Takun-Herren: Mea Culpa eta Manus Manum Lavat

Izar Mendiguren eta Iñaki Gurrutxaga-(r)en argazkia Izar Mendiguren eta Iñaki Gurrutxaga 2019-05-22

Mea Culpa eta Manus Manum Lavat –

 

Testua: Izar Mendiguren

Mea culpa

 

“Lau urteko zure alabak honakoa galdetu dizu: ‘Noiz aterako zait pitilina?”. Ez da fikzioa, Arabako bertsolari txapelketako lehen saioko aurreneko bakarkakorako gaia da. Mea culpa, badakit, ez zenuen espero. Goitik behera puskatu dizu eskema, gauzak behetik gora ikustera ez gaudelako ohituta.

Zaila litzaiguke imajinatzea duela ez hainbeste, bertsolaritzak jendartearen aniztasuna horren zabal ikusi eta elikatzea. Eskertzekoa da gai-jartzaile eta bertsolari batzuek genero ikuspegia egunerokotasunean modu naturalean areagotzeko ahalegina. Dinosauroen garaian geratuko ote ginen beldur nintzen, mendeetan atzerako ekosistemetan fosilizatuta. Izan ere, behin baino gehiagotan pasa zait: emakumeak esklabo edo menpeko egoeretan azaleratu izan gaituzte, txiste txar eta merkeak ahotan. Konplexurik gabe astin ditzagun gonak. Zorionez, istorioak aldatzen ari dira. Ahalduntzea dela medio, kantukidea errespetatuta (edota gaiari heltzeko hartutako rola) egoerari, geure buruari eta sistemari barre egiten ikasi dugu. Lehen edertasun, estereotipo eta topikoen artean zirikatzeko ohitura gehiago zegoelakoan nago. Dena den, betaurreko moreak erabiltzen hastetik begirada morea izatera, bada aldea. Gatozen abiapuntura, beraz: noraino baldintzatu du generoak bertsolaria?

Ez da iraganeko kontu soila emakumeak zaintza lanetan aritu bitartean, gizonezkoek hartu izana herriko taberna, jatetxe eta plazak. Anekdotikoa irudi lezakeen bizipen eta zapalkuntza bat ekarriko dut gogora: Maurizia Aldaiturriaga panderojoleak Aupa Maurizia!” oihukatzen zuen mikrofonotik Leon Bilbao albokariarekin jotzen zuen aldiro, babes gutxi zuenez, bere burua animatzeko. Botere eremuetan kantatzeagatik, oholtzan kasu, sutan erre ez zutenean, gaitzerdi! Ez zuten “zorte” bera izan bizkaitarrek: inkisizio garaian zenbait trobadore erail zituzten inprobisatzeagatik (Foru Aldundiak iaz eskatu zuen barkamena publikoki iraganean hartutako erabaki horiengatik).

Ez dago, ordea, hain urrunera jo beharrik. Bertsolaria bere jarduera publikoagatik epaitua izatera kondenatua dago. Alegia, plazan edo txapelketan kantatua, entzule zein epaileengatik baloratua izango da, izan positiboki edo negatiboki. Nire ustez, zilegi da saioaren ostean sortzailearen jarduna aipatzea, baina gutxiestea? Inprobisazioari eta sormenari bide emanez, ziurtasunaren eta arriskuaren artean dabil dantzan bertsolaria. Ingurumari horretan, genero rolek eragiten al dute bertsolarien jardunean?

Nire esperientzia apurra kontatuko dizuet: 16 urterekin hasi nintzen bertsotan, etxean oso kantuzaleak ginelako. Habaneran estreinatu nintzen, puntuka, artean neurriez apenas ezer nekiela, ahizpari adarra jotzeko. Salamancatik bueltan autoan gindoazela izan zen, eta jarioa ikusita segituan esan zidan: “Izar, bertso eskolara!”. Barnerako lehen begiradan suma nezakeen jendearen iritziak ez zidala horrenbeste axola, horregatik jarraitu nuela bertsotan, saio bakoitza ondo pasatzeko eta ahalduntzeko aukeratzat jota. Izan ere, gaiek beste pertsonen ikuspegi, egoera eta arazoak 3 minutuz bizitzeko parada ematen zidaten, gogoetarakoa. Eta, era berean, mikrofonoaren boterea baliatuta, mundu ikuskera zirikatzaile eta eraldatzaile bat azaleratzekoa. Bertsopoteoetan arin ohartu nintzen, esaterako, mikrofonorik gabe aritzean, gizonezkoak altxatzen bazuen ahotsa kantuan hasteko, denak isiltzen zirela; eta emakumeak ginenean, ez. “Zertan ari da neska zoro hau?”, esango zion batek baino gehiagok aldamenekoari. Sarritan entzun dut “zelako potentzia duzun, neska!, transmititzen dudan indarragatik. Ziurrenik, beste genero batekoa banintz —edo hala ikusiko banindute— ez lukete berdina esango. Alabaina, nire zenbait joerek harritu naute, eta ez zaizkit gustatu: txapelketetako saioetara dotore eta aukeratutako arroparekin joan izan naiz beti, polit ikusteak motibatuago eta indartsuago sentiaraziko ninduelakoan. Dena den, Txanogorritxuren gisan, ez dut otsoarekin topo egiteko beldurrik izan, eta nahi dudan bidetik egin dut aurrera, batzuetan erreka ertzean lo geratu edota tripan harriak sentitu arren. 

Euskal Herriko bertso eskoletan neska-mutil mordoa dabil, duela ez hainbeste gizonezkoen espazioa bazen ere. Zer gertatzen da, baina, gazteek eskolarteko fasea bukatzean? Zergatik uzten diote plazan kantatzeari neska gehienek? Saioak antolatzean, genero aniztasun eta parekidetasunari erreparatzen al zaio? Ekitaldi publikoetan —hots, edozein emanalditan— marra gorriak (edo moreak) jartzea beharrezkoa da genero aniztasunaren garrantzia barneratzeko? Ikuspegi feminista nola bultza liteke antolatzaile, sortzaile edo ikus-entzuleen artean?

Erantzuteko galdera eta ariketa asko egiteke ditugu oraindik. Amona bertsolariak zein neskatila gazteak plazetan entzutean, emanaldi parekideen lekuko izatean, Txapelketa Nagusian edota oholtzako ohiko muntaketa lanetan emakumeak aritzean irudituko zait osoa —edo goitik beherako lana— bertsolaritza. Bien bitartean, behetik gora eraiki eta deseraikitzen jarraitu beharko dugu.

Aizue, baina beti ez da barkamena eskatu behar atrebentziagatik. Ez al duzu hala uste, Iñaki? Bertsolaritzaren ispiluari begiratuta, sendo ikusten al duzu kontua? Gorbata izateak boterea ematen al du? Sentitu edo antzeman al duzu pribilegiorik gizonezko izateagatik? 

 

Mea Culpa eta Manus Manum Lavat

 

Testua: Iñaki Gurrutxaga

 

Manus manum lavat

 

Esku batek bestea garbitzen du. Urteetan, ordea, alde bateko eskuak aritu zarete alde bereko eskuak garbitzen, eta beste aldekook, zikinkerian lasai. Feminismoa, ordea, lekua hartzen joan da gure egunerokoan eta orain esku guztiek sumatu dugu garbiketa premia.

Galdetzen zenidan, Izar, gizonezko izateagatik pribilegiorik sentitu edo antzeman dudan. Sentitu, inoiz ez. Antzeman, bai. Hortxe dago, beharbada, gakoa.

Gizonezko zisgenero zuria naiz. Bertsolaritzaren ekosisteman, gipuzkoarra, eta hizkeran, gainera, gipuzkera darabilena. Zentro-zentrokoa, alegia. Hain naturalizatua izan dut nire izate hau, apenas sentitu baitut hor inongo pribilegiorik izan dudanik. Gasteizera lekualdatu nintzen urteen hondarrean konturatu nintzen, ordea, bazela hor pribilegiorik. Antzeman nuen aitortzen zitzaidala halako labeltasun bat, luzera zama ere bihurtu zitzaidana. Alde batetik, neroni nintzen zentroa desnaturalizatu nahia sortu zidan periferiaren kontzientzia hartzeak eta, ondoren, nire izate naturala ukatzetik periferia-zentroaren etengabeko espiralean eroso samar dantzatzera ekarri nau. Beti ere zapata handiegiekin, tamalez.

Zentroa eta periferia. Plaza eta sukaldea. Gu, egia esan dezagun, plazarako hezi gintuzten. Baina erdira etorri aurretik, eta orain konturatzen naiz horretaz, askok orduak eman behar izan ditugu aldamenetik begira. Ez dakit autokonplazentzia den, edo errealismo magikoa, baina hala sinetsita nago.

Umetan ezin izan nituen nire adinkide ziren mutilek egiten zituzten zeregin heteronormatibo gorenak burutu: hots, kirolarekin loturiko ezer ez nuen egin, hanka batean izan nuen arazo batengatik. Horrela joan zen nire bizitza harik eta hamasei urte bete nituen arte. Beranduegi, kirolariaren ametsa ke ez bihurtzeko. Ez dut uste, gainera, halako egokieran izan den gizonezko bertsolari bakarra naizenik: kasuistika errekurrente samarra ote den susmoa hartuta nago, aldez edo moldez. Baina, argi: mutila nintzen, hala ere. Nabarmendu behar hori barru-barruan neraman. Plazan behar nuen, hori zen zegokidana, eta horretan ikasi nuen. Diziplina artistikoak ziren nire eremua; musika, hasiera batean; bertsoa, ondoren. Sorkuntza, finean. Eta hara non, horiek ez izan adin-garai horretan bereziki estimatuak eta guaiak. Aurrerabidea egin genuen, plazan ere bageunden, baina auzoko plazatxoan. Herriko enparantza nagusitik urrun. Periferiako erdigunean.

Gaur egun, epizentrismo horrek behar izateari utzi dio. Bertso-plazako jardunetik erretiratu antzean egon naiz urte luzez, musikan ere ez naiz inoiz frontmana izan. Beste funtzio eta posizio batzuek asebete naute. Plaza publikoa, ordea, ez da inoiz desagertu. Gustatu egiten baitzaigu!

Alabak zakilaren galdera egitea ez zait tokatu bertsotan. Bai bizitza errealean. Eta aludun mutikoak ezagutzea ere egokitu zait eskolan, ni haien irakasle, eta, aldi berean, ikasle, hara paradoxa. Nire gabezia guztiak esplizituki aitortzeko kezkarik ez dut gaur egun, eta dakidana —edo dakidala uste dudana— azaltzeko ere apenas, pretentsio eta harro-haize asmorik gabe. Betaurreko moreak janztea ez baita, nire iritziz, begiratzeko modua bakarrik. Betaurreko moreak janztea norbera lotsarik gabe biluztea ere bada.

Zenioen, Izar, lehen, bertsotan, jendarteko aniztasunak ez zuela lekurik. Ez da zalantzarik oso modu konkretuko targeta zutela helburu eta elikagai. Baina nola berdimentsionatu da guztia? Barrutik kanpora ala kanpotik barrura? Jendartearen aniztasuna txertatu da bertsogintzan, ala bertsogintza joan da moldatzen jendartera, eta horrek ekarri du itxiturak zabaltzea? Ez dut erantzun garbirik, baina nago bigarrena dela zuzena. Zergatia ez dakit, hala ere.

+++Tribu guztietan borobileko formazioa izan omen da historikoki bilgunearen ardatz. Hitza hartu nahi izan duena erdira etorri da, eta handik hitz egin die kideei. Kideek ez dute epaitu, nahiz eta begi guztiak erdian izan. Borobilak babestu egin du.

Arazoa, borobiletik kanpo utzi ditugunena izan da. Beti dago norbait, ahaztua edo propio lagatakoa. Izan dira urte luzez emakumeak. Gaur egun, gure mundutxoan borobilean sartu samar daudela esango nuke, hala ere. Orain, erdira etorri eta hitza hartzerako garaian datoz deserosotasunak. Hor kokatzen baitira erdigunekoari aitortza, ertzekoaren belarri-prestutasuna, diskurtsoaren moldaketa. Maskara guztiak erantzi beharra dago tribuko bileretan.

Horixe izan da gure dantza. Nahiko garbi dut, baina konbentzimendu berri-antzekoa da, batzuetan erdigunea dagokidala, eta besteetan periferia. Halaber, dagokidanagatik, askotan ertzean behar nukeenean erdi-erdian egongo naizela eta inork ohartarazi beharko nauela nire enbarazuaz. Aldi berean, ertzekoak erdira ekartzen saiatzea ere badela gure lana, ezer baino lehen gu bertatik baztertuta. Baina beti besteei ere ez dagokiela erdigunea.

Esku batek bestea garbitu behar du, eta honetan ere guztiok goaz eskutik helduta.

Mea Culpa eta Manus Manum Lavat
Mea Culpa eta Manus Manum Lavat
Mea Culpa eta Manus Manum Lavat
Mea Culpa eta Manus Manum Lavat
Mea Culpa eta Manus Manum Lavat
Mea Culpa eta Manus Manum Lavat