Aner Peritz - Nori kantatzen gaituzte?

Nori kantatzen gaituzte? –

 

 

Powered by RedCircle

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Zuk uste duzu ez zegoela lodi bati buruz aritzea baino bide egokiagorik? Krak
Zu ziur zaude immigrante baten paperean jartzea zegokizula? Krak
Zuri iruditzen zaizu bollera baten diskurtsoa erabil dezakezula zeure loreak janzteko? Krak
Zuri okurrituko al litzaizuke alu bati buruz kantatzea? Krak
Zuk sentitzen al duzu transez aritzeko zilegitasunik? Krak
Zuk nahi al duzu zutaz kanta dezan berak? Krak
Zuk nahi al duzu zutaz kanta dezadan nik? Krak
Zuk nahi al duzu kanta zaitzadan? Krak

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Ganbarako lanerako, hurbil dadila mikrofonora: zu.

Hau da gaia: zeri kantatzeko prest zaude? Zeri kantatzeko prest zaude?

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Entzun dira haur jaioberri baten negar hotsak sekula haur bat besoetan 10 minutuz eduki ez duen gizon horren ahotan, entzun dira patera bateko bidaia desorekatuak nota europarretan, prostitutaren intziri antzeztuak, torturatuaren kolpeak, etxera bideko pausoak, soldaduaren tiroak, alargunaren negarrak, marikoiari irainak, jipoituari ukabilkadak, etxegabearen eskariak. Entzun da bortxatuaren isiltasuna.

Entzun da bertsolariaren erruduntasuna.

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Nik ez dakit, e. Ez dakit non kokatu behar dudan gai batek «bularreko minbizia duzu» diostanean. Are, ez nago ziur gai hori jartzea egokia ote den ere. Nik dakidana da mikrofono bat edukitzea ahots bat edukitzea dela, ahots bat edukitzea botere-tresna bat edukitzea dela, botereak erabiltzea dakarrela eta erabilerak ondorioak. Nik dakidana da ezin direla artea eta artista bereizi, ezta artea eta haren eragin soziala ere. Dakidana da hitzak esan egiten duela, eta esateak ordezkatu. Zer ordezkatzen dugun, zer ordezkatu nahi dugun, zerk ordezkatzen gaituen… ez dakit, ez dakit.

Hala ere, bat da gaiaren planteamendu zehatzarekiko ardura errepresentatiboa eta bestea da gai irekien baitako kokapen pertsonala. Bertsolari beltzik ez dagoela eta pertsona beltz baten azalean jartzen garenean, zertan ari gara? Espazioa ematen ala kentzen? Gatazkak kontatu nahi ditugu, zaurgarrien zauriak kantatu, xumeak hanpatu, zapalduak zanpatu, ederrak zantartu… zuk ez al daukazu minik?

Zergatik agertu ziren Xilabako finalean hiru trans eta bi beltz?

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Nik ez dakit, e. Nik dakidana da esaten, sentitzen eta eragiten dudala neure gorputzetik politikoki, eta ziur nagoela marika, lumaduna, euskalduna, femeninoa, gaztea?… izatea politikoa dela. Erabaki bat dela. Ondorioak dituela. Nik dakidana da, ondorio horiek jasatea ekidin duen gorputz batek, normari obeditzea erabaki duen subjektu batek nire izatea bere mihian darabilenean pribilegiorik txikienari uko egiteko arriskurik gabe bere fikzio abstraitua errentagarria egin dakion, mmmmm erabilia esatea gehiegi izango da beharbada?… mindua?… ukitua sentitzen naizela. Arraro, deskolokatuta eta antzu.

Zergatik ez da sekula kantatzen eiakulatzaile goiztiar baten traumari buruz? Zergatik ez da inoiz kantatzen sexu analaren proposamena onartzeko beldur den gizonaren ahotsetik? Zuk ez al daukazu horrelako minik? Zergatik ez zaizkizu gatazkatsu mahaigaineratzen dituzun gatazkak?

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Eta sormenaren mugak, zentsura eta autozentsura, fikziorako zilegitasuna, etiketetara kondenatzearen izua, artearen balio estetikoaren garrantzia, epikaren etika, gaien gaineko lanketa, sortzailearen gorazarrea, damuaren kudeaketa, pertsona zehatzen betoa, intersekzionalitatea, inprobisazioaren estua… nik ez dakit, e.

Nik, berez, ez nituen gauza hauek esan nahi. Galdetu egin nahi nituen, gehienez ere. Ez nazazue lintxatu hurrengo bertso-saioan, mesedez. Nik ez dakit, e.

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

 

Aner Peritz

 

Nori kantatzen gaituzte?

 

 

Musika:

  • – Kai Angel
  • – Ibil Bedi, “Egurrezko eskuotan”
Nori kantatzen gaituzte? Nori kantatzen gaituzte?