Superpotentzia emozionala: kritika bat - Iban Zaldua
Superpotentzia emozionala: kritika bat –
Gau Bolunburu
Superpotentzia emozionala
Autoeditatua, 2022.
Esan dezagun hasieratik, argi eta garbi: ahaleginak ez du meritua eskas. Literaturaren esparru nagusian sekula sartu ezingo bada ere, lortzen dituen oihartzunak ez dira nolanahikoak, gure estilista onenen mailara gerturatzen denik ezin da uka –kasu: gerturatu esan dugu, ez berdindu–. Salbuespenak dira bere burua –alferrik– literatura garaitzat aldarrikatzen duen esparruan, baina egon badaude, eta ez dugu hori aitortzeagatik lotsatu behar. Azpimarra dezagun: idazleen artean ere badaude bertsolarien mailara hurbiltzen diren aleak. Gutxi, baina egon badaude. Izan ere, gero eta gehiago dira. Eta ongietorria eman behar zaie, duda-mudarik gabe, arte gorenaren egoitza nagusira. Edo, egoitza nagusira ez bada ere, haren atarira behintzat.
Tradizionalisten eta esnoben beldurrak ez daude, gure ustez, inolaz ere justifikatuta. Antzinako garaietan ainguratuta jarraitzea baino ez dakar jarrera horrek, buru-hertsitasunean tematzera: ateak ireki behar dizkiegu idatzizko literaturan aritzen direnei, geure baitan ondo dakigun arren Literatura –maiuskulaz egiten den Literatura hori– nekez iritsiko dutela inoiz. Idatzizkoa eta bertsoa gurutzatzen duten saio horiekin asaldatzen direnei beti esaten diegun bezala: ez zaie beldurrik izan behar halako esperimentu hibridoei, zeinek, bistan denez, ez baitute sekula betiko bertso-saio baten berezkotasuna eta maila teknikoa eskuratuko, baina, ezusterik ez, inplizituki bertsoarekiko mendekotasuna erakusten baitute, jardun literario nagusiarekiko morrontza alegia. Idatzitik bertsora pasatzen ari den belaunaldi berriak egiten duen bezala: gero eta gehiago dira, bizpahiru liburu argitaratu ondoren, bertsolari ibilbideari ekiten diotenak, kasu batzuetan eleberrigintza edo ipuingintza guztiz abandonatzeraino, azkenean. Ze froga gehiago behar duzue benetako Literaturaren estatus ukiezinari buruz? Bertsozaleok ez ginateke halako kontuekin batere kezkatuta egon behar…
Baina goazen harira, gaurkoan, baiki, eta salbuespen bezala, liburu batez kantatzera etorri baikara, eleberri baten kritika egitera alegia. Gau Bolunbururen Superpotentzia emozionala (autoedizioa) zientzia-fikzioaren generoan koka daiteke, bertsolaritzan izar handiak eman dituena azkenaldi honetan, bide batez esanda, hala nola Uxue Alberdi, Xabier Euzkitze, Almudena Grandes eta Roberto Bolaño, besteak beste. Izan ere, Superpotentzia emozionala unibertso ukroniko batean kokatzen da, irakurlearen aldetik ahalegin ez txikia eskatzen duena sinesgogortasunaren etenaldia gauzatzeko, eleberriko mundu alternatibo horretan euskara –harrapa ezazue– hizkuntza gutxitua litzatekeelako, eta Penintsula Iberiarraren iparraldeko eta Akitaniaren hego-mendebaldeko txoko txiki batera mugatuta legokeelako, mende askotan zeharreko atzerakada prozesu dramatiko baten ondoren. Bai, badakigu, irrigarria suerta daiteke, gure hizkuntzak laurehun milioi hiztun baino gehiago dituelarik, eta bost kontinenteetan zehar zabalduta egonik. Baina behin oztopo hori gaindituta, ez dago arazorik ukroniak kontatzen diguna irensteko. Azken finean, ez da horren zaila, Bolunburu abilki doalako egoera soziolinguistiko arrotz horren inguruko informazio-tantak tartekatzen, in media res hasi eta gorabeherez beteriko testuan zehar. Ekintza asko baitago eleberrian, hasiera batean, gaia ikusita, espero zitekeena baino askoz ere gehiago: liburua zientzia-fikzioan bezainbeste kokatu daiteke, azken batean, genero beltzean ere.
Hala, guztiz sinesgarria suertatzen da Nafarroako erresumak sekula izendatu ez izana euskara hizkuntza ofizial bakar gisa, eta bere porrota Hispaniaren batasunaren ardatz bihurtzeko, eta, ondorioz, logikoa denez, Amerikako kontinente berriaren aurkikuntza eta euskalduntzea aurrera eramateko, eta Ekialde Urrunerako europarron merkataritza- eta koloniakuntza-bide zuzena ezartzeko orduan. Horren ordez, Penintsulako hizkuntza erromantzeen bestelako garapen askoz ere hedakorrago bat deskribatzen du Superpotentzia emozionalak, gaztelaniarena batez ere, gaur egun Soriako, Errioxako eta Arabako probintzietako eskualde batzuetan guztiz zokoratuta dagoen latinaren dialekto hori.
Zailagoa da sinestea, iradokitzen den bezala, gure hizkuntza-ahaide akitanieraren desagerpen osoa, eta bere zabalpen eza Garonatik Oder ibairaino, zer eta erro latindarreko edo germaniarreko beste hizkuntza batzuek ordezka zezaten –bururatzea ere! Ezin da ukatu eleberri hau irudimenaren mirari bat denik, alde horretatik–. Baina ekintzaren gehiengoa gure Hispanian gertatzen denez, kontu horren gainetik behatz-puntetan pasatzen da eleberria, oso zeharkako erreferentzien bitartez betiere. Eta akitanieraren desagerpen erabateko hori ere, ez dezagun ahaztu, oso erosoa zaio egileari, ez duena zertan denbora galdu, horrela, euskarazko bertsolaritzaren eta akitanierazko koblakaritzaren arteko desberdintasunak eta ñabardurak aletzen, ezta mundu-mailako literatur hegemoniagatik estilo biek duten mendeetako lehiaz arduratzeko ere. Bertsolaritza, azken batean, guztiz bazterreko genero bat da eleberrian, batzuek ez dute kasik literaturatzat ere jotzen, eta horixe da fikzio honen alderdirik zirraragarrienetako bat, gure irakurle ikuspuntutik ukroniarenean ez ezik, genero postapokaliptikoan ere finkatzen duelako kasik.
Ekintzaren gehiengoa Bilbo eta Donostia artean kokatzen du Bolunburuk, harrigarria suerta daitekeena, egun Penintsulan oso bigarren mailako hiriguneak direlako, guztiz probintzianoak, eta haien esangura, euskararen historia sozialaren ikuspegitik, hutsaren hurrengoa delako Iruñea, Gasteiz, Toledo, Sevilla edo, zer esanik ez, Lisboarekin, Mexiko hiriburuarekin eta Urtarrileko Ibairekin alderatuta. Horietaz gain, Kantauri aldeko zenbait herri txikiagotan ere tartekatzen dira gertakariak, kontakizunari, bitxiki, aire –nolabait– baserritarragoa ematen dion zerbait. Baina logikoa da, eleberriak Hispaniako euskararen balizko eremu gutxitua, aipatu dugun bezala, iparraldeko espazio txiki batera mugatzen duen neurrian, eta, ondorioz, gaur egun bezain hiritartuagoa –are megalopolizatua– ez dagoen jarduera kulturala denez gero bertsolaritza ukroniko eta “urritu” hori…
Istorioaren ildo printzipala, adar ugari dituen arren, eleberria hasi eta egun batzuetara jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruan korapilatzen da, gure Munduko Bertsolari Lehiaketa Unibertsalaren parekoa litzatekeena baina, jakina, askoz ere irismen murritzagoa duena eleberrian: pentsa, telebista kate autonomiko txiki batetik eta irratitik baino ez dute ematen, ez dauka eleberrian mundu-mailako zabalpenik, ezta komunikabide kate globalen bitartezko berehalako konexiorik, ezta bat-bateko itzulpenik ere munduko gainontzeko hizkuntza nagusietara, gizateriaren literatur gertakari inportanteenari dagokion bezala alegia. Konspirazio bat dago aurreko txapelketako irabazlea –eta jokatu beharrekoaren denekoaren hautagai nagusia– paretik kentzeko, eta, bistan denez, eleberriaren korapiloa hiltzaileari mozorroa kentzean datza, hala nobelaren protagonistarentzat –Gentzane, bertsozale porrokatu eta idealista bat, mundu horretan topatzen duen azpikeria deskubritu ahala gero eta etsipen handiagoa sentitzen hasten dena, baina, ustekabean, maitasuna aurkituko duena bere ibilaldietan zehar–, nola irakurlearentzat. Hori guztia, gure ikuspegitik, ez da bereziki harrigarria, esango diguzue, ezaguna baita da bertsolaritzaren eta, oro har, mundu-mailako goi literaturaren esfera orotan nagusi den jukutria eta lehiakortasun gaixotia.
Baina hori da kontu barregarrienetakoa eleberri honetan, eta horregatik da biziki garrantzitsua egilea, poliki eta meheki, eraikitzen doan girotze lana, sinestarazten digulako balizko bertsolaritza ukroniko horren barruan harreman interpertsonalak batasunezkoak bezain adiskidantzazkoak direla, eta, ondorioz, txapeldunaren aurkako azpijokoa kontu guztiz ezohikoa dela, anomalia asaldagarri bat, kasik pentsaezina unibertso bitxi horretan. Eta bere logika du, zeren eta euskara hizkuntza gutxitu eta mehatxatua izanik, eta bertsolaritza bazterreko jarduera kulturala –hegemonikoa bere esparru minorizatuan, baina marjinala literatura idatzia nagusi den testuinguru global batean–, normala litzateke pentsatzea bertsolarien eta bertsozaleen erkidegoa bereziki trinkoa izango litzatekeela, elkartasunezko harreman adeitsuek zeharkatua, konpetentziazkoek baino. Hots, gure mundu errealean idatzizko literatura beti minoritarioaren alorrean gertatzen omen den bezala, non idazle guztiak adiskide handiak eta are –bikain konpontzen diren– neba-arrebak direla baitirudi.
Gau Bolunburu egileak horrekin komunikatu nahi diguna, ironikoki, da oro ez dela urre gure idazleen mundu ñimiñoan ere: batzuetan bertsolariok ongi moldatzeko ahalmen horregatik inbidiaz begiratzen badiegu ere, haien artean badirela, orobat, eta sumatzen ez baditugu ere –azaleratzen ez badituzte ere–, etsaigoak eta ezinikusiak. Hots, esparru txiki eta mehatxatu batean aritzeak, berez, ez dituela salbatzen giza naturaren berezko ustelkeriatik. Eta horretarako, zer esanik ez, bertsolaritzaren mundu ukroniko hipotetiko eta urritu horretaz baliatzen da, ispilu gisa. Ariketa bat, bide batez esanda, idazleek bertsolaritzari dioten bekaizkeria baino ez duena islatzen, azken finean: idatzizko literatura Literaturaren ildo nagusia bihurtuta aurkeztea, ahozkoaren kaltean, ezin da bestela ulertu, eleberri honetan.
Ez gara, normala den bezala, eleberriaren bilbea zapuzten hasiko, xehetasunak emanez, suspenseak eta ezusteak protagonismo handia dutelako bertan, eta ez genituzke irakurle posibleen itxaropenak hondatu nahi. Atzealdean hausnarketa sakon eta, aipatu bezala, ironiko hori dagoen arren, ez diolako horregatik uzten entretenimenduzko eleberri bat izateari, peripeziaz, jira-biraz eta anagnorisiaz betea, hots, funtsean kontsumorako produktu arin bat, idatzizko literatura gehienari gertatzen zaion bezala. Idazleek, baiki, nahi dutena esango dute denborak eta bakardadeak eskaintzen dizkien hausnarketarako eta barnatasunerako aukerez, baina emaitza guztion bistan dago: idatzizko literaturako produktuak nekez lehiatu daitezke, horretan, erdi mailako bertso-saioekin ere. Nahiz eta kasu honetan, esan dugun bezala, badauden beste elementu batzuk balio handixeagoa eransten diotenak lanari. Hori bai, ez bilatu hemen bertsolaritzak eskaintzen duen benetako sakontasuna eta birtuosismoa, ezta igorlearen eta hartzailearen konexio beterik ere, hots, bat-batekotasunak eta kantuak eta potoari behin eta berriro ihes egiteko abileziak baino eskaintzen ez dituzten dohain horiek. Ez baitituzue aurkituko, entzule maiteak. Hau soilik idatzizko literatura da, ez Literatura.
Izan ere, eleberriaren zertzeladak agerian ez jartzeko daukagun beste arrazoia nobela honen bertsioaren zuzeneko bertso-emanaldiaren proiektua da, laster aurkeztuko dena; kontua soilik eleberrian geratu izan balitz, ziurrenik, ez ginateke horren tentuz ibiliko argumentuarekin, idatzizko literaturak daukan hedapen minimoa kontuan hartuta. Baina bertso-saio bihurtuko denez, zabalkuntza masiboa espero daiteke, eta, kasu horretan, eta nahiz eta zuzeneko emanaldietan, gure arte gorenean normala den bezala, istorioak aldaketak jasango dituen, ez zaigu iruditzen komenigarria xehetasunetan arakatzen ibiltzea, sorpresa-efektua kontserbatze aldera. Estreinaldian Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Ramon Saizarbitoria eta Belen Gopegi arituko dira Superpotentzia emozionala kantatzen, eta ziur gaude, bide horretatik, istorioak bere ahalmen osoa iritsiko duela azkenean, eta emanaldi honetan egiten ari gatzaizkion kritika oro har positiboa berretsiko eta are gaindituko duela. Hala espero dugu, behintzat.
Baina zuzeneko emanaldia iritsi bitartean –datak ohiko bideetatik jakinaraziko zaizkizue–, liburuaren kritikarekin konformatu behar. Ulergarria litzateke, publiko kutun hori, saioa egin arte itxaron nahi izatea, baina egonarriari ezin badiozue eutsi, hor daukazue liburua, gosegarri gisa. Susmoa dugu aurretik irakurrita ere, kalte gutxi jasoko duela istorioak, bertso-emanaldian lortuko duen erakustaldi-maila dela medio. Edo hori pentsatu nahi dugu, behintzat, lehengaia, esan bezala, promesgarria iruditzen zaigulako. Nolanahi ere, han izango gara eta, beti bezala, gure kritika kantatuko dizuegu ondoren: ikusiko dugu honekin bat egiten duen ala ez, azkenean.
[Inazio Etxebarria Perezek, Mikel Aierbe Sudupek, Ane Labaka Maiozek eta Mitxiko Kakutani Elissaltek 2022-XII-8an Lisboako Bertso Antzoki Nagusian kantatutako Superpotentzia emozionala nobelaren saio kritikoa, egile ezezagun batek prosaz transkribatu, bateratu eta Babelia idatzizko literaturaren fanzinean argitaratu zen bezala, 2023ko urtarrileko zenbakian. “Gutxiengoaren txostena”, hots, ildo orokorrarekin bat ez zetozen bertsolari horien iritzien laburpena, hurrengo zenbakiaren ohar batean agertu zen]