Ttakun-herren: Nola kateatu, ordea?

Iñaki Gurrutxaga-(r)en argazkia Iñaki Gurrutxaga 2019-02-06

Nola kateatu, ordea? –

Egin duzun azken galdera bera nahiko galdera sorgina da, Izar. Benetan, zenbateraino nahi du bertsolaritzaren ekosistemak jende gehiagorengana iritsi? Gai ote da saturatu gabe, kosta ahala kosta, orain baino gehiago hedatzeko?

Nola kateatu, ordea?

Nago ertzetara zabaldu nahi dugula eta gakoa transmisio bertikalean dagoela, belaunaldien artekoan. Ez da nire tema berezia bertsozale ez diren lurraldeetara iristea, ez behintzat misiolari baten moduan.

Aipatu dituzu pantailak. Lau urtean behingo pantailarik distiratsuena BECen kokaturik dugu, eta bertara euskal hiztunen hirutik bat begira jartzen omen da. Kopuru ikaragarria da. Baina, eta hemen dator ifrentzua, BEC ez da batere erakargarria aipatzen zenituen hezkuntza arautuko milaka ikasleentzat. Ez eta bertso eskoletako asko eta askorentzat ere. Haur eta gaztetxoentzat gehiegi da, ez da haientzat pentsatutako zerbait. Horregatik, zabalkundearen zenbaki handi eta potoloak hanka-puntetan ibili beharreko bideak direla esatea. Etorkizuna ereiteko, beste era batera landu beharko da lurra.

Zenioen belaunaldi berrietara egokitzen asmatu duela bertsoak. Gizakume postmodernoaren ajearekin, dena dela, esan dezaket gure mundua azken 30 urteetan aurreko mendeetan baino gehiago aldatu dela. Gure mundua, eta baita gure mundutxoak ere. Bertsoak hainbeste urtez iraun du eta baliagarri izan zaigu, komunikazio-tresna apartekoa izan delako. Aparteko, baina aldi berean soil-soila.

Zer gertatu da, ordea? Irudiaren gizarte bihurtu zaigula gure hau, eta hitz hutsezko jardun batek hor kokatzeko bere burua derrigor berrasmatu behar izan duela. Askotan aipatzen da telebistarako pauso hori mugarri garrantzitsua izan zela, eta bat nator horretan. Baina ez ote dugu zelofanari begira denbora gehiegi ematen? Irudiak inportantzia handia du, baina ez edukiz husten bada. Eta hor dago gako nagusia. Alferrik dira traje berriak, pausaje okerrez ibiliko denarentzat. Ibiltzen ikasi behar da lehenengo. Guk ere egin ditugu bertsoaetaauskalozer moduko performanceak eta, zer nahi duzu esatea, bertsoak ez badu funtzionatzen, nekez funtzionatuko du gehitu diogun aditiboak. Telebistan ere gauza bera: estetikak izango du bere inportantzia, baina bertso onak behar ditugu. Hara hor eztabaidarako gaia: bertso ona? Zein dira bertso onak?

Bestetik, ez ote da plazaz plazako jardunerako kontraproduzentea hedabideek bertso onenak bakarrik plazaratzea? Saioak, badakigu, ez dira galbahetik pasatako bertsoz bakarrik osatzen, denetarik izaten da. Lehenengo aldiz saio batera doanak, in situ bestelako saiorik entzun ez duen horrek, ez al du zaplaztekotxoa hartuko, normalean, berak espero baino saio apalxeagoa entzunda?

Positibista naiz, dena den. Gaia eman-isiltasuna-kontzentrazioa-kantu inprobisatua-entzuleen erreakzioa baino performance soil eta arriskatuagorik ez dut uste dagoenik. Eta hori tartean pantaila bat dagoen bitartean, ezin da berdin bizi. Horregatik, gaztetxoenekin eskoletan egin izan ditugun saioetan flipatzen dute horrenbeste. Bideoz bertsolariak ikusi izan dituztenek ere, ez baitute sormen-unean gertatzen den magia hori bizi izan. Youtuben bideo-tutorial bat ikusi edo aurrez aurreko erakustaldi bat ikustearen parekoa da diferentzia.

Gaur egun Bertsozale Elkarteak transmisioan duen sarea esango nuke historikoki izan dugun bitartekorik potenteena dela. Egia da ez duela etxeko transmisioak duen lotura afektiborik sortuko, baina kuantitatiboki eta lurralde ikuspegitik inoizko eremurik zabalena du, gaur egun, bertsolaritzaren fenomenoak. Gu ere hor gabiltza, haur eta gaztetxoekin lanean, eta beren kontsumo-ohiturak ere egunero ikusten ditugu. Hitzetik Hortzerak azken urte luzeotan funtzio garrantzitsua izan duela aipatu dugu lehen ere, baina

Europa bezala geratzen ari da, zaharrontzako bizileku bat da. Gazteagoek bertsoa.eus plataforma gehiago darabilte, baina horrek ere aurretiazko lan bat dakar, plataforma digital horretara ez da berez iristen.

Askotan pentsatu dut nola ez dagoen bertsolaritzarekin lotutako youtuberrik. Sakrilegioa izateko lotsarik gabe. ETBn bada haurrentzako saio bat, 3zpa4. Bertako pertsonaia batek garbi azaltzen du bere zaletasunen artean bertsolaritza, eta bertsoak kantatzen ditu, baita aipamen historikoak egin ere —Xalbadorren txistuena entzun nion nik—. Eta, aizue, pertsonaia guai bat da. Haur eta gaztetxoak horrek kateatuko ditu, horrek eta eskolan bertsoa modu ludiko, erraz eta sortzaile batean bizitzeak. Ez BECek, ez Hitzetik Hortzerak. Doraemonen agurrak, eta ez Maialenen Irungo saioak.

Hori bai, umetan kateatu denari, gerora eman beharko dizkiogu orain arte gu gozarazi izan gaituzten saio horiek denak.

Hedatu baino, dibertsifikatu egin beharko genukeela, alegia. Eta inoiz ahaztu gabe oinarri-oinarrian zer garen: hitza eta kantua.

Nola kateatu, ordea?
Nola kateatu, ordea?
Nola kateatu, ordea?