Txirritaren itzal handia. Lapsus tempo - Itxaro Borda
Txirritaren itzal handia. Lapsus tempo –
A2, zuretzat, eskerronez.
Gaua Ereñotzun pasatu nuen.
Lehen aldia zen Gipuzkoako herri txiki horretako etxe batean atseden hartzen nuela. Ez nuen ezagutzen. Damurik. Halatan, maiatzeko goizalde distiratsua genuen. Bertako ezker paretan ausartu nintzen, aterpea eskaini zidanak Goizuetarainoko bidaia prestatu bitartean. Gustatu zitzaidan pilota plazaren hormen gristasun askotarikoa, halaber marra zuriek lurrean eta espazioan moldatzen zuten angelu besta sinestezina.
Lagunak urrunetik deitu ninduen. Zeinuak hamarrak jo zituen.
—Etorri!
—Bagoaz orduan?
—Bai, Urumea ibaiaren ertzetatik ibiliko gera, Trabuko gidari.
Eta berehala, Trabukoren bertsoak xerkatu genituen mugikorrean. Autoaren barnea bete zuen Mikel Laboaren ahotsak, eta bat-batean, geografia karta bat hedatu zitzaigun garunean, kliska-gorritan piztu Elama, Berdabio, Goizueta eta Arrantza agertuz. Abestia, hiruzpalau bider hauteman genuen, isiltasunik handienean.
Hernaniko auzoa da Ereñotzu. Laborantza eta bizigunea. Sagardotegi ospetsuak badira patar piko batzuen kaskoan. Batzuetan luiziek bide horiek mozten dituzte. Pazientzia behar da. Urteko sagar arno preziatua dastatzera joateko pazientzia hots…
Gipuzkoa sakonaren bihotzean geunden. Donostian, Tolosan edo Orion gaudenean, ezin da Gipuzkoa sakona imajinatu, urbanizatua eta gainpopulatua delako… baina haran hauetan, bai, zinez, iruditzen zitzaidan herrialdearen erro errealak hunkitzen nituela. Urumearen magalean, banekien Obaba edo Otzetaren moduko leku mitikoetan nengoela, malenkonia zerbaiten gatibu, iraganaren uhinetan preso eta aldi berean orainaldian igerika. Sentsazio bitxia zen: euskal hiriaren zale amorratuak ginen eta euskal baserriaren nostalgiko kontsolaezinak.
—Denbora badezu, ezta?
—Bistan dena, lasai. Zertarako bada?
—Zerbait erakutsiko dizut.
Lagunak eskuinera bideratu zuen autoa eta ibai baten gaineko zubia zeharkatu ondoan, oroigailu gotor bat seinalatu zidan behatzaz. Harri potoloz osatua zuen zutabea, eta gainean, gizon baten bustoa zetzan, txapela buruan, gusturik hoberenean inguruari so. Latxen ginen, Usoko errekaren ezpondetan: monumentuaren maldako alkohol, ikatz eta mundrun lantegi ohiaren hondarrak bezain Txirritaren sortetxe eroriaren horma zaharraren oinak bustitzen zituen isuriak, bere burua Urumearen sabel likidora bota aitzin.
Bat-batean, lagunaren boza airostu zen:
—Tatata… Jose Manuel askotarikoa. Alias Txirrita!
—Zein? Txirrita bertsolaria?
—Besterik ezagutzen dezu?
Irriz lehertu ginen. Arrazoia zuen, besterik ez zegoen. Nahiz eta biek Lujanbio garaikide bat ezagutzen genuen, hau ere bertsolaria, eta nolakoa! Maialenek, bertsoz bertso, zoratzen gintuen, aztoratzen, oraindik ere bertsolaritza maitatzeko gure estakuruetatik bat izanez.
Emozio zizta bat sentitu nuen. Argazkiak eta selfiak eginik, orain halakoa baitzen usantxa, Txirritaren hargin andaluza eta txurro saltzailea oroitu genituen, Goizuetako misioak eta norteko ferrokarrilaren lehen burrunbak ere. Bertso haien zati osoak gogoz kanta genezazkeen, hainbatetan entzunik, Xabier Lete eta Antton Valverderi esker.
Buruz buru jarri ginen, bertsolari plantan.
Hasi nintzen:
Frantses eskualdun bat etorri zaik
ipiñitzeko bertsua,
harri tzar honek ohoratzen hau
hi bertsolari maisua,
Adiskideak bukatu zuen:
hire trenpua maite diagu
hire barre on goxua,
gurekin habil, itzal handi bat,
gure jaun amorosua…
Tzipi-tzapa hurbiltzen ikusi nuen.
Egun hartan euri xehea egiten zuen. Lanbroa. Larruko poroak oro emokatzen zituen zirimiri arin batek. Egun egokia zen tabernazulo batean tapalakatzeko. Jendez mukuru zegoen, baina denek beren edari-janariak mutur pean zeuzkatela, bake une batez goza nezakeen. Leihotik beha nengoen eta Ereñotzu aldetik zetorren gizon lodikotea begiz segitu nuen, matoa eskuan, euriarekin pataskaz.
Aurkeztuko dut nire burua: Aranbideko Benta deritzon ostatuko langilea naiz. Maitena. Eraikuntza berria da, Goizueta eta Aranorako bidegurutzetik ez sobera urrun. Nafarroa bertan dago, Leitza hogei kilometrotan, handik Iruñera heltzeko legoa gutxi geratzen dela. Bertako sehia naiz… eta nagusiaren alaba zaharrena.
Espero dut noizbait Donostiara edo Iruñera joatea, neskame edo hiri handi horietan diren lantegiren bateko langile sartzeko. Ene ametsa egiaztatu artean, hemen nago, haraneko errota, armagintza, ur zentrala, fundizio, burdindegi, fabrika eta meategietako beharginak zerbitzatzen, ahalik hobekien. Ez gara gelditzen.
Atea bultzatu zuen. Jendetzaren harramantza apaldu zen bat-batean. Aurpegiak oro, kopeta bakar, bortara itzulikatu ziren: traka zapaleko gizona inarrosi zen ur zipo borobila marraztuz tabernako zoladuran.
—Mingaña galdu dezue ala? Ez al dira gizakumeak ganoraz agurtzen?
—Etorri. Zatoz hona…
Hitz egin zuenak aulki bat ekarri zion eta gelan murmurio uhin bat hedatu zen, gizona, bere kadiraren gainera banpez erortzean. Eskuineko besoa goratu zuen:
—Hi, neska, ardotxu bat…
—Berehala jauna! —ihardetsi nion eta barrara ernatu nintzen, adinekoak eskatua aitari jakinarazteko. Baso bat atera zuen eta Nafarroako ardoz erditaraino bete, duintasun ekonomikoaren marra imajinarioa ez gainditzen saiatuz.
Multzo bat osatu zen, irri eta oihu, algara eta laido. Kanpoko euria ahanzten ari nintzen, ardotxoa ekarriko nion bezain laster hasiko baitzen ikusgarria. Mahaietan, solasaldiak garatzen eta hantzen zihoazen berriz:
—Bigarren semea hasi zaidak Fagollagako armagintzan lanean. Hamalau urte konplitu ditik… Baldintza gogorrak ditiztek, izugarriak. Sua eta kea, izerdia eta izua. Baina soldatak nahikoa onak.
—Nekazaritzan baino hobegoak ziur aski…
—Bai… oraino eta negarrez zuek!
—Behargin bila zebiltzak beraz?
—Halako zerbait baduk, bai —sartu zen, ordura arte isilik egon zen ninika berdeekiko mutil zainarta— ontzi gidariak eskatzen ditiztek, Fagollaga, Ereñotzu eta Pikoagan ekoitzi gauzak, mareaz balia, Pasaiaraino eramateko…
Gizonaren trenpua onera itzultzen zela bazirudien. Lehortzea lortu zuen. Eta ardotxoari zor, barnea ere bero-bero zeukala nabari zen. Ondotik iragan nintzaionean, ipurdi mazelatik pasatu zidan ahurra “beste ardotxu bat” nahi zuela xuxurlatuz: ahalketan galdu zen ikara arraro batek nahasi nire gorputz osoa.
Aitarenganako joan-etorria egiten nuela, kantatzeari ekina zion gizonak. Ardoa kokots azpian utzi nion. Begi lizunez eskertu ninduela iruditu zitzaidan. Ene ezinegona areagotu zen. Aitak lasaitu ninduen:
—Egokiro zerbitza ezan, bestela koplak onduko dizkinagu eta taberna ireki berritan ez dinagu fama txar premiarik!
—Nor da?
—Txirrita, bertsolari ezaguna, mingain gaiztokoa… ardotxo baten trukean koplak sortzen dizkin, kontuz eta kontuz horrekin.
Algara mikatzaz askatu zen aita. Garrasi egin zuen:
—Nagusiarena!
Txaloak. Oker elkorrak. Uzkerrak. Zotinak. Giroa are sutsuagoa zen. Ardo zahar urrin zizkolatsua hedatu zen ostatuan. Ardotxoak banatzen aritu nintzen, bezero bakoitzari irriñoa eta arreta eskainiz. Aseak eta beteak zirela erabaki zuten unean, saldoko baten harramantza gailendu zen:
—Hi, bota ezak bertso bat, gaurko giroaren ohoretan…
—Ostatuko zerbitzari moñoñari adibidez?
—Apa hi!
Txirritaren so abilak harrapatu ninduen. Alderik alde mugitzen zituen ñiñikak. Zaintsu. Bertsoa ontzen ari zen, azken lerrotik lehenerako bidea azpatzen, errimak bilatzen, ni nintzen moñoñari begira, zehatz eta bere baitara bildua:
Aranbideko bentan bada giro ona,
Hona etortzen zaigu herriko gizona:
Kanta dezagun danok geure zoriona,
Zerbitzari dugula neskatxa moñoña!
Esku zarta ozenak. Ugariak. Tabernako kantoi ilunetan lotan zeudenak ere iratzartu ziren. Mozkorretatik batek Txirritari erantzun zion eta elizak debekatzen dituen xendretatik lerratu ziren, ni ardo banatzen ari nintzela, elkor.
Eskerrak ostatuetako koplak galtzen direla.
*
Garai haietan, oinezko asko bazebilen bideetan.
Saltzaileak ziren, buhameak, eskaleak eta bentaz benta zebiltzan herresta alfer ezagunak. Haietariko bat naiz. Ttanko deitzen naute eta Ereñotzutik Goizuetarako bideko arroiletan nagitzen nabil, zeregin berezirik gabe, erdi eske, erdi lanean, nekazari edo artisauen lankietan. Udaberrian demagun, belarrak biltzen laguntzen dut bistan dena eta Urumea ibaiaren zurrunbiloek martxarazten dituzten zentral elektriketan, esku-ukaldi baten premia dutenean, orduan, hor nago ni. Txapon apurren trukean.
Ez dut ahanzten, mendearen atarian, burdinkiak Elamatik Errenteriara eramateko trenbidea eraikitzen aritu nintzela, Andaluziatik, Extremaduratik edo Galiziatik etorri beharginekin batera. Ikazkintzan ere trebea naiz, teila eta adreilugintzan bezainbeste. Ez dut sekula lan finkorik desiratu, libre egon nahi baitut, orduak eta zereginak hautatzeko. Etxerik ez daukat: ene aterpetzeko prest direnak badira, kontatzen ditudan istorio harrigarriak maite dituztelako.
Bakarretan, egoitza edo burdindegi abandonatu baten aizolbean pasatzen dut gaua. Bereziki udan. Paradisuan banintza bezala sentitzen naiz Urumearen gerizan. Errekaren xuxurlak egiazko sehaska-melodiak dira niretzat, nehon ez dut hoberik kausitu, amaren magaletik urrunduz geroztik: bihurgunez bihurgune jaisten da Urumea, Ezkurra mendian behera, eta nire antzeko ijitoentzat zinez abegikorrak dira bere ezpondak. Eta natura eskuzabala da, askotan sendiak eta adiskideak baino gehiago.
Txirrita bertsolariaren konpainian egin nuen bidea behin. Laguntzaile gisa alabaina. Bihotza eskumuturrean dudalako. Besotik helduta aitzinatzen ginen, trinkili-trankala, ondoan neukan gizonak bere matoaz lurra mailukatzen zuela. Marmaraz ari zen, bizkarreko mina, aztalpekoa, lepondokoa, sorbaldakoa, ene dolore meta nomada kuttuna. Akitzen zenean, haren hatsanka dorpea entzuten nuen eta bat-batean xendra ertzeko harri borobil baten zapalean atseden hartzea proposatzen zidan:
—Hemen diagu pausatokia. Atera ezak ardoa…
—Bai Jose Manuel Lujanbio jauna, hori egina zegok! Zer berri hor gaindi?
—Zaharrak berri…
Ardo botila ezpainetara eramaten zuen, trago luzeaz gozatzeko: zenbat maite zuen aihenaren odol malgua! Matelak gorritu zitzaizkion. Indarberritzen ari zela iruditu zitzaidan. Hitzaz askatu zen:
—Ikusi al dek Aranbideko Bentako zerbitzari moñoña?
—Nagusiaren alaba dek, alaba xarmagarria, gozoa eta bizia… koplak egin omen dizkiok!
—Bai, eta barre egin genian… —isiltasun alegera bulta batetik landa: bazekik Errezilgo plazan ninduala herenegun, Pello Errota eta Udarregirekin kantari. Uste diat pasatu egin ginela…
—Zuek pasatu? Pentsa!
—Apur bat, baina hauxe ikasi nian, Larraulgo sei haurrideko familia oso bat Ameriketara joan zela aitzineko astean, etxea hutsik dela gaurdanik eta orain Larraulgo elizako zeinuak debaldetan jotzen dituela orduak…
Botila ebatsi zidan salbaiki. Ahoratu zuen, erraietan nabaritzen zitzaion tristura itotzeko bezala ari zen draga-draga. Emozioek porroskatzen zuten gizona zelako. Begirada alaitu zitzaion, eta Txirritaren hitzek, berehala, Hernio maldako herri hartako plazara bultzatu ninduten.
Begira geratu zitzaidan. Pentsakor. Bertsolaria eta eskalea, biak “alprojak” ziren jende arruntarentzat. Ez gintuzten askotan ikusten eliz barneetan, are gutxiago kofesategietan. Txirrita alta, nahikoa atxikia zen fedezko urratsei, ez nekien kuriositatez zen ala egiazki sinesten zuelako gure Jainko potoloarengan. Irakurriak nituen Goizuetako Misioei zegozkien bertsopaperak, Hernaniko Andra kale kantoiko itsuak salgai zeuzkanak. Trufa merkea eta seriotasuna aldizkatuz idatzi zituen Jose Manuel gureak. Baina, tematsu, Errezilgo saioa zuen buruan:
—Asteasutik, Alkizatik, Bidaniatik eta Andatzan barrena Usurbildik etorri jendea hor zegoan, hiru bertsolarion inguruan, borobilean trinko, bakoitzak bere zerbeza, sagardo eta Kubako zigarroa eskuetan zuela. Pello Errota hasi zuan zirikan, Udarregi eta biok ez gintuan atzean geratu, ez horixe…
—Giro ederra beraz…
—Bai, prezisamente, desafioa bota ziguan asteasuarrak, eta gu erantzutera atrebitu gintuan, publikoaren txaloekin. Eta bertsoz bertso jenioa txartzen hasi zitzaigukean. Ikusleek parioak egiten zitiztean, kopla nork errematatuko zuen aurren, alde, aurka. Baina luzatzera jotzen genian guk, ez gintuan aspertzen, nola nahi dek aspertzea horrelako konpainiarekin…
—Ostalaria ez zitekean haserre: gizaki egarrituak, giro beroa, dirua barra-barra… zer diok hik?
Hitz-gabetu zen Txirrita. Hatsa hartzeko eta agian oroitzapenak sailkatzeko.
Kantuari lotu zitzaion, pozik:
Hiru lagunak beti, beltzak ikusita,
bizi gera preziso bertsotan jarrita.
Lagunekin ein degu Usurbilen zita,
eiteko gogo onez, gordinak bizita,
Benta Zikinen neska politei bisita!
Matoa altxatu zuen, karkara gordina ozenaraziz. Abiatzeko tenorea genuen. Txirritarekin ez zen leku batean errotzeko betarik.
*
Auto zuri bat gelditu zen, eremu berdeak zaintzen ari zela zirudien Txirritaren oroitarriaren parean.
Gidariak, begiak zulo, bi pertsona ikusi zituen harriaren oinetan, lo. Autotik jaitsi zen eta duda izpirik gabe, bietatik baten sorbalda hunki zuen, eztiro, hilotzak zirela beldur balitz bezala.
—Zer? Goizetik unatuak?
—Jauna… baina nor zera zu?
—Izeneder etxeko nagusi zaharra. Bide horretan gora bizi naiz.
Banpez zutitu ginen. Begiak torratuz. Gorputzak inarrosi genituen ogi zaku astunak baliran. Lo arraroak gure buruetan hazi irudiak memorian biribiltzen ari ginen, aitzinean genuen gizonari begira. Ausartu nintzen:
—Txirrita ezagutu zenuen?
—Ez… gazteegia naiz, laurogeita hamasei urte ditudan arren. Baina, bai, gure baserrian Txirritaren itzala indartsua zan. Gurasoek eta auzoek kontatzen zituztenak ere oroitzen ditut.
—Oroitzapenak norenak dira, besterenak ez badira?
Oharrak, gizona harritu zuen. Irriz zartatu zen. Ateraldia borobilegia iruditu zitzaion, menturaz. Eta hala zen. Umiltasun gehiago beharko nuen.
Izeneder ez zen kikildu:
—Kriston bertsolaria zan Txirrita, adi eta bere kopla harilkatzeko prest, ikusten, entzuten edo ikasten zuanaren arabera. Trufari handia ere bai…
—Bera eroriko dek ez zekiok bultza… —murmuratu zuen adiskideak.
—Zure lagunak izpiritua argi dauka! —erran zidan behatza kopeta ondoan bermatuz.
Haritik tiraka nenbilen ni:
—Urumeako eraikuntza gehienak beraz hargin andaluz batek eginak direla ematen du, hauetatik asko erdi lurrean direlako engoitik…
—Zer ezagutzen dezu Urumeako bailaraz?
—Han izanik hona naiz.
Nire erantzunaren laburrak, bidaidearen ezinegona areagotu eta irri leun bat marraztu zuen ezpainekin, begiak hotz geratzen zitzaizkiola. Berehala, egoera jabaltzeko, berak ere, nire antzera, istant batez, denboraren isurian, haustura bat jasan zuela salatu zidan, beste gizaldi eta beste jende batzuekin ibili zela iruditu zitzaiolako: Txirritaren garaian ginen, Urumearen uhinetan, mende urrunetako giro eta zereginetan leporaino sartuak.
Gurekin solastatu zen gizon gozoa kotxera igo zen. Eskuz agurtzen gintuen, Latxeko bidetik, errepide zabaleraino gidatuz. Egia erran, ez genekien Izeneder zela zioena, erreala zen ala soilik gure irudipenaren fruitua. Betazalak apaltzean, biek ala biek, Txirritaren figura eraikitzen genuen, gaurkotasunean, haren behako kokin eta ele errazarekin. Bere gaurkotasunean edo gurean, hori ez zitzaigun hain garbi.
Txirritaren baitan genbiltzan.
Denboraren kolapsoan bizituak kontatu genizkion elkarri: Aranbideko moñoñaren miresle eta Errezilgo hiru bertsolari ospetsuen desafioaren jakile ginen. Urumearen hegiak ezberdin hartzen genituen, langilez, jornalariz eta alprojaz mukuru. Urrako tenporalaren leizean behera erori ginela baimendu genuen. Baina gure bidea ez zen Latxe bukatzen, Goizuetara abian ginelako, Zubiondo ostatuan kafea edanez puntuka aritzeko.
Elizara zuzendu ginen sabelak ongi beterik, galdera bat airean: Goizuetako misioetan aurkituko al genuen Trabuko?
2022ko uda, Baionan