Tresna da Xilaba

Askori plazarako bidea argitu digun lanpara izan da Taldekako Xilaba. Irailaren 22an Ozazen hasi eta azaroaren 18an Aiherran bukatu den txapelketa honek koadro batean enmarkatzeko moduko oholtzak eskaini dizkigu. Terapia.

Argazkiak: XDZ

Tresna da Xilaba –

Tresna da Xilaba

Bi hilabete horietako bertso saioek kolore ugariz tindatu dute koadro zabal hau. Izan ere, Taldekako Xilaban partaide izatea da antolatzaile, epaile, gai jartzaile edo bertsolari izatea. Zeregin desberdin horiek deskubritzea, zalantzarik gabe, aberasgarria izan da, baina ez da beti erraza izan. Lan horietatik beharbada konplexuena epaile lana izan da, epaitzeko baliatzen diren irizpide guztiak ondo ezagutzen ez dituzun neurrian, baina besteen lana ebaluatu behar baita. Eginkizun goxoenetan, aldiz, talde bakoitzak bere hautuko herrian saio baten ardura hartzearena dugu. Esperientzia polita izan da antolaketan aritzea, promozioa egitea, bertso eskolako haurrak kantatzera ekartzea, eta gure inguruko jendea hurbiltzen zela ikustea.

Aniztasun hori taldeen nortasunean ere ikusi da: Eskukula, Ipiñitzeko bertsuak, Hiru kasko, Hazparke, Lizaieta, Kakoiak, Ez dok bost, Zizpa txispa eta Muttikoak ez zuten deus ikustekorik bata bestearekin, baina denek haien lekua bazuten. Puntu bateraino, non partaideen artean txapelketan ez diren soilik Iparraldeko probintziak jokoan sartu, hau da, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, baizik eta Nafarroa Garaia eta Bizkaia ere beso zabalik hartu direla.

Taldeak bai pertsonal mailan zein bertsolari bezala hazteko aukera paregabea ematen du, taldekideen artean sorturiko loturek babes sare estua ehunduz. Haiekin oholtzak eta bertso eskolak partekatzeak “bertsolari” bezala haztea ahalbidetzen du. Izan ere, bikaina da hain ideia eta teknika onak dituen jendearengandik aholkuak jasotzea eta akatsetatik ikastea. Taldekideen artean sortzen den harreman hurbilak taldea bera sendotzen laguntzen du, norberaren sentsazioak adierazteko konfiantza eta askatasuna ematen, eta hori asko eskertzen da horrelako txapelketa batean. Lehiaketa batean sortzen diren gorabeheretan elkar babesten laguntzen du. Izan ere, taldeka izateak, espazio seguruago bat sortzen du, bai talde bakoitzaren barruan eta bai oholtza gainean, orokorrean. Normalean, bakarka aritzean amilduz gero, ez duzu nork altxatu; baina taldekakoa izanki, eroriz gero, altxatzen lagunduko zaituzten kideak dituzu alboan. Eta babes hori beharrezkoa da plazan lehen pausoak ematen ari garenontzat, geure buruarengan konfiantza irabazteko. Horrek guztiak ibilbide honetan aurrera jarraitzeko gogoa besterik ez du ematen.

Tresna da Xilaba

Hala ere, Xilabaren formatu honen helburuetako bat elkartasunak taldearen mugak gainditzean datza, lehiakideari ere entzutea. Horren adierazgarri asko eta asko ditugu, baina azpimarratzeko bat finalean bizitzeko aukera izan genuena da. Saio hartan, Irantzu Idoatek bere bakarkakoan hasitako istorio hunkigarriari Irati Alcantarillak jarraibidea eman zion, elkarren artean istorio bakar bat josiz, eta erakutsiz, txapelketa baten koadroan ere, elkar entzuteko eta osatzeko gai garela, tentsio eta zailtasun guztien gainetik.

Irantzuren bakarkako azken bertsoa, “Muga zeharkatu duzu eta ez duzu gibelera behatu” gaiari kantatuz:

 

Pasatutako dena ta gero

ibaia ote da traba?

Nahiz zeharkatu eta barnetik

sentitzen dudan dardara

Oino bidea luzea dugu

ez dut galduko parada

Ta puntaraino luza dezadan

oino dudan begirada

Nahiz ta atzetik sumatzen dudan

hortxe polizi ilara

Eta korrika hasi beharko

itzalik agertzen bada

Tresna da Xilaba

Iratiren erantzunaren azken bertsoa, “Gaur ere ezin izan diozu atea ireki” gaiari kantatuz:

 

Eskuak dardarka zeuzkan

ta zebilen bixi-bixi

Bere lagunak atzetik

botaz hamaika irrintzi

Zabaldu nezakeen baina

badaezpada nuen itxi

Krisi asko daude baina

mundu honetan ze krisi

Eta ez diot kasurik

egin haren hainbat hitzi

Eta itsasotik joan da

berak nahi baitzuen bizi

Iritsi zitekeen baina

ez zen sekula iritsi

 

Azken bertso horrek adierazten duen bezala Taldekako Xilabako gaiak ez dira soilik jostariak izan, seriotasunetik ere hartu dute, eta bertsoaldi askok ezarri dizkigute malkoak begietan amiltzear. Bakarkako hunkigarrien artean Haira Aizpurua Ibargaraik Azkaineko finalerdian kantatutakoa dugu “lehen etsaia zenuen, baina orain, dena aldatu da” gaiari erantzunez:

Tresna da Xilaba

Guztiek deitzen zaituzte hara

amargatua ta zaharra

Baina jendeak badu histori

handi hori entzun beharra

Orain ulertzen ditut zimurrak

ta karaktere zakarra

Zure ondoan kafe bat hartu

hori da nahi den bakarra

Goizero duzu orain nirekin

abegia irriparra

Zure ondoan idatzi nahi dut

etorkizuna biharra

Espero ukanen dudala noizbait

zuk ukan duzun indarra

 

Tresna da Xilaba

Bestalde, gure sustraiek eta oinarriek ere haien lekua izan dute bertsolarien ahotan, Aitor Servierren Muskildiko finalerdiko “hor duzu zure aitzinean, baina ez zara gehiago segur soinean jantzi nahi duzun” gaiari kantatutako bakarkakoa, esaterako. Bertan, gure ospakizunak eta horietan parte hartzeak ekartzen dituzten ardurak jasotzen ditu, Pastoral batean parte hartzeak dakartzan ardurei eta poztasunei helduz:

 

Autoestima faltan dut eta

autokritika zorrotza

Arranguraz barne botza

Urtarrileko igande goiza

kanpo zein barnean hotza

Bizkaialdeko turista batzuk

eta publiko arrotza

Dena aterako da ontsa

ta nitaz harro izaten ahalko

denez herritar bakoitza

Nik biak dantzan izanen ditut

zaldia eta bihotza

 

Lehen aipatu bezala, kanporaketako saio bakoitza talde desberdin batek antolatu du. Aldi oro, saioa talde baten “etxean” izanki, talde horren hurbileko jendea gerturatu da, eta horrek bertsozaleak eta berez zale ez direnak elkartzeko aukera eman du. Eta, agian, horrek lagundu du bertsolaritzaren aldeko grina zabaltzen. Horren adierazgarri, lehiaketan zehar jasotako zenbait iritzi. Horien artean kanporaketak jolasgarriagoak izanki, entzuten errazagoak izan ziren, saioak ez ziren luze egiten eta horrek baikorki eragin omen du zaleak ez diren entzuleengan.

Gainera, kanporaketetan, inguruko bertso eskoletako haurrak kantatzera animatu dira. Bertso eskoletako haurrentzat garrantzitsua da haien lehen mikro hartzea giro goxo batean izatea, eta nolabait lortu dela dirudi. Horrez gain, alde batetik, Iparraldeko bertsolari erreferenteak haiengandik horren hurbil ikustea garrantzitsua izan da, irisgarriak direla ikusteko. Bai eta bertsoak ez duela zertan izan ematen duena bezain seriosa, eta bertsolarien artean maila ezberdinak daudela. Bestetik, Iparraldean bertsolaritzak bizirik dirauela erakusteko parada ere izan da, usu hedabideek Hegoaldeko bertso mundurantz zuzentzen baitituzte euren fokoak, Iparraldean itzal handi bat sortuz. Beraz, Taldekako Xilaba periferiari hitza emateko aukera izan da.

Tresna da Xilaba

Plazan hasi berri den bertsolari gazte baten ikuspegitik, taldekakoa aukera ezin hobea izan da norbere burua hobeto ezagutzeko eta jada plazan trebatuak diren bertsolariez ikasteko. Saioen prestaketan, taldekideen laguntzarekin, geure gaitasunak garatzeko aukera izan dugu, eta  oholtzaren gainean, gure beldurrak gainditu eta eman genezakeena erakusten saiatu gara. Eta Bakarkako Xilaban beren burua ikusten ez dutenentzat giro lasaiago eta beharbada erosoago batean kantatzeko aukera ere izan da. Erosotasun horrek alde batetik kanporaketen formatu jolasgarriagoarekin zerikusia izan du. Bide batez formatu honek seguruenik gozagarriago egin ditu saioak entzule, bertsolari eta gehienbat berez bertsozale ez direnentzat ere.

Baina erosotasuna bilatu eta sustatu arren, txapelketa txapelketa da. Finalerdietan, bai Muskildin eta bai Azkainen, jada ariketen aldetik maila igo zela ikusi zen eta presioa harekin batera areagotu zen. Eta presioa finala iritsi ahala handitu zen, halako saio batek suposatzen duen mediatizazio guztia tarteko. Koadro horrek bertsolariok gure onena ematera bultzatu gaitu, gure gaitasun eta mugez jabetuz, eta gai ginen hori erakutsiz. Beraz, ez du soilik txapelketak, saioz saio bilakaera bat jasan,  guk denok ere bizi izan dugu eboluzio bat gure baitan.

Txapelketa bukatu eta, uste dut denen izenean esan dezakedala, ohartu garela txapelaz gain elkarrekin egin dugun bidea izan dela gure sari nagusia: taldekideen arteko bertso eskolak, agurren prestaketa, agurra bera kantatzea, beste taldeetako kideekin oholtzan gozatzea, saioaren ondorengo poteak, brunch edo askariak, elkarri gaiak jartzea, urduritasun eta ziurgabetasunak leuntzeko besarkadak… Bide malkartsua izan da, bai, baina ez dago zuzena den biderik, eta, azken finean, eraiki ditugun zubiak dira bide honetako etapa garrantzitsuenak.

Taldekakoan lehia izan ez zenik esatea inozenteegia litzateke, ez baitago lehia gabeko txapelketarik, baina nahiz eta beti erraza izan ez den, lehia sanoa sustatzen saiatu garela esan daiteke. Hori izan dela gure zerumuga. Azken finean, hiru hilabeteko konbibentzia bat ere izan baita eta bidean ohartu gara hori zela txapelketa hau ongi burutzeko modu bakarra. Lehia sano bat, oholtza leku seguru eta eroso bihurtzea aldarrikatzen zuena.

Muttikoen finalerdietako hasierako agurraren amaierak aipatutakoa ondo jasotzen duela iruditzen zait:

 

Koadroa eta lanpara

Biluzik gatoz oholtzara

jolasaren ta terapiaren

arteko mugara

Zuek zarete gu gara

Eta bestela zer da ba?

Ongi erabiltzen jakin behar den

tresna da Xilaba

Tresna da Xilaba  Tresna da Xilaba  Tresna da Xilaba  Tresna da Xilaba  Tresna da Xilaba  Tresna da Xilaba  Tresna da Xilaba  Tresna da Xilaba  Tresna da Xilaba