Bertso saioak nork antolatzen dituen

Irati Majuelo-(r)en argazkia Irati Majuelo 2024-10-07

Bertso saioak nork antolatzen dituen –

 

 

Powered by RedCircle

Etorri bezala badoaz udako egunak, iritsi da iraila, eta ezustean, Bardoak ere hasi dira kantuan Nafarroan. Pandemia garaitik erdizka jokatu eta erdizka ospatu ostean, aurten bete-betean hartuko du plaza taldekako txapelketak. 13 talde eta 91 parte-hartzaile, ez dira gutxi jendaurrera bertsolari berriak tantaka sortzen dituen herrialde batentzat.

Ez dut esango egitasmo perfektua denik, ez eta oinarrian dituen asmo onak goitik behera betetzen direnik ere, baina badu elementu bat egungo bertsolaritzaren inguruan hausnartzeko balia dezakeguna: auzolana edo talde-lana. Izan ere, Bardoek elkarren pare jartzen dituzte bertsolaria eta antolatzailea, sukaldaria eta gai-jartzailea. Are, askotan pertsona berberak dira bertso saio bat antolatzeak suposatzen dituen lan ikusezin horiek guztiak egiten dituztenak: lekua lotu, megafonia muntatu, bertsolariei ongi etorria egin, ikusleentzako aulkiak prestatu, saio osteko mokadua prest utzi… eta kantatu. Beti ez da bikain ateratzen, beti ez da nahiko genukeen bezala gertatzen, baina esango nuke egitasmo honek agerian jartzen duela kultur jarduera oro antolatzeak dakarren lana eta karga mentala: garaiz izango al dugu dena prest? Etorriko ote da jendea entzutera? Ezkerreko mikrofonoa ez dabil! Norbaitek inprimatu ditu gaiak?

Bardoetatik haratago, antolatzaileei buruz mintzatu beharko ginateke. Sare sozialen batean irakurri nuen duela ez aspaldi gure kultur ekosistema prekarizatuan erraz ahazten den figura dela soldatapekoa ez den antolatzaile-sustatzailearena. Hau da, edozelako kultur elkarte, gaztetxe edo auzoko jai batzordeko kide hori, zeinak denbora eta borondatea jartzen dituen gogotik, herrian kultur eskaintza egon dadin, dena ongi atera dadin, eta, batez ere, sortzailea duin aritu dadin. Bertso saioa mimoz prestatzen duen hori, izan zaletasun hutsagatik, izan konpromiso politiko-kultural sendoa duelako. Kultur munduari adi egoten diren pertsonak izan ohi dira, dinamika interesgarri batek herrian edo auzoan sor dezakeen giroaz jakitun, baina baliabidez urri ibiltzen dira eta inork gutxik ikusten du haien lana. Ez dakit, balioan jarri eta zaindu beharko genituzkeela iruditzen zait. Eta ez, ez naiz diruaz ari.

Izan ere, nork antolatu saioa, aldea egoten da batetik bestera. Pandemia ostetik zenbait bertso saio mota jaitsi izanaren sentsazioa dut aspaldi. Ez dakit zenbaketarik egin izan den, baina bertsokide artean komentatu izan dugu, asko direla orain aretoko saioak, jaialdiak, eta akaso, ez ote diren bertso poteoak, bertso bazkariak edota eremu informalagoetara lotutako horiek apur bat galdu. Izan daiteke gustu kulturalak aldatzen direlako boladaka, agian, auzoko jaietan ez dute jada herri bazkariaren ostean bertsorik entzun nahi, bingo musikatua dagoelako orain bogan. Ados. Baina sakonagoko arrazoiak bilatuta, bestelako ideiak datozkit burura: nekea, transmisio etena, kontratazioetarako bide ofizial estuegiak… adibidez.

Bertsolaria kultur eragile gisa ulertzen dut nik. Bere inguruan eragiten duen sortzaile modura, alegia. Baina ez soilik kantuaren bidez, baizik eta bertsolaritzak jardun gisa behar dituen baldintzak eratzen ere. Ez da arraroa izaten bertsolariak antolatzaile ikustea, Bertso Eskolen bueltan batzuetan, ekimen zehatzen inguruan, bestetan. Adibide ederrak ditugu inguruan, Bilbon Bertso Errondak egin duen ibilbidea edota Señora Sariketa, esaterako. Hala ere, bertsolarion falta sumatzen dut zenbaitetan antolatzaile, sustatzaile, eragile jardunean, jakinik, gainera, gu geu garela bertso munduari arreta gehien jarri eta bertsolari berriak, azken eztabaidak zein proposamenak ezagutzen ditugunak. Inurri lanak ematen ditu fruituak, sarri saio informal eta espontaneoago horietan sortzen baitira bertsozale berriak, berriz liluratzen eta engaiatzen. Bardoek eskaintzen diguten auzolanari eutsita, akaso, sakon dezakegu bide horretan, bizitzan bezala honetan ere, jakin baitakigu bakarrik baino hobe moldatzen garela taldean.

  • Musika: Be Coll, Mr Smith. Free Music Archive. Attribution 4.0 International License
Bertso saioak nork antolatzen dituen
Arg: mali maeder

Bertso saioak nork antolatzen dituen  Bertso saioak nork antolatzen dituen