TXIMELETEN IRAULTZA
1.
Tximeletak beregan
bizi du iraultza.
Geuk ere galtzen dugu
hegotako hautsa,
gara izan nahi dugun
denaren arrautza…
baina nahiz sentitu hain
txiki ta ezgauza
gugan lo egoten da
maiz pinpilipauxa.
2.
Lozorroan egonak
gara aharrausika,
ametsak debekatu
zaizkigu auzika,
nahiz amesgaiztoekin
eduki gau-zita
hegan atera gara,
aurretik jausita…
(a)inguratzen gintuen
oskola hautsita
3.
Borroka egitea
agian hori da:
saiatzea ez galtzen
geure perspektiba
begi bakoitza bultzaz
behar den tokira,
bat orainera eta
bat lehenaldira,
ta begirada, berriz,
aurrera begira.
4.
Hiru hamarkadatan
bizi eta gero
Nostalgia bihurtu
nahi genuke gero
ginena izaterik
ez dugu espero
garenean ginena
dugu honezkero…
zer garen hautatu nahi
dugu egunero.
5.
Tximeletak nahiz eta
aldatu aurpegiz
nahiz ta aldatu bidez
edo ikuspegiz…
kate bat osatzen du,
aske,kate-begiz…
Berdin ikasi dugu,
JARRAIz,HAIKAz,SEGIz…
etengabe eteten,
etengabe segiz.
Alaia Martin