Ttakun eta herren. Udalekutuko bagina?
Ttakun eta herren. Udalekutuko bagina? –
Manex Mantxola
Uda da. Urtaroen asteburua. Oporrak, urte osoan zehar lan egin dutenentzat, eta lana, urte osoan oporretan gaudenontzat. Herrietako jaiak, hiriburuetakoak, pueblora bisitak, eta giriak, Zarautzen. Baina batez ere, bereziki eta gehienbat, ideia nagusia, egia absolutua eta mundua birarazten duen trending topic-a hiru silabatan labur daiteke: #ZeBero!
Euskal Herriko igogailuetan ez da besterik entzuten. Hainbeste erabili da esamoldea, hamaika aldaera daudela gauza bera esateko. Nahiz eta, inor gutxik izango duen Joxe Landak bezalako oparotasunik eguraldi iragarpena poesia mailara eramaten. A zer plazera Joxeren bizilagunena berarekin igogailuan elkartzean, eztia belarrian. Baina, noski, denok ez gara On Joxe.
Herri xehearengana itzuliz, jendea entzun daiteke esanez ‘Ze-bero’ egiten duen, ‘hau beruna!’, Dragoi Bolako “eguzki-hozkada” gogoratuz. Edo kexaka, Lorentzoren erruki faltaz; Lawrence anglosaxoientzat, Arabiakoa hain zuzen. Azken horren Arabia Handia zabaltzen doa eta ohikoak dira Afrikar kontinentearen mugak zedarritzeko eztabaida geopolitikoak ere. Muga Ebron jartzearen aldeko ildo berriak gero eta jarraitzaile gehiago ditu, baina bada Pirinioetaraino igo nahi duenik ere.
Albistegietan ere, udako erritmoak ezarritako nobedade faltari aurre egin nahian edo, letra larriz adierazten dute merkurioa Freddyren ahotsa baino altuago dabilela eta aitona-amonak leku fresko eta lehorretan kontserbatu behar direla; gehiago irautea nahi bada, noski. Gauza bera hitz desberdinez, egunero. Eta harritzen naiz. Arraroa delako bistan dena errepikatu beharra, baina arraroagoa litzatekeelako agian, aipatuko ez balute. Amaierako ordu erdiko Eguraldiaren monografikoaz gain, esan nahi da. Albistegia, hasi eta buka, eguraldiari buruzko sandwich batean. Izango da, gezurrak errazago irensten direla egiatan bilduta. Eta mendekua ez bezala, hobe dela bero zerbitzatzea.
Hala dira gauzak, hotzetik babestu zaitezke, baina berotik ez. Heriotzak bezala, berdin hartzen gaitu denok bere izerdi itsaskorrean. Eta ez aipatu, mesedez, euskal itzal itzel tradizionalaren aurrean, aire girotua deritzon birus-fabrika eztarri urratzaileen menpe bizirauten duen gizagaixorik, ez eta gizalegezko kanpin proletario baten ordez, furgonetaren aldeko hautua egiten duen euskal furgesia berririk. Horien konponbidea gaitza bera baino makurragoa delako, klase ikuspegi batetik behintzat. Hain zuzen ere, klasea baita beroaz gozatzeko behar dena.
Ni, ordea, gehiago joaten nintzen klasetik, klasera baino. Eta saiatu nintzen aldizkari honen patronala osatzen duten eta nire garun egosiak isurtzen dituen hizkien plusbaliatik bizi diren kapitalista dohakabeei azaltzen: nire lan-indarra Ferrero Rocher bat bezala dela. Udan kalitatea galtzen duenez, nahiago dut ez saldu. Baina gutxi axola zaizkie hauei kalitate kontuak. Badakizue, kapitalismoa zakur bat bezalakoa da, makila gero eta urrunago botatzea besterik nahi ez duena.
Hortaz, hemen nago kafea amaitu berri, orri zuri baten aurrean, ordu erdiz ideiak eguzki zitalpean lehortzen. Nire azala terrazako aulkiaren plastikoarekin fusionatzen den bitartean, parkeko guraso rookiez errukitzen naiz. Itzalik apenas, ziburuetan gora eta behera dabiltzan haur hiperaktiboen bizkartzain eta esklabo. Iratxo nekagaitz horien ardura soldatapeko profesional tituludun batzuen esku zegoen garaien nostalgiko, ikasturtea berriz noiz hasiko zain. Eta jabetzen naiz badirela merkatuen kontroletik at salerosten diren lan-indarrak.
Ederra bezain gogorra izan behar du. Militantzia hutsa. ‘Burua hotz eta bihotza bero’ oso lelo aproposa iruditu izan zait beti, baita umeen zaintzari dagokionean ere. Irakurtzen zaie aurpegian, pazientziaren erreserbako pilotua piztuta daramate beren seme-alabaei zabuka dabiltzala, eta galdera bakarra buruan: Nola desegin garatu gabeko gure segurtasun kopia mediokre hauez beste bi astez? Eta Vicky bikingoaren sudur igurzketa baten ostean, zerutik bezala datorkie erantzuna kolorez eta aurpegi irribarretsuz betetako triptiko batean: Udalekuak!
Hain zuzen ere, horixe da ale honetan sakontzea gustatuko litzaidaken gaia. Eta hau Bertsolari aldizkaria izaki, ez dago aitzakia hoberik Bertso Udalekuei buruz idazteko. Ohitura bihurtzen ari den bezala, nire idazkide Saioa ni baino aditu eta arituagoa da gai hauetan. Beraz, berak konta dezala barne ikuspegitik, eta ni kanpo azterketa enpiriko hutsera mugatuko naiz, hots, zein aldaketa ematen diren udako sekta txiki hauetan parte hartzen duten subjektuengan, aurretik eta ondoren.
Ohiz kanpoko fenomenotzat daukat udalekuena. Zaila da bereizten zer den mitoa eta zer egia, baina dakidana da irauten duten hamar egun eskasetan urte osorako hilerokoa sinkronizatzeko bezain harreman estuak egiten direla bertan. Lotsa izateaz bakarrik lotsatzen ikasten dela eta hauek arropak bezala erantzi daitezkeela. Ez dela abesten jakin behar abesteko. Ez dela dantzatzen jakin behar dantzatzeko. Maitatzerakoan garrantzitsuagoa dela nola maitatzeko den, zenbat baino. Azken finean, hitz bakarrean laburtu beharko banu: xamurtasuna. Hain zuzen ere, gaur egungo hezkuntza arautuan apenas lantzen den eta pertsona emozionalki osasuntsuak izateko nahitaezkoa den hori.
Ezer bada Bertso Udalekuen funtsa laburtuko duenik, hori Elefante Kateatuaren ipuina da. Txikia zela, hesola bati kateaturik zeukaten ihes egin ez zezan. Handitu zenerako sinetsita zeukan ezin zuela ihes egin, gai zen arren. Bakoitzak, haur, gazte zein heldu, bere kateak dauzka eta horiek hautsi ahal ditugun arren, sarritan albokoen babesa behar izaten dugu, gai garela sinesteko. Neurri batean, uste dut hori dela udalekuen funtzioa, mugak gugan daudela baina aldatu ditzakegula ikastea. Honekin batera, Pigmalion efektua, hots, hezitzaileak haurrarengan proiektatzen dituen aurreiritzi eta aurreikuspenek honen emaitzetan eragin zuzena izatea, oso positiboa izan daiteke udalekuetakoa bezala giro ireki eta anitz batean.
Hortaz, bertsoa, agian, ez dute hainbeste landuko. Maialen Lujanbio bat ez da hamar egunean egiten. Baina gure haur eta gaztetxoengan duen eraginean baino, hobe genuke terapia horretatik ikasiko bagenu. Horren premiarik bada, helduen munduan delako. Horregatik galdetzen dizut, Saioa: Nola litzateke bizitza udalekutuko bagenu?
Saioa Alkaiza
Muxu plakajea dago mahairen gainean gosaritarako, eta txarteltxo bat eman dizute. Doraemon jartzen du, eta badakizu Nobita dioen tokian eseri beharko duzula; agian, asko ezagutuko ez duzun norbaiten ondoan. Baliteke Euskal Herriko beste puntatik heldutako inoren alboan izatea, euskaraz egunero bizi dena, zuretzat eskolako hizkuntza baino ez den hori bizimodu daukana.
Eta, bat-batean, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren erretratu bilakatzen da aterpetxeko sukaldea.
Gero, beldurrak marraztea da eguneko lehen ariketa, denen bistan, esatea zerk izutzen zaituen, noiz eta nola, eta muinean biluztea da egin beharrekoa, kolektibotasunaren babesak jantzi zaitzan. Pintatu dituzu beldurrak, zuk eta denek. Koloretako horma-irudi batean daude orain norberaren ezinak, elkarren gerizpean ezaxolago, beldurtzen zaituzten beldurrak, baina ez lotsa.
Eta lotsarekin aritu zara gero, aurpegiz aurpegi: loredun soineko bat, lepaldean; peluka horia, buruan; galtza motzak, belaunburuetan. Eta, derrepentean, antzerkiko aurkezlea zara; ia ez dakizu nola. Lotsagorritu zaizkizu masailak eta, ondoren, barre. Barre lotsari eta zeure buruari, eta piropopostan bertso bat idatzi duzu. Zuk inoiz bertsorik idatzi ez duzun horrek. Zer da, bada, lotsatzea ez bada besteen begirada norberaren azal egitea?
Xamurtasun gauean, non jarri asmatu ezinik zaude, zein eskuk ukituko zaituzten jakin gabe, zein besok besarkatuko: eta barru-barruan, zu dordoka bat zara, eta arrakalatuta daukazu oskola, udalekuetako higaduraren eraginez, eta ez zara ausartzen gelatinazko gorputz hori uki diezazuten. Azkenean, egin egin duzu lehen ariketa, eta nahi gabe, planeatu gabe, bote prontoan, begiak itxita dauzkazu eta are gehiago estutu duzu pareko pertsona.
Bertsoak entzuten dira gitarra soinuz, eta eskailerapean batu zara beste batzuekin, goiz bilakatutako gauean, haizeak dilindan daramatzan bitartean mundu oso bat barnebiltzen duten solasak.
Eta guk, adin muga gainditu dugunok, geure buruari galdetu diogu: noiz eginen dituzte helduontzako bertso udalekuak?