Pitzadura bat debaldeko festan: Xenpelar, Bilintx eta Iparragirre

Kepa Matxain-(r)en argazkia Kepa Matxain 2023-11-17
Ilustrazioak: Unai Gaztelumendi

 

Bertsolariaren, poetaren eta komediantearen gurutzaketa bat lau ekitalditan

 

 

  1. Xenpelar da bertsolaria

 

  • Xenpelar duk bertsolaria. Mokoker hori ere ez duk gaizki moldatzen, baina bertsolari-bertsolaria gurea duk: Xenpelar.

 

 

Ez dute beste hizpiderik igande arratsaldez etxera bueltan doazen errenteriarrek. Bazebilen zurrumurrua eguerdirako: bertsolari kuadrilla elkartzekoa zela sagardotegian, eta, gerturatuz gero, izango zela iji, aja eta aleluia. Halako mailarik, ordea? Ezta Patxi Bakallorekin Hernanin izandako deman ere! –eta hura zinez izan zen gogoan hartzekoa–. Tripak lehertu beharrean igaro dute arratsaldea. Ez Olloki, ez Larraburu, ez Ardotx eta ez Panderitarrak, Xenpelar mendean hartuko duenik ez da egundo jaio. Ez da sinestekoa, 23 urte eskas eta hori da bertsotan egitea. Atzeko mahaitik donostiarrak builaka hasi direnean ere ez da odolgabetu: haiengana gerturatu eta, konturatzerako, hor hasi da Bilintxekin nor baino nor –hura ere tartean egokitu baita–. Ba ote zegoen jai egunari gehiago eskatzerik?

1857. urtea da, 1858a agian. Dozena bat urte inguru, beraz, Sociedad de Tejidos de Lino Rentería S.A. erraldoia herrira iritsi zenetik. Eta, haren segidan, sektoreko beste asko: Salvador Echeverría; Sorondo Primos; Gamón Hermanos. Eta jendea, jende saldoa, probintziakoak gehienak, urrunagokoak ere bai zenbait –mila biztanle berri azken hamabost urteotan; guztira 2.500 bueltan–. Nork esango, orain urte batzuk, gerrak ez harako ez honako utzitako nekazal herria, gazte guztiek hanka egiten zutena, goizetik gauera probintziako helmuga kotizatuenetakoa bilakatuko zenik, gero eta populatuagoa. Orain ehun-lihoaren herria da Errenteria, eta Xenpelar ez dabil aparte. Oiartzungo mugako Senperelarren jaiotako gaztea, urte askoan baserrian morroi ibilia, herriko liho enpresa handienak dituen 500 langileetako bat da. Umetako mundua lausotzen sumatzen du, baina ez dago atzera begira egoteko: bere anaia Juan Jose bezala, retegitar batekin ezkontzekoa da laster –Maria Joxeparekin–. Nekez utziko du bertsolari bizimodua baina. Hamabi urtetarako gai zen bat-batean aritzeko, eta geroztik inguruko guztiak mendean hartzera ailegatu da: umoretsua da, oroimen onekoa, eta, batez ere, erreflexu bizikoa. Bertsolari onak behar duen bezalakoa.

 

Hala erakutsi du gaur sagardotegian, baita Bilintxekin izandako norgehiagokan ere. Donostiar porrokatuenak ere ezpainak lotuta etxeratu dira; zer erremedio. Bilintxek badu abilidadea, hori ez dago ukatzerik. Lau urte zaharragoa da –bere plantari erreparatuta, edonork esango luke dozena bat urte ateratzen dizkiola–, txukun josten ditu bertsoak, bistan da gizon estudiatua dela. Plaza zaila zeukan gaur, ordea. Dagoenik eta zailena. Eta demak iraun duen tarte laburra aski zaie entzuleei epaia emateko: ahotik ahora, ez da Xenpelarren zapata zolara ere ailegatzen.

 

  • Zerbait falta dik bertsolari konpletoa izateko. Hura poeta duk gehiago. Ez dik gure Xenpelarren bere-berezko zerarik.

 

Baserritarra itaun ontologikoak bizi du, baitezpadakoa zaio gauzak zer diren eta zer ez diren bereiztea: zer den hiriburuko eta zer probintziako, zer eskolatu eta zer eskolatu gabe, zer bertsolari eta zer poeta. Disoziazio zurrunez lantzen du kriterioa: erdibidekoa enbarazu da. Eta Bilintxek ezin du bertsolari izan, ez behintzat erabateko. Bertsolaria –benetakoa– baita gizon segurua, lotsagabea, ezustean harrapatuko zaituena. Bertsolaria jaiotzez da bertsolari, eta hil artean da bertsolari. Egunez zein gauez, hizketan bezala egiten du bertsotan. Situazio oro da plaza potentziala; hain dago situazioari lotua, ez baita handik abstraitzeko gauza. Ez eskatu bat-bateko bertsolariari halakori edo honakori buruz kantatzeko, horretarako daude bertsopaperak. Bat-batean ari denak kolpean kantatzen du, inork eskatu gabe, parean egokitu zaionari buruz, eta, hasi eta segi, besteek erantzun ahala jarraitzen du bertsotan, aspertu arte. Bertsolaria deus gutxi da bere bakardadean, elkarrizketak bihurtzen du bertsolari, nora doan ez jakiteak, hizketakideak marrazten dion bideari segituz aldi berean hura gainditzeak. Bertsolaritza bizi estilo bat da, munduan egote modu bat, herriak emandako tokia –bufoiarena– onartu duenarena, baina ez zerbitzu modura, hautu existentzial gisara baizik: minean ere barrea asmatuz ematen die gauzei zentzua. Bertsolaria zirikatzailea da, satirikoa, kritikoa: guztiek pentsatuagatik inork esaten ez dituen egiak esatera ausartzen da kantu errimatuak eskaintzen dion kode berezia baliatuz. Eta, era berean, iheskorra da, harrapagaitza, bere kode berezia literaltasunari uko egitean baitatza: zail da jakiten kantatzen duen guztitik zer den egiazko eta zer asmazio, zer propio eta zer besteren, zer esplizitu, zer inplizitu eta zer ausazko. Horregatik da deserosoa boterearentzat, eta horregatik jotzen du hark, mespretxuz, zabartzat eta behe mailakotzat. Bien bitartean, herriak liluraz begiratzen dio: jenioaren aura berezia dario, baina, aldi berean, eskura dago; gutarra da. Eta guretzat ere bere ekipokoa izatea identitate modu bat da: xenpelartarrak gara, eta bera da benetako bertsolaria, gurea delako.

 

Hori guztia esan gabe doa, noski. Errenteriarrek, etxera bueltan doazela, besterik gabe badakite –sentitu (!) egiten dute– bertsolaria zer den, dakiten bezala inor, ezta donostiar ilustre ustekoena ere, ez dela gai izango hura bere tokitik mugitzeko.

 

  1. Bilintx da etorkizuneko bertsolaria

 

Pitzadura bat debaldeko festan

 

Xenpelarrek arrazoietan gain hartu dio, konforme, baina errepara dezagun haraxeago, inork ez al du aipatu behar, adibidez, Bilintx belarrira zein leun eta gozo sartzen den? Aldiz, Xenpelar, zer nahi duzue esatea, garratza da eztarriz, beti doinu berean kantatzen du. Baina, noski, jendeak ez dio horri begiratzen, jendea gelditzen da taxukera orokorrarekin, eta, agian ez dago ondo esatea, baina Bilintxen taxukera denok dakigu zein den: sudur kako hori, betirako geratu zaion herren hori… Ez naiz itxuraz ari, ez itxuraz bakarrik behintzat. Esan nahi dudana da zazpi deabru ikusitakoa dela Indalezio, eta bat umetan eskaileretatik behera erorita muturra okertuta gelditzen bada, eta gero sokamuturrean zezenak adarkatu eta pausoa ganoraz luzatu ezinik, betirako lainotzen zaiola kopeta, eta zer esanik ez arima. Eta horixe da kontua: jendeak nahiago duela pausoa sendo luzatzen duen bertsolaria, dardarizorik antzematen ez zaiona, doan tokira doala barru sendoko agertuko dena. Baina batzuok Bilintx maite badugu da, hain justu ere, arima lainotu horretatik kantatzen diolako bizitzari –kantatzen dion bezala Becquerrek, edo Mussetek, edo Leopardik, edo Heinek–, minari ederra ateratzen dakielako. Batzuok hori guztia ikusten dugu bertsolari betilunaren atzean. Bilintx bere garaiko gizona da, gu guztiok baino garaikoagoa, eta horregatik gehienak ez dira oraindik gai haren bertsoen dirdira jasotzeko –goizegi da agian–. Konturatu zarete nola begiratzen dioten? Talentu handikotzat daukate, ez dute haren aurka ezer esango, baina sagardotegiko giroan antzeman da: Bilintx ez da beretarra. Eta, ez gaitezen inuzenteak izan: ez da liberala delako, aitona Ayamontekoa duelako… edo ez hori bakarrik behintzat. Zerbait primarioagoa da, kasik gorputz mailakoa: hizkuntza bera darabilte, adinez ere gertukoak dira, baina Xenpelarri ia beren buruaren luzakin bati bezala begiratzen dioten bitartean, Bilintx arrotza zaie. Eta marka da, nahi duenean ederki asko kantatzen baitu usadiozko estiloan: nahi luke Xenpelarrek Bilintxek Domingo Kanpainari kantatutako bertsoa bezain eztenkaririk! Kontua da ziri hutsala ez zaiola aski Bilintxi, beste arnas bat ere bilatzen duela bere barru-minduak. Eta, horretarako, ahozko usadioaz gain, poesia idatziaren oihartzunak jasotzen dituela, bertsopaperetan batez ere: ahozkotik idatziak dira, bai, baina hain modu perfektuan, idatziz sortuak baizik ezin baitute izan. Badute arnas bat ez dena oraindik herriarengana iristen, baina egon trankil, historiak ezer irakatsi badigu, hori da gure kapitala Donostiatik Tolosara eta Tolosatik Donostiara aldatu den modu berean aldatzen direla jendearen nahiak, eta seguru nago pixkanaka zenbait hasiko direla bertsolarien beste alderdi batzuei ere erreparatzen, joskerari, kantaerari, intonazioari, eta Xenpelarrez gain, gai izango direla Bilintx edo Iparragirre miresteko. Ausartzen naiz gehiago esatera: iritsiko da eguna bat-bateko bertsolaritzan Bilintxen bertso moldeak Xenpelarrenak baino eragin handiagoa izango duena. Historiak irakatsi digu: berritasunari planto egiten zaio hasieran, baina taxurik baldin badu –eta, sinetsidazue, Indaleziok trumilka dauka–, bere bidea egiten du gero. Argitu kopetak, oraindik inork ez du sententziarik diktatu. Gaurkoagatik behintzat lasai lo egizue motellak.

 

  1. Iparragirre da herriaren ahotsa

 

Bizpahiru urte atzera, Bilintx Urretxun dabilela, jendetza sumatu du kantoi baterantz arrapataka, eztarriak eten beharrean:

 

  • Iparragirre!

 

Santa Anastasia festetan da herria, eta Bilintxek burua jiratzearekin bat bistaratu du, iraileko eguzki epeletan, Iparragirreren bizar zarbatsua. Kartzelan sartu zutela entzun zuen, Madrilera deserritu zutela ere bai, baina itzulia behar du, inondik ere, nekez irudikatzen baitu pareko gizona bezalako beste inor Kantauri isurialde osoan –eta ez gitarra eskuan kantuan ari delako bakarrik–: bizarpeak iradokitzen duen lepalde tinkoa, bisaia harmoniatsuko begirasun noblea, eta, batez ere, beso zuztar gihartsu horietakoak, gehienek bizi osoko eskulan gogorraren ondotik soilik forja ditzaketenak, zenbaitek –eta Bilintxek susmatzen du Iparragirre bigarren klase horretakoa dela– berez-berez dakartzatenak. Kantua ez ezik, gorputz atal oro du egoki hornitua Urretxuko bardoak. Edonork esango luke, Gipuzkoako batailoian zebilela, larri zauriturik birritan bizia galtzear egon zenik: Bilintxek ezin irudika lezake hilotz artean berrogei urtera ailegatu gabeko silueta hura, txapela atzerantz, ahots tarratatuz Gernikako arbola kantatzen ari dena, presentzia hutsez urdaila korapilatzen diona.

 

Jendetzaren artean bidea eginda, kantariaren parean jartzea lortu dute Bilintxek eta adiskideek. Apenas entzuten duten haren ahotsik: saldoa ari da haren gainetik kantuan, letra guztiak, hasi eta buka, buruz dakizkiela. Lorpen handiagorik! Frantzian zelarik Marsellesa abesteagatik kanporatu zutenak, orain zer eta bere Marsellesa propioa konposatu du. Oraindik ez dira bi urte abestia lehen aldiz kantatu zuenetik, eta dagoeneko foruzale guztien ereserki bilakatua da, karlista zein liberal. Bilintx ere, jendetzara batuta, ozenki kantatzen hasi da, Iparragirreri begirada ezin kendurik. Ezin du sinetsi, pare-parean dauka mitoa: hamalau urterekin gerran borrokatzeko Madrildik Euskal Herrira itzuli zena, Frantziako erbestealdian Caroline Duprezekin musika eta kantua ikasten aritua, Italian, Suitzan, Alemanian eta Londresen ibilia, barrikadetan bezala jauregietan, sekula bere erroei atzea eman gabe. Eta harekin inoiz konturik egin gabe ere oso gertuko sentitzen du: zeru azpiko aldia hala moduz igarotzearekin konformatzen ez denaren sugarra dario, bizia sentitzeko modu bat, kartsua, Bilintxek berarentzat nahi lukeena. Ez da berak halakorik ez duenik –minak zein pozak indarrez kolpatzen dutenetakoa da–: kemenez da ahulagoa, ez Iparragirre bezain pieza bakarreko, eta horregatik sortzen dio zirrara haren egote ziurrak, bizi-irrika piztarazten diolako berriz. Bai, aurrez aurre erreparatzen diolarik, Bilintxek sumatzen du zoru sendoan dabiltzanetakoa dela Iparragirre, dagokion tokian dagoen horietakoa, nor bere baitaratze demasezkoetarako lanpetuegi, herriaren ahotik kantatzen dutenak bezala. Nahi luke haren egonarriaren puska bat berarentzat.

 

Pitzadura bat debaldeko festan

 

  • Beste bat, Iparragirre! Beste bat!

 

Gitarra zorroan sartzen ari dela ikusirik, jendea ez dago berriketarako. Baxoerdi bat behar duela azaldu die Iparragirrek, ohi duen patxadaz; segituko duela geroxeago, hala nahi badute.

 

  • Iparragirre! Hau ere bertsolaria da, zu bezala!

 

Bilintxek ihes egin nahi du handik. Lurrera begiratu du, zerura gero, lurrera berriro eta lagunari azkenik, bertan akabatuko lukeela garbi adieraziz. Hark, lepotik hartu eta aurrerantz tira dio, berriro errepikatuz:

 

  • Honek ere bertsotan egiten du, eta ez nolanahi!

 

Iparragirrek aurrez aurre dauka Bilintx gaztea. Goitik behera behatu du, irribarre zabalez, pipari zupada patxadatsua eman bitartean.

 

  • Ezagutzen diat, bai.

 

Gero, ezker besoa atorra zabartuaren mahukan sartu bitartean, bota du:

 

  • Mutil hau nire semea bezala izango duk.

 

Eta alboko tabernarantz luzatu du pausoa. Bilintxek ez zuen sekula pentsatuko halako zerbait hain modu axolagabean esan zitekeenik. Begira gelditu zaio, zer egin ez dakiela, entzun berri duena hizketarako gonbidapena ote den zalantzati, gorputzaren eta hitzaren arteko desinkronizazio harekin are liluratuago.

 

  1. Bilintx da Xenpelarren ispilua

 

  • Iparragirre duk handia! –izan zen lehenengo.
  • Iparragirrek eskola oso ona omen dik! –segidan.
  • Musikarekin kantatzen omen dik Iparragirrek! –ondoren.
  • Hura solfeoko gizona duk! –azkenik.

 

Pitzadura bat debaldeko festan

 

Xenpelar gogait eginda dago txaplatarekin. Kalean gurutzatzen duen hankabiko bakoitzak Iparragirre ateratzen dio hizpidera, eta ez du ezer ulertzen. Nondik halako lilura? Zergatik Iparragirre, ez bada ahotik ahora kantatzeko kapaz? Noiztik bertsozaleak solfeoarekin buru hausten? Gauza bakarra dauka garbi: donostiarrekin sagardotegian elkartu zeneko hartatik aurrera hasi zela Iparragirreren izena airez aire zabaltzen. Zer diren kontuak, jai egun arrunta ematen zuena jendearen gogoan gelditu da –eta baita Xenpelarrenean ere–. Eta gauzak gogoan geratzen direnean, dio Xenpelarrek berekiko, zerbaitengatik izaten da. Bai, Bilintxekin izandako dema hura –bizia bezain laburra–, ez zen beste demak bezalakoa izan; gertatu zen zerbait beste inorekin –ez Patxi Bakallorekin, ez eta Ibarrerekin, Xorrolarekin, Bordondorekin, Ardotxekin, Arotxarekin, Larrabururekin eta Zakarrarekin– gertatu ez zitzaiona: beste bertsolari mota bat sumatu zuen parean. Ez doinuetan edota hizketa estiloan bakarrik –Bilintxek ez du, esaterako, bere moduaz oso bestela errimatzen–, baizik eta izateko maneran: eskola ona, solfeoa, fintasuna… Bilintxi begira, bere burua ikusten du zeharka: bera ez da Bilintx, bera beste zerbait da.

 

Enegarrenez Iparragirrerekin xaxatu dutelarik, Bilintxekin izandako enkontrua oroitu du. Agian izango da berriz ere sagardotegian delako jai egunez, hesteak botatzeko gosez daudenez inguratuta, harrotzen hasita, baina batak bestea dakarkio gogora, eta, gehiago ezin eutsirik, kantuan hasi da: “Iparragirre abila dela/ askori diot aditzen;/ eskola ona eta musika/ hori horrekin serbitzen”. Denen harridurarako, ahoz aho dabilen doinua atera du, Iparragirrek Aloñamendi izeneko abestian darabilen berbera, metrika eta errima-joko berezikoa. Ez al zioten leporatzen beti doinu berean kantatzen zuela? Izorra bitez, ba, orain! “Ni ez nauzu ibiltzen/ kantuz dirua biltzen/ komediante moduan:/ debalde festa preparatzen det/ gogoa dedan orduan”.

 

Xenpelarren manifestua da. Diktatu du sententzia. Bertsolaria, bere burua poetaren ispiluan alderantzikatuta ikusirik, autokontziente egin da. Usadioak inozentzia galdu du: jada ez da existitzen errepikapen hutsagatik, existitzea erabakitzen duelako baizik. Eta, oraingoz, erabaki du jarraitu nahi duela plazan eta sagardotegian, lehian eta desafioan, ospakizunean eta algaran. Bertsolari izan nahi duen orok –baita Bilintxek edo Iparragirrek ere– joko zelai horretan erakutsi beharko du bere gaia, baldin eta onartua izan nahi badu. Ez eskola onak, ez solfeoak, ez poesiak, ez dute lortu bertsolaria bere tokitik kanporatzerik. Debaldeko festak, pitzaturik bada ere, bere horretan jarraituko du, herriak kontrakorik esaten ez duen bitartean.

Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan 
Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan Pitzadura bat debaldeko festan