Sega leihoduna

Iker Zubeldia-(r)en argazkia Iker Zubeldia 2023-11-16

Sega leihoduna –

Aspalditxo, Goierriko helduen bertso eskola egiten zen Ordizian, eta oraindik ere mantentzen dute ohitura. Dozena bat urte igaro nituen beteranoekin asteartero afaltzera joanez. Patxi Aldekok garaje moduko bat zeukan, soziedade koxkor bat bihurtuta, eta bertan elkartzen ginen Florentino Goiburu, Patxi Iraola, Iñaki Murua, Euxebio Igartzabal, Iñaki Añei, Mikel Mendizabal, Jexux Mari Jauregi Altzo Txiki, Joxe Mari Aranburu Gabika (Mikel Aranburu bertsolariaren aita) eta Patxi Aldeko bera, besteak beste. Tarteka, gonbidaturen bat ere azaltzen zen. Mari Karmen Barandiaranek, Patxi Aldekoren emazteak, prestatzen zuen afaria.

Egun batean Florentino Goiburu sega batekin azaldu zen. Hainbeste urtez erabili eta gero erabat gastatuta zegoen sega, erdi-erdian zulo bat zeukan. Patxi Aldeko errementaria zen, eta Florentinok sega solda zezan eraman zion. Patxik esan zion ez zuela merezi halakorik egiterik, erosi zezala beste bat eta kito.

Aldamenean Gabika zegoen, eta momentuan esan zion: “Hori, moteil, soldatuko diat nik!”. Sega berak eraman zuen, hurrengo afarian bueltan ekarriko zuela hitzemanda.

Iritsi zen hurrengo asteartea, eta Gabikak sega ekarri zuen, soldatuta, agindu bezala, baina Patxi berehala ohartu zen herdoil-azala (kaskarillea, alegia) kendu gabe zuela. Kolpe bat eman zion segari eta soldadura guztia saltatu zitzaion, eta zuloa lehengo toki berean azaldu zen.

 

Sega leihoduna
Goierriko helduen bertso eskola. EITB, Bisitaria programa

 

Orduan Patxi bertsotan hasi zitzaion Florentinori, sega berri bat erosteko dirurik ez bazuen berak mailegu bat emango ziola esanez. Kontuan izanda Patxi oso gizon argala dela, Florentinok honakoa abestu zion:

 

“…nola egiten deken
sarri prestamoa,
beize eongo dek mehea
hire estamoa*”

 

Pena ematen dit bertso osoa gogoan ez izateak, baina erantzun bikaina iruditu zitzaidan eta horregatik ekarri dut hona.

 

*estomagoa, urdaila

Sega leihoduna