Ttakun-herren: Aldatu katea

Izar Mendiguren-(r)en argazkia Izar Mendiguren 2019-02-05

Aldatu katea –

Oharra: Ondorengo lerroek barrena mugitu diezazukete. Sintoma horiek azalduz gero ez da gomendatzen medikuarengana jotzea, norbere buruari galdetzea baizik.

Aldatu katea

Ez dakit sanoa den, baina begitik ere irensten dugu droga: zenbat aldiz (edo zenbat orduz) begiratzen duzu pantaila egun batean? Diagnostiko sakonaren beharrik ez du bistan dagoenak: eguneko 24 orduetan dugu eskura sakelakoa, telebistak betetzen ditu harremantzeko etxeetako espazioak… Komunikazio tresnek menpean al gaituzte?

Gehiegizko kontsumoa gailenduko litzateke ziurrenik kontsultan, baina ez nator suteak piztu edo itzaltzera: bakoitzaren esku utziko dut zeregin hori. Atera diezaiogun erradiografia telebistari: noraino da errealitatearen isla pantailak erakusten diguna? Komunikazio helburuaren arabera, ez al da errealitatearen lagin “hautatu” edo “ideala”? Telebistak bezain luze eta zabal jardun genezake “kaxa tontoa” kritikatzen, baina ez da nire helburua. Aukeran, beti izan dut nahiago dagoenaz gozatzen jarraitzea eta falta dena osatzen saiatzea, kritikatu ordez hobetzen laguntzea.

Kontziente zara? Hainbesteko garrantzia hartu dute kamerek gure bizitzetan, ezen eta gozatzeko unea baldintzatzen baitigute sarri. Honatx bi adibide: bertsolariok ez al duzue sekula metro batera telefono mugikorrarekin jendea grabatzen izan? Eta zuek, bertsozale zareten heinean, nola sentitu zarete Hitzetik Hortzerako kamerak “harrapatu” zaituztela konturatzean? Kameren gehiegizko erabilerak mugatzen al du sormenaren jarduna? Eta entzulearen gozamena? 

Telebista boterea da, zabalpen makina. Horregatik inbertitzen dute hainbeste iragarkietan enpresek… Aldatu dezagun katea, bada, esnatu eta pentsatu: pantailan agertzen dena hartzen du ikusleak erreferentzia edo eredutzat (ona den baloratzea, norberaren esku geratzen da). Gure lurrera itzulita, astero ordubeteko tartea du telebistan bertsolaritzak. Ezbairik gabe, badu tokia pantaila handi zein txikien garaian: zinemari dagokionez, arrakastaz proiektatu zen Bertsolari film dokumentala; Interneten, Bertsoa.eus atarian ehunka bideo daude; telebistan, ETB1en, Hitzetik Hortzera programa dago igandero; telefono mugikorretan, Bertsoa.com aplikazioaren bidez ikus litezke makina bat albiste, ekitaldi, elkarrizketa eta bideo… Gauzak hala —hainbeste baliabide edo proiektu martxan izanik—, nola egin eredu, molde eta ikuspegi anitzagoak plazaratzeko?

Egun, Hitzetik Hortzerako ikusle ez bertsozaleak pentsa lezake Araban, Nafarroan edota Ipar Euskal Herrian apenas egiten dela bertsotan (saio bakanen jarraipena eta txapelketaren berri ematera mugatu dela iruditu zait batzuetan). Edota, nerabe edo gazte batek uste lezake, helduen kontua dela bertsoa: puntako bertsolariak ageri dira normalean programan; oro har, gazte gutxi (nahiz eta sariketetan belaunaldi berrien maila ona islatu). 

Edozelan ere, telebistako plazak baditu bere alde onak ere: arte bidez, dibertsiotik harago, funtzio hezitzailea du; ofizioaren gai edo bertsolariak hartutako bidearen arabera umorea, kritikotasuna edota kontzientziazioa pizten ditu. Nik, behintzat, izugarri eskertu nuen genero aniztasuna lehen lerroan jartzeko Maialen Lujanbio Zugastik azken Txapelketa Nagusian Irunen egindako bakarkako lana: “Gizona eta andrea nauzu: ez andrea, ez gizona / nere inon ez egon nahia ote da zure ezinegona?”. Telebistan edota sare sozialetan hedapen handia izan zuen bideoak egunean bertan. Alegia, denbora gutxian, sekulako hedapen gaitasuna du pantailak (eta publikoa harrapatzekotan bertsoak ere). Nola baliatu erreminta hori, orduan, bertsolaritzaren mesedetan? 

Gogoratzen al duzue Maddalen Arzallus Antiak Puigdemonti abestutako Doraemonen bertsioa? Teleberrin edota sarean bolo-bolo ibili zen. Youtuben ia 60.000 bisita ditu, karaoke bertsioan ere badago ikusgai. Ondorioa: ikusleak ezustekoa nahi du sortzailearengandik; izan ikuspegi, rol edota espero ez zuen zerbaitekin topo egiteagatik.

Alabaina, tarteka iruditzen zait ahaztu egiten zaigula bertsoak duen indarra eta eragina. Bertsoak irakatsi dizkigu Historiako zenbait pasarte: Orioko balearena, Muñagorriren azaña, Behin batean Loiolan gertatua… Ez kasualitatez, gizonezkoak izan dira gehienetan protagonista nagusi: Txirrita, Pernando Amezketarra eta Lazkao Txikiren marrazki bizidunetan bezala. Akaso, zorionez, batzuek egindako lanari esker, hurrengo hamarkadan berreskuratuago eta errotuago egongo da bertsolaritzaren historia, emakumeen lana eta lorpenak jasota. 

Hutsuneak hutsune, ukaezina eta poztekoa da bertsoaren lau oinak ez direla mendeetan zehar puskatu. Bat-bateko zein idatzizko sortek bizirik diraute; ez bertsolarion ahotan bakarrik gainera; hezkuntza arautuan milaka haur eta gaztek lantzen dute bertsolaritza ikasgaien artean. Eskaintza, adin orotara moldatzen asmatu dela esan daiteke beraz. Horren adibide dira Bertsomovieda! lehiaketa, bertso rapa (edo jazza), haur ikuskizunak, antzerkiarekin edo literaturarekin uztartutako saio bereziak…

Hitzetik Hortzerak 30 urte beteko ditu aurten. Egitura, gidoilari eta aurkezle berriekin hasi du udazkena programak. Ilustrazio eta collageak gehituko dizkiete orain arteko osagaiei, besteak beste. Alabaina, nire ustez, haur, gazte zein oso bertsozalea ez denarentzat pantailetako egungo eskaintza ez da aski bertso mundura erakartzeko: pizgarri berriak behar dira. Ea denboraldi eta lan-talde berriak aire freskoa ateratzen duen hozkailutik! Gustura ikusiko ditugu adin, lurralde zein genero orotariko saio, proiektu eta formatu berriak. Udazkena ez al da, bada, zahartutako hostoak lurra hartu, eta ziklo berria hasteko garaia?

Eta nahiak aireratzen hasita… Zuk, Iñaki, zer aldatuko zenioke orain arteko kateari Ipar Euskal Herriko, Arabako, Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak zaletzeko?

Aldatu katea
Aldatu katea
Aldatu katea