TTAKUN-HERREN: (M)amuak eta Kosk!
(M)amuak eta Kosk! –
Testua: Izar Mendiguren
(M)AMUAK
Mamuak edo amuak, zer ezkutatzen du txapelketak gehiago? Asko dira mikrofonoak isiltzen dituen sentipenak. Ohikoa da hankaluzeak saihesteko atzamarren poltsikoko kontaketa, baina bertsolarien (gai-jartzaile edo epailearen) irrika zein dardara ikus-entzuleak antzematen al ditu?
Ez da broma. Imajinazio ariketa bat egin dezagun: ipini kamera ezkutua txapelketako saio batean, gertatutako guztia jasoko duena. Hedabideetan azalduko den txapeldunaren agurraren azpian sentimendu anabasa dago.
Mamuak dira niretzat ikusi ez baina sinesten diren beldurrak. Amuak, berriz, engantxatzen gaituzten piezak. Eta, bertsoaren bueltan, nork ez du ale fresko eta ederrena nahi?
Jar dezagun lehen fokua bertsozalearengan. Entzuleak txapelketan saio bizi eta borobila espero du. Haren begietara, bertso saioa gidatzea izango da aurkezlearen lan bakarra; eta epaileena teknikoki — eta ahalik eta objektiboen — artelana baloratzea. Txaloz eskertuko ditu bertso guztiak, eta zinez lehertuko da plaza bertsolariak esandakoa gustatu bazaio. Izan ere, bertsoak beti komunikatzen du, baina ez du beti transmititzen. Hor dago lehen koska. Egun horretan kantatutakoaren arabera aipatuko du bertsolari hau edo beste, eta gaiak gustatu zaizkion edo ez. Hiru orduko emanaldia ardatz hartuta osatuko du bere iritzia. Pause. Onartu gogoetarako interferentzia: epaitzea edo baloratzea, zein izan behar da oholtzatik behera dagoenaren lana?
Ekar ditzagun urteetan alboratu diren bertsolarien zenbait egoera lehen planora. Oro har, mingainak, buruak eta bihotzak soilik hitz egingo diote publikoari; agurrean antzeman litekeen ahotsaren dardarak ez bada. Horri gorpuzkeraren, kontaeraren eta kantaeraren eragina gehitu beharko litzaioke; bertsoa ez baita zer esana bakarrik, nola eginak ere ematen du zeresanik. Bertsolariaren begirada kontzentratuan, baina, ez da sumatuko txapelketaren aurreko aste gorabeheratsua, txapelketako saioa izanagatik soinean daraman “presioa”, azken hilabeteetan egindako lana… Emozioen noria bati egingo dio aurre lehiatzen den aldiro, inprobisazioaren atrakzioan momentu batetik bestera goian bezain behean aritu litekeela jakinda. Ezagutu ditut sudurretik odola dariela kantatu duten bertsolariak, baita saioaren aurretik botaka egin izan dutenak ere. Ez noa ezer berririk asmatzen: buruari lar eskatzen zaionean gorputzak hitz egiten du. Zernahi gisaz, koktel potente eta ederra da inprobisatzearen adrenalinak eta bat-batean sortzearen gozamenak eragiten duena. Amildegiaren ertzean irudikatzen zuen artista Bertsolari filmak. Ziurrenik, asko, orduantxe ohartuko ziren airean ger(t)atzen denaz. Latza da. Baita ederra ere.
Txapelketako saioaren aurretik jasotako babes eta animo mezuen indarrarekin egingo du bertsolariak oholtzarako bidea. Txaketarekin batera kenduko ditu kezka eta lotsak. Burua mikrofonoaren alde batera kulunkatzen duela eztul baxua kanporatuta barneratuko du hegan egiteko segurtasun dosia. Amu sentituko du kantatzen hasi aurretik irentsitako txua. Saioa bukatzean, egindako lanaren poz edo penarekin itzuliko da etxera. Une batez bada ere, ihes egiteko gogoa sentituko du; jakin bai baitaki jendearen ahotan dagoela. Bertsolariak ez du publikoa indibidualki ezagutzen, eta kontrara, entzuleari oso gertuko izango zaio bertsolaria.
Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak martxan dauden honetan, Bizkaiko finala gogoan, txapelketaren amu eta mamuez dezente hausnartu dut. Zaleari gozagarria zaio txapelketa, eta bertsolariari pizgarri. Azken hauek mingainak zorroztuko dituzte, eta epaileek lumak. Gai-jartzaileek asteak emango dituzte gai egokienen arrantzan, formulazio onenaren bila. Txapelketaren zurrunbiloak irentsiko ditu asko. Bolada batez, ezingo dute aldendu txapelketaren mamua burutik. Une ezberdinetan agertuko zaie: “Gai polita hau ere”, “zein ideia ona”…
Bertsolariak plazaratzeko balio ei du txapelketak, baita gai-jartzaile zein entzuleak erakartzeko ere. Zentzu horretan, ikusgarritasuna estimatzen dute askok. Amutik harago, baina, mamuak ere badira. Bakoitzak bere buruari jartzen dion presioa izaten da etsai handienetako bat: esperotakora ez iristea.
Aurtengoan uko egin diot finalerdietan kantatzeari. Ez dut behar beste denbora eman bertso eskolan. Inori ez litzaioke otuko maratoi batera entrenatu gabe aurkeztea, gozatuko duela jakin arren. Pisua baino zama bihurtzen denean txapelketa, merezi al du bada debalde sufritzeak? Balantzan jarri behar du norberak zer eman eta zer kentzen dion txapelketak. Eta, aizue, damurik gabe — kostata, eta burujan handiaren ondoren — penaz baina pozik hartu dut erabakia. Ez da munduaren amaiera; are, plazan kantatzen jarraitzeko asmoa izanda. Hogeita hamar urte eta gero ohartu naiz txapelketak — jolasetik harago — duen garrantziaz. Lehia motibaziorako eta hobetzeko amua izan liteke. Baina itsasoa zabala eta mugagabea da, badira igeri jarraitzeko mila aukera. Edozelan ere, bertsoak — eremu erdaldun edo ez hain bertsozaleetan behintzat — beharrezkoa du txapelketa tokia eta gorputza izateko. Zure sentipen, betaurreko eta belarriek nola bizi izan dute erakusleiho hori, Gurru? Zein alde on eta txar ditu bertsolaritzarentzat lehiak?
Testua: Iñaki Gurrutxaga
KOSK!
Amua zuk jarri didazu oraingo honetan, amu guztiak bezain gozo eta zorrotz. Heldu egin beharko zaio.
Bertsolaritza, ezer baino lehen, nik erabateko lehia gisara ikusten dut, oinarri-oinarritik. Bi bertsolariren arteko ziri-sartzea, aurrekoaren esanari buelta ematea, hori da bertsoaren funtsa eta bihotza, nik ulertzen dudan moduan. Gero, hortik abiatuta eraiki den txapelketa formaturainoko jauzia beste kontu bat da. Txapelketa da icebergaren punta, txapelketa da ekosistema oso baten lagina, txapelketa da zerbait handia, oso handia, baina zati hala ere.
Askotan errepikatu izan dugu txapelketak beharrezko direla bertsolaritzaren proiektu orokorrari eusteko. Elkarteentzat diru-iturri dira, beste proiektuak aurrera ateratzeko behar-beharrezko. Bertsozaleen mugimendua artikulatzen duen bisagra ere txapelketa da, bilgune, hizketagai eta leiho. Leiho, barrura sartu nahi duenarentzat, eta leiho kanpora erakutsi nahi duenarentzat ere.
Hala ere, nago gure buruari tranpa egiteko modu bat dela txapelketaren ondorio eta emaitza hauek guztiak ez irudikatzea txapelketarik gabe. Esan nahi baita, gai litzateke bertsolaritzaren mugimendua bere proiektu guztiak sustengatzeko, eta bertsozaletasuna artikulatzeko, txapelketarik gabe? Luze hitz egin genezake honetaz, baina uste dut erantzun pragmatiko baten itzala dela luzeagoa: funtzionatzen duen zerbait bada, utz dezagun bere horretan.
Ez dakit funtzionamendu on horren kostua zein den, hala ere. Txapelketa bat txapelketa izan dadin, parte hartzaile diren norbanako guztiek utzi dituzte euren izerdi tantak oholtzan eta inguruan. Batzuek erre ere bai, noski, izerdi-putzutan.
Txapelketak proiektu kolektibotik bizi izan ditut, ia hasieratik. Zerbait handia egiten ari gareneko konbentzimenduz. Baina horrez gain, txapelketara doanak, bertsolari zein gai-jartzaile — eta neurri batean, epaile —, beretik proposamen indibidual bat eskaintzeko nahia izan beharko luke. Hausnarketa bat egina: zer kantatu nahi dut, nola kantatu nahi dut, zein dira sortu nahi diren eztabaidak, zein azaleratu beharko genituzkeen tematikak, zer da baloratu nahi dudana, zergatik.
Nik neuk eman ditut txapelketa batzuk horren inguruko gogoetarik egin gabe: inertziaz kantari, plazako jardunaren tentakulu bezala, eta ea zer datorren. Azken herrialdekora ere halaxe joan nintzen, baina plazako jardunik gabe aurretik: herdoilak jota. Eta etorri zen etorri behar zuena. Ezin kexatu emaitzarekin, baina errentatik biziz ezin da luzaroan iraun. Sortzailea zortzaile ere bada: errespetua zor dio publikoari. Zuk finalerdiari egin diozu uko, nik Txapelketa Nagusian kantatzeari egin nion, hara hor paralelismoa azkenean. Ez da jardun falta hutsa, ez da entrenamendu kontua bakarrik: entrenamenduek ere planifikazioa behar dute, buruz aritzea, helburu handietarako bideko helmugak. Nik dagoeneko ez dut txapelketara joan nahi nik neuk gozatzeko intentzio hutsez. Txapelketa erakusleiho handi bat den neurrian, han erakusteko zerbait daukagula sinetsita joan nahiko nuke. Areago, iruditzen zait datozen urteotan berriz ere middle-age belaunaldi bat atzera berriz txapelketako oholtza gainean ikusteko abagunea izan genezakeela, azken urteotan bide bazterretik begira aritu ondoren. Sumatu dut bertsogintzak txapelketan eskaini ez dion diskurtso bat beretik sortzera itzuliko den jende bat datorrela bueltan. Ez dator despetxuz, ez dator minetik, ez dator alboratua izan denaren amorraziotik. Alderantziz, ematera dator, esatera eta eskaintzera. Nahiko nuke, behintzat.