[PERLAK] Nortasuna ere galtzen du batek...
Nortasuna ere galtzen du batek… –
Hogeigarren mende bukaera. Urrats gaua. Gaua, Sarako plazan kantatu ondotik kotxez, bakarrik, Lizuniagan beheiti, kontrola. Orduerdi luze bezain beldurgarria: galdera, galdera anitz, errepidetik urrundu, bakartu, armen soinua… Dardara.
Bertso xorta gogoangarrienaz galdetzen dizutenean nahi eta ezkoa da zure memoriari galdera egitea; eta zaila erantzuna bakarra izatea: “lapurrik handienak/kanpoan baitaude”, “maitasunik ez nun eman ta/maitasunik ez det jaso”, “lotan al zeunden nere jangoiko/ madarikatua!”, “ni aukera bat besterik ez naiz, berak pentsatu(?) dezala”, “Miribillako rotondan, errekarriz errekarri”, “ze orain ulertzen dut kantu hori, Eternamente Yolanda”, “nortasuna ere galtzen du batek, guardia zibilen aurrean”… Azken puntu honen bueltan eginen dut ziurrenik…
Nire idatzi honetarako burua bueltaka nuela, Jone Uriaren perla 2001eko finala dela irakurri nuen… bere lehen finala, 11 urterekin. Nire lehen finala ere (lehen txapelketa oro har) 11 urterekin izan zen: 1986koa. Txapelketa hartatik gehien gogoratzen dudana Jon Sarasuaren Tolosako finalerdia da. Alde hortaraino aipagarri Uriarekiko antzekotasunak. 2001eko finala ere ongi gogoan dut. Baina juxtu Jonek ez du aipatzen niretzat perla gogoangarriena dena:
“Zuek nortasun agiri edo identifikazio kartak zarete. Aitor, ENA edo Euskal Nortasun Agiria zara, eta Maialen, Espainiako nortasun agiria. Biok zaudete pertsona beraren karteran. Hiruna bertso, zortziko handian, Aitor hasita”.
Mendiluze
Gaur bi agirik topo egin degu,
baina zer demontre da hau?
Bistakoa da: bere buruan
aurretik eginak dirau.
Nahi ez duela heldu zaizkio
hainbat lege, hainbat arau;
zu jarrarazi egin zaituzte
eta ni berak jarri nau.
Lujanbio
Baina bidea nik libre daukat
ta zuk bete-bete trabaz;
ni gazteleraz inprimatua
eta zu berriz euskaraz.
Gure jabea beti dabil zu
beste baterako lagaz,
argazkia ere muituta dezu
izango zuen dardaraz!
Mendiluze
Biak batera zeuzkan ordea
dardara eta zentzuna.
Ni egitea izan da beraz
zurekiko erantzuna.
Nik azaltzen det jabeak duen
berearen maitasuna;
zuk bere izena azaltzen dezu
ta nik bere nortasuna.
Lujanbio
Biak patrika berean gaude,
biak elkarren hurrean;
ni zurekin ez baina zu zaude
nerekiko haserrean.
Zu nortasuna omen zerala
diozu modu errean,
nortasuna ere galtzen du batek
guardia zibilen aurrean!
Mendiluze
Guardia zibilen aurrean nahiz ta
susto bat duen hartua,
ni atera nau nahiz eta izan
zuregatik galdetua.
Jarrera horrek ni indartzen nau
ta zeu zera kaltetua;
indarra dezu baina horrela
kenduko dizut lekua.
Lujanbio
Neri lekua kendu nahiean
al da zure jo ta kea?
Oraindik indar haundia daukat,
beharko dezu tartea.
Nere aurpegiak sortarazten du
patxara eta pakea;
zure aurpegiak irekitzen du
kalabozoko atea.
Azalpenak soberan daude baina, labur-labur: Aitorren saioa, egoki eta bikaina, baina Maialenena… Argazkia dardararekin mugitua? Horretxek adierazten du ederki errepidean 80ko seinalea ikusten genuenean sabelean sentitutakoa. Maialenek ez du kontrolik edo poliziarik aipatzen lehen bertso horretan. Baina Aitorrek izena eta nortasunaren arteko agirien aurkaritza aipatzen du eta juxtu horrek bideratzen du Maialenen beldurra, izua, adierazteko esaldi gogoangarria: nortasuna ere galtzen du batek/ guardia zibilen aurrean!
Bua! Entzun duzunari erantzuteko txaloak aski ez diren sentzazioa. Norbere esperientziagatik, momentuagatik, egoerarengatik, itsutzeraino liluratzen zaituen harribitxi garesti bat. Nire memoriak ez ezik, memoria historikoak ere jaso beharrekoa; bertsoa eta sentipena.
Perla gogor bat, zoritxarrez. Perla distiratsu bat, zorionez.