Eli Pagola - Dadoa
Dadoa –
Hamaika aldiz entzun dugu, txapelketetako hasierako agurretan batez ere, bertsoak eta matematikak ez dutela zerikusirik eta ez dakit ados ote nagoen.
Esaterako, estatistika alorretik, uste dut oso ikerketa interesgarriak egin daitezkeela bertsoaren eta bertsolaritza den mundu-funtzionamenduaren gainean.
Esku artean ez didate tesi baterako bekarik jarri, errazagoa egin zait dado bat hartzea. Lehen ere erabilia izan delako, ziurrenik, «Duda dida doan dado bat da. Baina duda dado bada, duda bide bedi; duda da bide bi».
Duda dado izatetik dadoa duda izatera pasa zait. Ohikoenari helduta, 6 aurpegikoari, ziurtatu izan da probabilitate bera dagoela 6 aurpegietako bakoitza ateratzeko, seitik bat. Ba, antza, ez. Aurpegi bakoitzeko puntu kopuruak material bolumen ezberdina kentzen dio aurpegiari, hau da, 2 puntuko aurpegiak eta 5koak material galera desberdina izan dute, beraz, pisu ezberdina dute. Ertzen higadurak, berriz, aurpegi baten edo bestearen aldeko tendentzia areagotzen omen du. Esaldi bakarrera ekarrita, aurpegi batzuen alde egiten du inpartzialtzat dugun dadoak.
Gustuak gustu, badakizu zer probabilitate dagoen 2022ko Euskal Herriko Bertsolari txapelketako finaleko bertsolariz osatutako 4-ko bi saio berdin antolatzeko? 0,014koa. Bestela esanda; bat hirurogeita hamarren artean edo % 1,4. Hori, kontuan hartu gabe plazan 8 bertsolari horiek baino gehiago dabiltzala. Estiloaren araberako presentzia, aldiz, ez dakit kalkulatzerik dagoen, bistako arrazoiak medio. Baina gustuak ez dira objetiboak eta konponente asko dituzte. Agerikoak, zein ez hain agerikoak.
Bertsotan, oro har, objektibotasuna epaileen kontua da, eurei eskatzen diegu objetibo izateko. Zailtasun handiko ariketa dela jakitun, hainbat proposamen ausart egin izan dira: Batzuk aipatzen hasita, hor daude, bat-batean kantari ari denaren ahotsa distortsionatuta iristea epaileen kaskoetara; ahotsaren arrastorik egon ez dadin idatziz jasotzea, edo baita alor tekniko bakoitzari zenbakizko balore doitua ematea zailtasunaren arabera ere… Kontrara, kultur ekintza bat, ariketa artistiko bat, epai numeriko batera eramatea hankamotza dela ere esan izan da. Eta ardura handikoa. Eta zaila, oso zaila. Zer esanik ez estilo, asmo eta ulerkera ezberdinak irizpide berdinen arabera katalogatu nahi direnean.
Beraz, subjektibotik ikaragarri duen aktibitate bat epaitzeko, balioesteko, ditugun erramintak ahalik eta objetiboen izaten ahalegindu behar dugu edo eragin sistematikoa duten aldagaiak kontuan izango dituen balorazio-egitura bat pentsatu behar dugu?
Ez egon nire zain, nik ez daukat erantzunik. Apalategian dado bat aurkitu duen mukizu bat baino ez naiz.
Hori eta behin bati entzun niola matematikak frogatzen duela bertsoaren bueltako ia ezer ez dela matematikoa. Alegia, erabakiak ideologikoak direla.
*Musika: Doctor Turtle – Jonah’s Message for New York