Printza txikia
Printza txikia –
…eta Lazkao Txikik arrosari ura eman eta baobab sustraiak atera zituen planetaren lurpetik.
Planeta txiki bat da bertsolaritza, eta hura deskubritzea ez zegoen nire planetan. Baina berak deskubritu ninduen, eta bere mundu txikira –txikiegira, askotan- eraman.
Gero, heldu bihurtu ninduten eta fundamentuzko lan bat topatu nuen. Hegazkina hartu, eta mundua ezagutzeko aukera izan nuen, haur izaten jarraitzeko aitzakia baino ez zen kazetari lan bati esker. 2006. urtean Kuba zeharkatu nuen Indio Nabori repentista handiaren heriotzari buruzko ale bat osatzeko. Bertsolari aldizkariarekin lotura estua sortu zitzaidan, ordutik.
Kuban berriro ikusi nuen printza txiki hura, eta dezimekin betiko maitemindu nintzen. Kanpoko inprobisatzaileen maila (ordura arte gutxiesten nuena) zenbateko altua izan zitekeen ikasten hasi nintzen. Las Tunaseko Cornito hartan jakin nuen bazirela beste gune batzuk munduan, guri Belodromoak edo Bertso Eguneko afalosteak sentiarazten digutena sentiarazteko gai. Orduan konturatu nintzen gure mundu txiki hau beste planeta txiki batzuen lehengusua dela. Bakoitza, bere baobab eta arrosekin.
Munduko inprobisadoreak izan ditu ardatz nire kolaboratzaile jardunak gehienetan. Mundutxoz mundutxo ibiltzeko aukera eman dit. Kubatik Malagara joan nintzen gaztelaniaz inprobisatzen duten Hego Amerikako bisitariak ezagutzera. Ale monografikoak izan dira nire lanetako asko, sakoneko lanak. Elefantea irentsi duen sugea ikusteko espazioa eta denbora ematen dutenak. Denetariko planetak deskribatu ahal izan ditut: planeta moreak, non nazioarteko emakumezko inprobisatzaileak bakarrik bizi ziren; planeta gorri-beltzak, zeinetan bonbo klap-aren gainean inprobisatzen zuten raperoek; Alpujarreetako planeta baobabez betea…
Lazkao Txiki printzearen planetakoak izan gabe, gure planetakoak diruditen errealitateak dira gehienak. Batzuetan, espazioan ez ezik, denboran zehar bidaiatu behar izan dut planeta horietara iristeko.
Antzeko zerbait gertatu da sare sozialetan ere. Bertsolaritzaren bueltako mundutxoa biltzen hasi nintzen, intuitiboki, duela zenbait urte. Garai hartan egiten nuenak ez zuen community manager izen ponposorik, baina horixe ari nitzen egiten konturatu gabe: komunitate bat sortzen, interes baten inguruan. Gerora ohartu nintzen Bertsolari aldizkaria izan zitekeela albiste iturri, eta komunitate hari zentzu handiagoa ematen ziola aterki hark. Hargatik fusionatu nituen bi komunitateak.
Asko ikasi dut gure mundutxoaren soziologiaz, zein astegunetan irekitzen duten Facebook bertsozaleek, eta zein bertsolariren argazkik jartzen dizkien ileak puntan bertsojaleei. Printze txikiaren egoskortasunez betetzen dituzte errutinak zaletuek. Besteak beste, dezente harritu nau jarraitzaileen “atsegin dut”ak emateko moduak: gehienek bideoaren lehen 20 segundoak ikusi baino lehen uzten diote bideoa ikusteari, eta askok elkarbanatu egiten dute. Beraz, ikasi dut sare sozialak norbere apaingarri ere badirela. Modako txapela nola, halaxe janzten dituztela askok modako bertsolariaren hitzak, zein diren ere jakin gabe. Gure planeta txikiaren joera berriak dira. Planeta txikietan hazten diren arrosa txikiek ere lan asko ematen dute, antza…
Dena den, batzen gaituen zerbait dugunaren sentipena ederra da. Mundutxo txiki hau eta antzerako mundu txikiak batzen dituen soka txikiak eraikitzen ari gara, amaraun ikusezin bat eraikitzen. Baina ondo gogoratzen ez dudan autore batek esaten zuen: “Benetan funtsekoa dena, esentziala, ikusezina da begientzat”.