Aitor Sarriegi: Izendun sobreak
Izendun sobreak –
Eta zenbat kobratzen duzue? A, libre zaude, primeran. Gauza bat, ez dago diru askorik… ea zer lortzen dugun. … edo diru-konturik aipatu gabe lotutako saioak. Bertsotan plazan kantuan aritzeak badu askotan ezkutuan geratzen den aurpegi bat. Bertso-plazaren, antolatzailearen, bertsolarien… arabera ordain desberdineko saioak egin izan dira eta egiten dira. Ez da beti alde berera erortzen den balantza, saio asko dira jakintzat eman eta ordain egokiarekin (eta batzuetan merezi baino gehiagorekin) bukatzen direnak. Tarifa finkorik ezak eta baliabide eta motibazio desberdineko plazek urtetan izan dituzten ondorioak dira.
Negoziatzea tokatzen denean askotan azaleko negoziazioa dela esan daiteke: ordaintzailearen eta bertsolari negoziatzailearen azalaren araberakoa, alegia. Bertsolari negoziatzailea. Zer uste zenuten, bada, hau banku-lapurrekin negoziatzearen parekoa izatera irits daiteke.
Normalean bertsolari ibilia edo beteranoa izaten da negoziatzailea (edo, zuzenean antolatzailearen deia jaso duena). Badira bertsolari bakoitzak antolatzailearekin bere aldetik hitz egindako saioak ere, eta ai, hor komeriak sortzen dira.
Hitz egin dezagun sobreez. Saio askotan izen-abizenak idatzita dituen sobrea jasotzen du bertsolariak, demagun, M. Rajoy azalean letra larriz idatzita. Txintik esan gabe poltsikora, eskerrik asko eta hurren arte. Zer nahi duzue esatea, ezteietan ezkonberriei ematen zaienaren pareko zerbait iruditzen zait; halakok hainbeste, beste halakok paper hutsak… eta ez beti kontrarako. Aurten bertan gertatua, antolatzailearekin kopuru bat adostu eta hasieratik beste bertsolariak gutxiago kobratuko zuenaren errezeloa. Zegoena erdibana egingo genuela esan arren izendun sobreak jaso eta beste bertsolariari esatean berak ere sobrea jaso zuela hark. Trukatu egingo genuela orduan, eta gauza garrantzitsu asko bezala komunean konpondu zen kontua: erdi eta erdi. Ordaina bera bada izendun sobreak jasotzeak, onerako zein txarrerako, konfiantza ez al du…
Ezaguna da eta askotan kontatu / entzun izan dugu Uztapide eta Joxe Lizaso -artean gaztearen- istorioa ere. Bertso-saioa bukatu eta “Ederki aritu zarete, Uztapide! Zurea hainbeste izatea pentsatu dugu eta gazteak erdiarekin nahikoa izango duela”. Eta Uztapidek: “Erdia? Izatekotan alderantziz. Honi nere bikoitza kostatu zaio gaurko lana egitea”.
Plaza-motak plaza-mota eta negoziazioak negoziazio, bada gutxi-asko mantendu den idatzi gabeko ohitura edo arau (deitu nahi den bezala) bat: lan berari ordain bera. Azken urte luzeotan Bertsozale Elkartearen ekimenetik abiatutako Lanku Kultur-Zerbitzuek onura asko ekarri dizkiote bertsolarion egoera laboralari. Egokitasun fiskalerako aukerak, aholkularitza, jardun profesionalaren bateratze edo estandarizazioa tarifetan, esaterako… baina juxtu aipatu berri dudan alorrean diferentziak sortu (edo nabarmendu) dira gu bertsotan hasi ginen garaitik.
Lankun bertsolariak mailaka antolatzen dira eta maila bakoitzak eskaintzen den jardunaren araberako bere tarifa du. Bertsolari bakoitza libre da bere burua edozein mailatan kokatzeko; egia da Lankuk proposamena ere egiten duela, plazan gehiago dabilen bertsolariari mailaz igotzea sarri proposatu izan dio, esaterako. Orain 30 urte bertsolari hasiberriak herriko festetan txapeldunaren ondoan kantatzen zuenean jornal bera eramaten zuen etxera. Gaur egun, ordea, plazan lehen pausuak ematen ari den bertsolari batek Lankuko A mailan jartzeko eskatuko balu, ze erreakzio sortuko luke? Eta… inork ikusten al du eskolarteko adineko bertsolari bat eskaera hori egiten?
Aurtengo uda. Bertso-plaza ezagun eta ohizkoa eta bertako bertsolari gazte bat nabarmendu da saioan. Bere ordaina oholtzako beste zenbaiten herena izango zen.
Ez dakit zein den modua. Ez dut uste bertsolariak mailakatu ordez bertso-plazak mailakatzea denik soluzioa (erraza ez delako, batetik, eta lehen aipatu dudan azalaren arabera kostuak jaisteagatik edozertarako prest dagoen kultur-dinamitatzaile asko dagoelako, bestetik). Agian merkatuaren legea dela sinetsi eta geuk ere geure egin dugula onartu beharko dugu, baina nire aldetik izendun sobreak desagertu batetik eta, bestetik, bertsolarien lanak merezi duen ordain duina berma dezakeen funtzionamendu hobe baten bila saiatzea egokiagoa dela uste dut.
Bestela, alferrik beteko zaigu ahoa saio osteko tragoan Joxe Lizaso eta Uztapiderena kontatzen, parekoaren hirukoitza kobratu eta agian, tragoa ere berak ordaindu digunean.
*Musika: Peter Gresser – No Rocking in the Jazzhands Zone