Patata da bide bakarra - Arabako bertso mugimenduaren biharkoa gaurtik

Ruben Sanchez Bakaikoa-(r)en argazkia Ruben Sanchez Bakaikoa 2024-11-12
Argazkiak: Arabako Bertsozale Elkartea

Patata da bide bakarra –

Patata da bide bakarra

Udaberri hasieran, Arabako bertsolari txapelketak Aroa Arrizubieta txapeldun berria utzi zigun, baina ez hori bakarrik. Txapelketak unean uneko argazkiak dira, argazkien atzean, ordea, badira mugimenduak: bertsolari batzuek azken txapelketa izan dute, beste batzuek, eskala handiago edo txikiagoan, eztanda egin dute eta etorkizuna itxuraldatu. Gaiak, profilak, publikoa, euskara… aldatuz doa.

Bertsolari batek txapelketan kantatzeari uzten dionean, bere ibilbidea lasaitu egin ohi du, bertso lurrak ere beste era batera hartzen du, eta, kasu gehienetan, saio gutxiago izango ditu eta plazetatik apurka-apurka desagertzen joango da mendi zuri-zuri batetik elurra nola (baina kasu batzuetan, aldiro botako ditu bere elur malutak, aldaketa klimatikoa gehiegizkoa ez bada).

Esango nuke txapelketa honek zentzu horretan aldaketa asko ekarriko dituela Arabako eguraldian: Manex Agirrek bere azkena zela iragarri zuen, Oihane Pereak aurreko txapelketan egin bezala, baita Zigor Enbeitak lehenago ere. Otamendik zer egingo duen ez dakit, baina kantatu ez kantatu ibili da azken txapelketetan. Azken 20 urteotako finaletan kantatu dutenen artean ordezkari bakarra gera liteke: Iñaki Viñaspre.

Bestalde, badira “heldutako” bertsolariak ‒Peru Abarretegi, aurreko txapelduna; Xabi Igoa, aurten ez, baina azken edizioetako finalista eta txapeldun gaia; Paula Amilburu, aurten eztanda egin dutenetako bat‒, eta badira bertsolari gazteak ‒Arrizubieta txapelduna bai, baina baita Aitor Ugarte, Unai Anda, Eli Zaldua, Martin Abarrategi, Maddi Agirre eta Danel Herrarte ere‒. Horiek osatuko dute Arabako argazki nagusia datozen urteetan (rokera edo hiphopera edo regetonera zaharrekin batera: Izar Mendiguren, Ekaitz Samaniego…), eta guardia zaharreko azken gudariek.

Patata da bide bakarra

Ez naiz ausartuko hemen ‒nahiz eta polemikak audientzia ematen duen‒, bueno, bai, ausartuko naiz, zer arraio! bertsolari horiek, proposatzen zaizkien gaiak eta aurrean duten publikoa monokromatikoa den edo “marko ideologiko jakin bat” eta bakarra osatzen duten esatera, ea progresismoaren ezkerreko mezuak erreproduzituko dituzten bi aldiz pentsatu gabe, edo zer. Sarasuaren gauza batzuk aintzat hartzekoak iruditzen zaizkit ‒bere kontrako kritika batzuk bezala eta beste batzuk ez bezala‒, baina Idahoko euskaldunaz ari denean, iruditzen zait irudikatu duela gizon hetero zahar samar bat eta Trumpen aldekoa (eta agian Idahon euskaldun mota gehiago dago). Araban ‒eta Euskal Herrian‒ nahiko genuke Trump (Abascal? De Andrés?) zaleak ere bertso plazetan ikusi eta halako bertsolariak ere izatea. Baita Anduezaren ideia toreroak, Cristina Ibarrolaren Nafarroako Herri Batasunaren aldekoak, edo Laurence Le Verten ideia intimoenak kantatuko lituzketenak (A! eta AHT eta lagi zaharra ezartzearen alde kantatuko luketen bertsolariak eta entzuleak ere izatea). Eta nola ez, abortuaren alde, bollera eta maritxuen kontra, (eta intersexualak, transexualak, bisexualak, asexualak, ninfoman(o)ak eta putak ‒horiek denak, batez ere pisu bila dabiltzan pertsona arrazializatuak direnean‒ kritikatuko lituzketen bertsolari ehiztari, matxista, arrazista eta putero gizon txuri bertsolari gehiago. Aber, gaitik irten naiz, joder barkatu, epaileok, arren, bi puntu gutxiago!

(Baina, euskaldunok ‒eta gurera heldutako pertsona migranteak‒, eta euskara eta bestelako kulturak eta pertsona baztertuak ukatzen eta gutxiarazten gaituzten markoek darraiten bitartean, beharbada, zaila izango da aurreko ideiok era demokratiko batean banatuta egotea).

Nik, dena den, gogoan daukat San Prudentzio sariketa batean Asier Iriondok bota zuena. Gaia zen bera ehiztaria zela eta oreinkumea bota zuela: “Ni asebete egingo naiz ta txakurrarentzat hezurrak!”. Bai, noski! Edo Maialen Akizuk gogora ekarritakoa: “bikote bat zarete eta ez diozue etxea alokatu nahi ijito familia bati”. Bai, noski! Edo finalean Amilburuk eta Otamendik kantatu zutena Barbie eta Kenen rolean, bat bollerismoaren alde eta bestea mutil hetero tradizionaletik. Bai, noski!

Alegia, estutu ditzagun bertsolariak gaiekin, behartu pixka bat. Ez dadila meza bat izan, baina absurdura eraman gabe; izan ere, Trump bera da absurdua; barkatu, fantotxe superboteredun bat. Besterik da euskaldun askoren gordeko arrazakerian, matxismoan eta burgeskerian kili-kili egitea.

Patata da bide bakarra

Nire ustez, adibidez, azken Arabako Txapelketan “marko ideologiko bat” bakarraren arazoa ez dugu hainbeste izan bertsolari, gai-jartzaile eta publikoan, epaile taldean baizik. (Eta errespetutik diot hau, epaile ibili ziren lagunek ez baitute ezeren errurik, eta, gainera, nik ez dakit ze ideologia duten). Izan ere, denak gizonak izan ziren finalean, eta nahiko adinekoak (imajinatzen denak emakumeak izan balira, eta baten bat ez zuria edo “gazteegia”?).

Bueno, natorren berriro patatara. Bertsolari berriak datoz. Gurea bezalako probintzia txiki ausart batean, (you are the sunshine of the shadow, baby), irudipena dut beti miraritxoak egiten ibili garela, erridikuluaren hari labainkorrean funanbulismoa egiten. Azal dezadan: 1984an, bertso eskolan urte bat pasatxo zeramaten ikasle batzuek kantatu zuten lehenenego Arabako Bertsolari Txapelketan. Geroztik, euskaldun berri bertsolari asko, guraso erdaldunen seme-alaba bertsolari asko, eta publikoa ere halakoxea, eta gai-jartzaileak, epaileak… Ez da atzoko gauza soilik: oraindik kezkatzen gaitu maila kolektiboan Txapelketan ondo kantatzeak, finalak maila ona edukitzeak, baina ez beste herrialdeetan bezala: bertsotan ez gelditzeaz ari naiz, bertsoak ondo osatzeaz, euskara maila ona izateaz…

Egia da bertsolari gazteagoek ez dutela hainbesteko pisua horrekin; gauzak aldatuz doaz, euskara asko hazi da Araban, eta normalizatzen ari gara: orain Euskal Erdiko neba-arreba euskaldunak bezain anormalak gara, ia. Gutxituak, baina normal ustekoak.

Baina, miraritxoak egiten jarraituko ote dugun kezka berritzen zaigu belaunaldi bakoitzean: bertsolari berriak etorriko dira, publikoa berrituko da? Azken 30 urteetan euskarazko input (sorry) gutxien jaso dituen belaunaldiak dira gaurko gazteak. Umetan Dragoi Bola edo Arale ikusi ez dutenak, eta, ifrentzuan, youtuber pila bat erdaraz, esaterako. Zenbatek aukeratuko dute euskara eta euskal kultura?

Araban, duela berrogei urte pasa, lehen bertso eskolak sortu zirenetik bide ezberdin bati ekin behar izan genion, ez baikeneukan aurrekoen transmisiorik (Aramaixo inguruan izan ezik), ez euskalkirik, ez eredurik. Basamortu batean lore bat sortzearen metafora erabili genuen duela urte batzuk: “Eta bat-batean bertsoa”. Eta nago, gatozen hori dela, euskararen normalizazioa datorren bitartean (itxura guztien arabera luuuuzerako doa), balio digun bidea: euskualdeak sendotu, Araba areago saretu, gizarteko mugimendu alternatibo eta konprometituekin lotu (agian marko ideologikoa uste baino anitzagoa da), beti ere arabar ardoa lagun eta beste drogekiko errespetuz: elkarrekin moxkortu behar dugu noizean behin.

Bueno gauzatxo horiek Arabatik, ez egin kasu handirik.

Barkatu jaunak, gaizki esanak.

Patata da bide bakarra  Patata da bide bakarra  Patata da bide bakarra  Patata da bide bakarra