Ttakun eta Herren: bertsolaritzari begirada kritiko bat

Saioa Alkaiza eta Manex Mantxola-(r)en argazkia Saioa Alkaiza eta Manex Mantxola 2017-10-22

bertsolaritzari begirada kritiko bat –

bertsolaritzari begirada kritiko batTTAKUN – Manex Mantxola

‘Bertsolaritzari begirada kritiko bat’, hori eskatu zigun aldizkari honen atzean hariak mugitzen dituen esku ikusezinaren jabeak Saioa eta bioi. Ez bertsolari, ez kritiko eta erdi miopea naizen aldetik, Saioari utziko dizkiot katedra kontuak eta gaia plazaratzera mugatuko naiz, bere horretan nahiko trantze bada eta.

Hain zuzen ere, trantzea izango da bertsolarien ahotan soilik entzun daitezkeen euskal hitz horien estandarte (hara, bigarrena). Ez testuliburu ez eta kafe-tertulia, ez dago hitz hori bertso saio batetik at entzun eta soraio geratuko denik. Ataka, egonezin, estualdi, arrangura… baliokide eder askoak dauzka gure hiztegiak, baina errimatzea baldintza nahitaezko bihurtzen denean ez dago trantzea bezalakorik, alafede!

Berdin gertatzen da ondo eginak gogoan hartu/ gaizki eginak barkatu bezalako esamolde fosilduekin, agurrekin lotuak gehienbat. Zenbat bertso saio hasi dira Hementxe gaudela esanez, sukaldariak goraipatuz segi, gozatu eta gozarazteko gure asmoa argi utzi eta plazer handi bat izan da batekin amaituz, plazera baino trantzea izan direnean ere? Ezin leike uka bertsolaritzaren alor honek badituela hainbat bertute, bere aurre-ikusgarritasun eta guzi. Esaterako, kopla bakar batean laburtu beharko bagenu bertsolaritzaren esentzia, gisa honetako esaeren Frankenstein errime bat aterako litzaiguke:

HEMENTXE GAUDE, HEMENTXE GAUDE
GOZATU TA GOZARAZIZ
PLAZER HANDI BAT IZAN DA ETA
IZORRATU DAITEZELA!

Bestalde, berrikuntzei dagokienean, badaude indarra hartzen ari diren jendarte bezalako eufeminismoak (eufemismo feministak), hots, genero ikuspegi batetik baztertzaileak ez diren adierak. Izan ere, gizarte gizon-arte modura ulertzen bada ustezko gizarte horren erdia kanpo uzten da. Egongo da gizarte gizaki-arte, gizona gizaki-ona eta emakumea eman-kumea(!?!?!) dela esan eta lasai geratuko den sasi-filologo logofilorik, baina tamalez batzuetan ez gara konturatzen eztabaida ez dela etimologikoa, ideologikoa baizik. Izan ere, bertsolaritzak badauka ideologiatik, ezin zitekeen bestela.

Utz ditzagun, beraz, azaleko hitz-joko merkeak eta goazen iruten gabiltzan li(h)oaren korapiloetako lehenengo hari muturretik tira egitera. Bertsolaritza beti izan baita egokitu zaion  garaiko ideologiaren ispilu. Horren erakusgarri, XX. mendean zehar igaro dituen etiketak: kristaua, taberna eta nekazal girokoa, euskaltzalea, euskaltzale ilustratua, abertzalea, ezkerrekoa eta abertzalea, ezker-abertzalekoa… Hala ere, badirudi milurteko berri honetan sartzearekin batera ñabardura bat gehiago gehitu dakiokeela aurrez aipaturiko zerrendari: emakumearena. 1451. urtekoa da gaur arte iritsi den emakume bertsolariei buruzko testigantzarik zaharrena. Hala eta guztiz ere, 2003an elkartu ziren lehenengo aldiz bertso munduaren orbitan zebiltzan emakumeak, ez bertsolariak bakarrik, baita antolatzaile, gai-jartzaile, epaile eta abarrak ere. Gauzak horrela, emakumea eta bertsoa lotzen dituen 500 urtetik gorako historiaren ondoren, ondorio honetara heldu ziren biltzarrean parte hartu zuten kideak: ez zirela bertsolari oso sentitzen. Nola da posible? Zein egitura, kode, umore, estereotipo eta genero rolez osatzen da ba bertsolaritza kanonikoa?

Hain zuzen ere, horixe da lerro hauetan sakontzeko jorratu nahiko nukeen gaia: emakumea bertsolaritzan eta bertsolaritza emakumean. Jakin badakit ur handi, uher eta zingiratsutan sartzea dela, Saioak ur horietan plisti-plasta ibiltzea zenbat atsegin duen dakidan bezala (e, Saioa?). Beraz, harea mugikorretan legez, ahalik eta gutxien mugitzen saiatuko naiz ito ez nadin, eta nire kide iruindarrari utziko diot, hala baderitzo, egurra banatzen. Beti ere, gai batzuk mahai gainean jarri ostean.

Lehenik eta behin, bertsolariok, nire burua inoiz hala definitu izan baitut, inguru hauetan hain maitatua den Entzutegi Nazionalak zioen moduan, “juglares sabelotodo” petoak izaki, betidanik izan dugu Euskal Herriaren abangoardia ideologikoaren bozeramaile izatearen domina jartzeko beharra: dela Amalurra defendatuz, dela euskararen alde, genero indarkeriaren aurka, independentzia, autodeterminazioa, euskal preso politikoen eskubideak, munduko herri zapalduak, etorkinak, langileria, gazteak, errefuxiatuak edota atez ateko hondakin bilketaren alde eginez. Hala izan da historian zehar ere, beti txikitik eta xumetik, handi eta boteretsuen aurka: Pernando Amezketarrak Eliza zeukan, Txirritak Canovas, Xalbadorrek Hegoaldekoak, Lazkao Txikik metro t’erditik gorakoak eta Xabier Silbeirak parean jartzen zitzaion edozein. Baina zer kantatuko lukete aurreko bertsolariek azpiratzaileak eta pribilegiatuak eurak balira? Diot, izan zirelako. Bestela zergatik ezin dut aipatu Maialen Lujanbioren aurreko emakumezko bertsolaririk, Joxepa Inazi Azkune, Hondarribiko Joxepa, Maria Luisa Petrirena Xenpelar, Martzelina Lopetegi, Mikaela Elizegi, Sebastiana Gesalaga, Inaxi Etxabe, Mayi Treku eta Luzia Goñi bezalakorik, Interneten begiratu eta tranpa egin gabe?

Zorionez, gauzak aldatzen ari dira eta ez dago emakumeez soilik osatutako bertso saio batera joateko martxoak 8a noiz helduko zain egon beharrik. Horren erakusgarri Testurak, Bertxortan, Ez da kasualitatea, Bertso Kabareta… Hutsik zeuden esparru berriak erein dituzte bertsotarako, eta aurretik zeudenei ertzak atera: Bilintxen maitasun erromantiko inkondizional eta absolutuari adarrak jarri dizkiote, laranja erdiak bitaminarik gabe utzi eta printze urdinak lotsaz gorriarazi. Garaiak aurrera doaz eta badira diskurtso feminista gaietan eta bertsoaldietan erabiltzen dituzten bertsolari eta gai-jartzaileak, gainontzekoak ere inplikatu eta busti daitezen behartuz. Garai batean, bertso saio askotarako ezker-abertzalekoa izatearen galbahea igaro behar zen bezala (eta ez, ez zen nahikoa Teleberria belarritakoarekin aurkeztea), interesgarria izango da ikustea zein puntutaraino baldintzatuko dituen aurrerantzean bertsolariak euren genero kontzientziak plazak lortzerako garaian. Imajinatu une batez, irudimenak uzten badizue behintzat, lau bertsolariko saio batean gizon bakarra egotea eta horri maskulinitatearen eta gizon izatearen inguruko gaiak jarrita, bere buruaz landa, gizon guztien ordezkari gisara kantaraztea. Hori da edozein txosnatako saioan emakume bakarrari eraso sexista baten inguruan abesteko eskatzen zaionean ematen ez zaion aukera, emakume guztien ordezkari izan ordez, bere buruaren ordezkari modura abestekoa.

Bukatzen hasteko, umorearen eta emakume bertsolarien arteko harremanaz jardun nahi nuke. Izan ere, mota askotako umoreak daude: umore horizontala, norbere buruaz, berdinen artean edo giza kondizioaz egiten dena, umore integratzailea; behetik gorako umorea, botere harreman batean behean dagoenak goikoaz barre egitea, elkarren arteko tartea txikituz eta handiaren botere zati bat ahulagoari emanez, umore iraultzailea; eta goitik beherako umorea, ahulen eta boteretsuen arteko tarteak are gehiago handitzen dituena, umore baztertzailea. Hala ere, umoreak ere baditu bere baldintza eta neurriak, hots, ezin da edozein umore erabili edozein egoeratan. Igorlearen eta hartzailearen arteko kode partekatu bat egotea beharrezkoa da. Hortaz, kode feminista partekatzen duten emakume bat baino gehiagoko saioak antolatzeak ahalbidetuko luke oraindik emateko hainbeste daukan umorearen esparru hori jorratzea: u-morea.

Hau izan da bertsolaritza eta feminismoaren inguruko nire ideien zaparrada, nireak izan aurretik ingurukoei entzun eta irakurri dizkiedanak. Buruan gorde ditudanak eta arrazoiz eta denboraz barneratuak, irudipena baitut feminismoaren ertz asko ez ote den gizona burutik eraikitzen hasten, bizipenetik bainoago. Nik jarraituko dut pixkanaka hori guztia gorputzera ekartzen, baina jakin nahi nuke Saioa, alderantzizko bidea nolakoa den; gorputzetik hasten dena.

 

HERREN – Saioa Alkaiza

Bertsolaritza heteropatriarkala da. Bai, hala da; baina gainontzeko praktika politiko-kulturalak diren bezalaxe, euren disidentzia eta kontra-botereekin, barne haustura eta potentzialitate subertsiboz beteak. Horregatik, Manex, bertsolaritzari feminismotik begiratzeko gonbita egin didazunez, goazen bada, sartzera.

Bertsolaritza heteropatriarkala da eremu publikoaren okupazioa dakarrelako eta espazio publikoaren erreferentea, ergo subjektu nagusia, maskulinitate hegemonikoa izan delako, eta maskulinitate hegomonikoa biogizonek gorpuztua, ezinbestean; txalotua zein saritua izan dena arrazoia izan da, espazioaren okupazio irmoa, gaitegi zehatza bat eta erreferenteak eraikitzeko X forma. Alegia, Gizonei –letra larriz; euren adierazpen sozialki onartuenean, gizonkera batu eta fraternalean- eman zaiela historikoki zentroan egoteko aukera eta eskubidea, eta bertatik kanpo geratu diren subjektu guztiek zailtasun gehiago izan dituztela oholtzan mantentzeko. Horren adibide, bat-bateko jarduna gaztaroan uzten duen neska gazte kopurua, mutilena baino askoz altuagoa edota txapelketetan dagoen generoen arteko ezberdintasun kuantitatiboa.

“Oholtza, azken finean, emakumeentzat itxita egon den eremua izan da orain artean, eremu publikoan protagonismoa gizonek izan dute eta ondorioz bere burua bertan esponitzeko prest dagoen emakumeak oso ziur egon behar du egiten duen horretan. Ez dagokizun espazio bat okupatzea justifikatzeko modu bakarra egiten duzun hortan oso ona edo ezin hobea izatea da”. Leire Ibargurenen hitzak dira Nolako umorea egin nahi dugu emakumeok? idazkian, bertso mundurako ere ezin egokiagoak: gutxi dira segitzen duten emakumeak. Gutxi horiek, ordea, puntan egoten dira, maiz, bai behintzat portzentualki dagoen emakume kopurua aintzat hartuta.

Eta horri gehitu diezaiogun genero sistema, Rawelyn Connelen hitzetan: “Erlazio sozialen sare bat da; asimetrikoa, maskulinitate hegemonikoaren karietara hierarkizatutako gizarte egitura bati erantzuten diona”. Gu guztiok bustitzen gaituena, bide batez. Ez da borondate kontua: sinbolikoki, materialki eta instituzionalki giza harremanak mugatzen dituena patriarkatua bada, nekez salbatuko da bertsolaritza, antolaketa sozialaren printzipioetako bat baita generoa, klasea, arraza edota adinarekin batera.

Jone Miren Hernandez antropologoak dio hiruki bat irudikatzen duela bertsolaritza aztertzeko: bertsolaria, bertsoa eta publikoa. Eta, noski, ez dira eremu neutroak, pentsaezina da testuinguruaren aztarnarik ez izatea bat-bateko sorkuntzan, pentsaezina kutsagabea eta garbi-garbia denik. Bertsolaritza egin, harreman horretan egiten delako, interrelazioan, hartu emanean.

“Zergatik ezin du eremu komunikatibo ezohiko horrek -bertsolaritzak- emakume/gizon dikotomia ezabatu? Posible da bertsotan bizikleta eta behi izatea, baina generoari buruzko gauza batzuk gainditzea ez. Zergatik?”. Hernandezenak dira galderak. Erantzuna, airean. Agian, patriarkatua eraistea gauza zailenetako bat delako, gure burua, bere osotasunean, birpentsatzea delako, gure pribilegioak eta munduan egoteko era kolokan ipintzea dakarrelako.

Bada beste kontu bat: generoa egin egiten da, naturalismo guztietatik ihesi, Verena Stolckek dioena aintzat hartuz, edo ezagunagoak diren Judith Butlerren hausnarketei tiraka, “errepikatutako genero mandatuen gorpuztasuna” baino ez baita generoa, “performatibitate hutsa”, antzerkia. Zainetaraino sartutako antzerkia, dena dela. Horregatik, gorputza jartzen dugunean oholtzan jada zerbait ari gara jartzen zalantzan, eta zalantzaren tokia, ez dagokizun nonbaitean egotearena, ez da erraza: generoaren mandatu eta roletan bidaiatzea ere ez da xamurra, gutxiago publikoaren aurrean eta mikro bat parean duzula. Heteropatriarkala da bertsolaritza beraz, oraindik ere zaila delako “bestetasuna” plazaratzea.

Heteropatriarkala da bertsolaritza, bai. Baita mundua ere. Hori da gakoa: klasismoak zeharkatzen gaituela, arrazakeriak, kapazitismoak, adinaren hierarkiak… Kontua ez da gure burua zigortzea. Horren aurrean, bertso eszena ari da ekinean. Bertsozale Elkartea, historiako emakume bertsolarien izenak berreskuratzen, unitate didaktikoak egiten, feminismoa erdigunean jartzen, Ahalduntze Bertso Eskola osatzen edota formakuntza saioak antolatzen; bestelako bertso zirkuituak jaio dira, Ez da kasualitatea eta Testurak proiektuak, esaterako; plazetan ari direnak ikuspegi feminista txertatzen ari dira, feminismoak gero eta toki gehiago dauka, bai gaitegian, baita egiteko eratan ere… Feminismoak bertsolaritzarekin duen loturaz galdetu didazu, Manex, “ur handi eta uherra” izendatu duzu. Bada, oso baikorra naiz bertso munduak egin dituen urratsei begira: iraultza txiki-handi bat izan da.

bertsolaritzari begirada kritiko bat  bertsolaritzari begirada kritiko bat  bertsolaritzari begirada kritiko bat  bertsolaritzari begirada kritiko bat  bertsolaritzari begirada kritiko bat  bertsolaritzari begirada kritiko bat  bertsolaritzari begirada kritiko bat  bertsolaritzari begirada kritiko bat  bertsolaritzari begirada kritiko bat  bertsolaritzari begirada kritiko bat  bertsolaritzari begirada kritiko bat