten ez zena. Arditurriko mehatzearen ondoan, Ursoroetako tabernan egoten omen zen, hitzez hitz, “epel-epel eginda”. Hiru eguneko egonaldiak ere egiten omen zituen bertan. Eta han entzun zizkion Canovasenak, behin, ardietara joan eta zerbait galdetzera sartuta.
Eta hemen naukazu, entzule, autoa hartu eta Oiartzunera joateko bulkadaren aurrean nire buruari balazta jartzen. Izan ere, gero eta seguruago nago, gero eta ebidenteagoa iruditzen zait, Arditurrirako bidea hartu, garai batean Ursoroetako taberna zegoen ingurura joan, eta bertako harri zaharren baten azpian kutxa bat aurkituko dudala, paper zaharrez betea, Joxe Manuel zenak asmatu, taberna-zuloan kantatu eta ostatu-jabearen semeak txukun jasotako bertso-sorta ederrez jositako paperak; gero eta seguruago bainago, gero eta ebidenteagoa iruditzen baitzait, delako Joxe Manuel hura, ile eta bizar luzedun gizon bakartia, hiru egunez jarraian kantuan aritzeko gai zena, era berean zela gai egitura errepikakordun eta tonu poetikodun bertso-estrofak sortu eta Antonino Pagola edo Inazio Irazuri Txirritarenak zirela sinestarazteko.
Domusantu egunaren bezperan ari natzaizu kontakizun hau ahotsez grabatzen, entzule; sasoi eder hori, zeinean, laino izpirik ez duen egun ustez argiz itsugarri bat espero denean ere, eguzkiak beste aro batzuetan baino apalago igarotzen duen zerua, eta eransten dion eguratsari halako amets usain bat, pentsatzen dugun guztia egiazkoa bezain lausoa bihurtzen duena.
*Musika: Meydän – L’Etoile danse