Suziri hotsa

Leire Vargas-(r)en argazkia Leire Vargas 2023-01-20
Argazkiak: Olatz Zuazubiskar, Oihan Loiti, Nahia Segade

Suziri hotsa –

Lau gorputz talde bat dira; kolektibo bat, tarteka. Lau adardun soin bakarra, inoiz: oholtza gainean daudenean, bizpahiru ikusentzule edo gehiagok adi-adi so egiten dietenean, eszena batetik bestera trantsizioa egiteko performatu berri duten larrua erantzi eta egoera berri bat eraikitzeko oholtzan koordinazio ia perfektuan mugitzen direnean, berba barik. Errepikapenaren errepikapenaz, automatiko. Segundo bakan horietan non ekintza sinpleenek zentralitatea hartzen duten, non bakoitzaren ale ñimiñoa oinarrizko bilakatzen den datorrenari forma emateko, diluitu egiten dira gure hegalak nolabait: garen norbanakoen arteko zubien ahulguneak galtzen dira kontzentrazioaren mesedetan. Eta enbor bat izan nahi duten lau adar gara. Kolektibo bat.

Ez da emanaldiro gertatzen, ez astebururo. Batzuetan sartuegi gaude geure buruan, norbere gatazka eta minetan, edo norbere poz indibidualean. Baina, argiak pizten diren aldiro, amaierako txalo zaparrada edo zirimiriaren azken tantak irentsi eta oholtzatik jaisten garen aldiro, orduan bai, orduan lau gara. Antzezten ditugun gu esajeratu horien eiteak eranzten ditugun bakoitzean, berriz hartzen dute erdigunea askotariko ezkutu, labana eta zauridun gorputzek eta gure arteko lokarri eta amildegiek.

Lagun talde ginen batera sortzen duen talde bilakatu aurretik, izan ere; ez, sikiera, lagun talde itxi, zehaztu, ezpada hainbat espazio eta egoeratan eta beste hainbat tartean zirela bat egiten zuten lau lagun. Bilbe amaigabe batean galtzen ziren gure arteko loturak eta erraz ahantz genitzakeen partekatutako historiak, gehienetan. Zelai zabal bat geneukan gure artekoei aske arnasten uzteko, nahi genuenean elkartu eta nahi genuenean elkarrengandik aldentzeko.

Eta, espero barik, lau horma erditu zituen lurrak gure inguruan batera sortzeko proposamenari baiezkoa eman genion egun hartan; aterik edukiagatik, nahitaez habitatu beharko genituen lau horma. Etxe dei zitekeen espazioa, baina etxea beti da aldebiko ezpata, berdin izan baitaiteke babesgune eta kartzela. Uste baino leku handiagoa har dezake norberak murruek mugatutako espazio batera sartzean. Baita bizikideek ere.

Sortzeak eskatzen duen biluzteak eraman gintuen, agian, elkarren haragi gorriak besarkatu nahi eta besteari min ematera, edo bestearen atzamar trebeen aurrean kikiltzera. Gela bat baikeneukan laurontzat, eta gela batean barrez leher daitezke lau lagun, baina gela bat itogarria bihur daiteke barruko egoak joko-zelaia hartzen dutenean. Elkar mintzeko asmo arrastorik izan ez arren, geure burua zalantzan jartzera garamatzalako maiz sorkuntzak, formula barik norberak norberetik ateratako ez-soluzioak entseatzea eskatzen digulako. Eta hori zaila da norberaren gelan atea itxita dagoenean, zaila da paper zuriaren aurrean. Bada, bozgoran, besterekin ari garenean, tabernan geundeneko eztabaidak daude horren gainean. Plazak bakoitzari eman dion lekua dago horren gainean. Identifikatu ez ditugun arantzek, inbidiek eta desirek jaten digute larrua.

Horregatik, lagunekin sortzeak batzuetan lagun taldetzat ditugunetan ere nekez aurkitzen den zaintza eskatzen du. Norbera non dagoen ohartzea, noiz gainean eta noiz azpian, eta, ahal dela, zergatik. Gainean dagoen lagunari samurki eskatzea harmaila jaisteko; azpikoari zauriak miazkatu eta denok elkartzeko guneak sortzen saiatzea. Espazio aldapabako, egonkor, erosoak eraikitzea, egunero-egunero. Plazeretik egin behar delako, baina gutxitan dagoelako plazerik atzeko lanik gabe. Eta zaintza lan edo laguntasun dei daiteke; bata edo bestea izan daiteke egoeraren arabera. Baina badut gauza bat argi, eta hori da ezinbestekoa dela.

 

 

Suziri hotsa Suziri hotsa