[Oroitzapeñak] LEKUTAN ZAGON/K
LEKUTAN ZAGON/K –
Ez nekien zer izenburu jarri orrialdetxo honi, eta azkenean goian duzuen horixe jarri diot, zerbait behar-eta…
Aurrenekoz, Telleriaren baserrira iritsi zen bati entzun nion: “Lekutan zeok”. 1980 inguruan kokatuko gara, soldaduska pasa berritan, bertso irrikaz bizi ginen hartan. Gauzak hain denbora gutxian zenbateraino aldatu diren agertu nahi nuke, gauzak eta egoerak noski. Inondik inora ez dut esango garai haiek hobeak zirenik, ezta gutxiagorik ere, desberdinak bai.
Bertsolaritzan nire lehen urratsak Telleriarekin eman nituen. Ordurako hura gazte-beteranoa zen, ni hasiberri. Orduan laguntzarik handienetakoa berak eman zidan. Telleria non bizi zen galdetzen zidatenean “Handik Ilargira zeharka joan leike” erantzun izan nuen behin baino gehiagotan. Bada, egun batean, han azaldu da gizon bikain bat, txapelarekin eta baserritar peto-petoa. Hiztun aparta, gainera. Zaldibian bertsolari gazteentzat txapelketa egin behar zutela eta bere bila, Artutxa deritzan baserrira. Patxi Iraola zen gizon hura. Ene!! Bururatzea ere Zaldibiatik haraino joan behar zuela, beste ezertara gabe…
Aste honetan jakin dut aurtengo Gipuzkoako Txapelketarako ia 100 direla izena emandakoak. Ez dago orain hain urrutira joan beharrik bertsolariak aurkitzeko.
Telleria hasia zen herriz herri. Orduan, ordea, ez zen telefonorik urrutiko baserrietan. Albiztur herri osoan, bakarra, eta Telleria biltzen zen auzoan, Urkizun, han ere bakarra. Telefonoa zuen etxekoandreak hartzen zizkion deiak. Bere etxe aurrean maindire edo izara zuri bat zintzilikatu ohi zuen, eta etxetik hura ikustean, Telleriak bazekien deiren bat bazuela. Gaur bezalaxe! Ba al da orain 14 urtez azpitik telefono mugikorra ez duenik?
Telleria nire maisutzat neukan, eta gidaria ere bai, harik eta karneta atera arte (semaforo berdean gelditu nintzelako ez nuen aurrenekoan atera).
Lekutan zagon/k? Bai, bai… Bada, txapelketa gainean genuela eta prestatu beharra zegoela eta abar… Bolada batean sarri-sarri joaten nintzen berarekin prestakuntza lanak egitera. Hantxe, baserriko gela batean. Elkarri gaiak jarri eta idatziz egiten genituen saioak. Silaba-jatea itsusi zela-eta, idatziz hobeto konturatzen ginen, nonbait, hanka sartze haietaz. Halaxe prestatu ginen, baina idazteaz aparte, burutik bertsoa kendu gabe bizi ginen. Hasi baginen hasi, soldatatxo polita jasotzen genuen. Herri batean egun-pasa egin eta 5.000 pezeta patrikarako. 30 euro esango luke norbaitek… Bai zera! Lekutan zagon/k! Bi albizturtarrok oso garestiak ginela eta hurrengo urtean beste bi eramango zituztela esan ez zuten ba…! Ze emotikono jarri azken esaldi horri? “Guk metabelarra egiten adinako jornala atera ditek horiek” esan zuenak, arrazoi.
Eta ez nuke esan gabe geratu nahi zeinen ondo hartzen ninduten Artutxan. Beti bazen eskupekoa, botila esne, intxaurrak edo arrautzak. “Esan amari esnea egosteko, bestela galdu egingo da-ta“, enkargua eman zidan behin Ferminak, beti borondatetsu Joxe eta biak.
Urte haietako batean, saio guztiak Telleriarekin egin nituen, bat izan ezik denak. Eta nik zer agenda galduko, eta huraxe! Beste urte guztietakoak jasoak dauzkat, eta huraxe falta. Leloa ni!
Joaten ginen lekura joaten ginela, zer bertsolari klase nintzen hamaika aldiz entzun behar izan nuen. Inoiz inoiz purua piztu izan nuen. Erre, ez dakit, oso gutxitan. Eta whiskya eta patarra ezta probatu ere. “Etzeok Uztapide hemen”, “Zuek ze gizon klase zerate? Ez jan, ez edan, ez erre…”, “Neskatan egingo dezue ba?”… Eta pozik holakoak entzuten bagenituen, zeren… “Zuekin etzeok gizonik”, esaldia ere maiz-maiz entzuten genuen, txuleta bat biren artean jateko eskatutakoan.
Guk nola esan haiei hiru egun jarraian generamatzala festan eta otordu handietan, eta nahiago genituela bainak patatekin.
Eta ez gara 80 urteko gizonak, Telleriak eta biok 61 ditugu. Gerra ondoko razionamendu garaietako kontuak ez dira.
Denboraldi horretan, askotan kontatu izan dudan esaldia hartu nuen betirako gogoan. Parranda handia eginda nengoen eta auskalo zein tankeratan egongo nintzen… Hala esan zidan aitak: “Oraintxe ere esaten aspertu nauk, eta ez diat berriz esango. Amak erropak garbituko dizkik, bazkaria jarriko dik, eta gaixotzen bahaiz sendatzen lagundu egingo dik… Baina lo, herorrek egin beharko dek!”.
Bai, bai horrelaxe dira kontuak… Parrandan ibiltzen zen gazte hura… Lekutan zagon/k!