Onenak ‘Ez gara Palestinaz ari’ eta Xalbador

Bertsolaritzaren inguruan, bere sustrai antropologikoaren inguruan, esplikazio bat ematen diet beti galdetzen didatenei, eta galdetzen ez didatenei ere bai. Bertsolaritza gaitz baten sintoma dela esaten diet, eta xelebre samarra irudituko zaio hainbati, baina nik uste dut egiatik ere izan dezakeela zerbait.

Esplikatzea tokatuko zait orduan. Zein da, bada, gaitz hori? Beti kuriosoa iruditu zait, euskaldunok harrokeriaren kontra daukagun seta. Retegi jokalaririk onena izango da, baina galtze txarra duenez, galtzen duenean pilota mespretxuz botatzen duen bakoitzean, jendearen mespretxua etorriko zaio bueltan. Etxeko haurra goraipatzea ere, ondo egindakoa ozen azpimarratzea, ez duzu askotan ikusiko. Hanka azpian badaukagu hobe, ez dadin txeatu, ez dezan pentsatu dena baino gehiago denik.

Maialen Lujanbioren familiako bazkari batean egotea tokatu zitzaidan behin. Berrogei bat lagun izango ginen eta eskean hasi zitzaizkion ea bertsoren bat abestuko zuen. ‘Ezta pentsatu ere!’, hark. Isilik egoten erakutsi digutelako da hori. Azkenean neuk bota behar izan nituen bertsoak. Eta bertsolari kaskarra naiz ni. Xabier Lete herrikoa eta laguna nuen eta hark askotan esaten zidan: “Iñaki, zu pertsona ona bai, baina bertsolari bezala erdipurdikoa zara gero”. Ez zitzaion arrazoirik falta.

Segi dezagun… Senar emazteak haserretzen badira, ez dira irtenbide baten bila hizketatzera eseriko. Hori horrela izan da gurean gizaldiz gizaldi, eta orduan zer egiten dugu? Isilik egon eta aguantatu, aguantatu eta aguantatu, kanposantu bihurtu etxea, astebete egon horrela, eta halako batean kasualitatez bezala hasten da dena berriro martxan eta halaxe, hurrena berriro gertatu arte ezertxo ere aipatu gabe. Orduan, hori ikusten duen haurrak zer ondorio ateratzen du? Gauzak ez dira esan behar, gauzak diren bezala agertzea bekatu mortala da hemen, isilik egotea hobe.

Parrokian bertan ere mila adibide dauzkat. Adibidez, mezan defuntu baten izena esatea ahaztu bazait euskalduna ez zait etorriko sakristiara aurrez aurre esatera. Erdalduna bai. Eta alderantziz ere bai. Azken asteetan erdi gaixo ibili naiz eta kalera atera naizenean “¿que tal estas?” entzuten nuen izkina bakoitzean. Euskaldunak gutxiago esango dizu, naiz eta ez zaituen gutxiago maite.

Euskaldunok izaera hori zergatik daukagun? Sinple. Besteak baina zapalduagoak izan garelako. Gure gurasoak eta aiton amonak horrelakoxeak ziren, gogorrak zitalak.

Edo politika mailan ETAren esplikazioa hortik doa. Objektibotasunetik badaude beste azalpen batzuk, baina subjektibotasunetik esplikazioa hori bezain sinplea da. Guk historikoki mespretxu handiak sufritu ditugu, ez zaigu inoiz hitzik eman, eta horren aurrean gelditu zaigun bakarra izan da barruan gordetzea, amorrazio batean bizitzea, eta halako batean sekulako uholdea, aurrean daukan dena eramaten duena.

Psikologian ‘herida de no existencia’ esaten zaio horri. Eta beste maila batean bada ere gaitz horren sintoma da bertsolaritza ere. Zulo bat betetzera dator, behar bat asetzera, eta ez bakarrik poesia eta edertasunarena, hori baino gehiago da, hori baino existentzialistagoa da.

Ejemplu erraz bat jartzearren. Urrezko Eztei batzuk ospatzen ditugu, baina ez gara gai sentimendu goxoak adierazteko. Agian 50 urteren ondoren, gaur esango dio lehen aldiz senarrak emazteari ‘maite zaitut’. Zer egingo dugu? Ez garenez barrukoak begiz begi esateko gai bertsolari bat erosiko dugu: “etor zaitez eta guk dauzkagun sentimenduak azal itzazu, guk baino hobeto egingo duzu eta”. Horregatik gustatzen zaizkigu hainbeste bertsolarik, horregatik liluratzen gaituzte: tokatzen den gaiaren arabera guk esan ezin ditzakegunak esateko gai direlako, gure zauriaren zornea ateratzen dutelako.

Horrela esanda irudi dezake bertsolaritza ez dela ona. Alderantziz. Guztiz beharrezkoa iruditzen zait, eta ni zale amorratua naiz. Baina iruditzen zait bere funtzioa ongi betetzen asmatzea ere ez dela hain erraza.

Apaiza naiz, eta gai teologikoak interesatzen zaizkit. Behin Amurizari, artean bera apaiza zela, inoiz entzun dudan bertso teologikoena zein zen kontatu nion. Lazkao Txikiren bertso bat da:

Apostoluak ere ezjakinak izan

Begiratu noraino iritsi diran

Fedea zabaldu zuten munduaren jiran

Izpiritu Santuaz azkartu baitziran.

Grazia egin zion eta liburu batean sartzera ere iritsi zen.

Gai teologikoak interesatzen zaizkit, baina garrantzitsuena barruan dauden sentimenduak azaltzea dela iruditzen zait. Norbere sentimenduak azaltzea. Baina bertsolari gehienak, denak ez, horretatik aparte samar ibili izan dira. Ez dute euren bizitzaz, euren sentimenduez egin.

Horregatik gustatu zait horrenbeste orain egin duten ‘Ez naiz Palestinaz ari’ izeneko ikuskizun hori. Ikaragarri harrituta eta poztuta gelditu naiz ikusi dudanean. Bertsolariak barruan daukana ateratzea, bere haurtzaroa eta heziketaz horrela hitz egitea… Bertsoa zertarako egiten da, txaloa jasotzeko edo norbere egia kantatzeko? Gainera oso garbi egiten dute bai Lizarralde eta bai Muñoak, gustatzen zait euren ahoskera…

Arantzazu Loidi ere badabil pixka bat ikuspegi honetatik ikastaro batzuk ematen bertsolariei. Jon Sarasua ere esango nuke ez dabilela oso aparte. Nik azken 30 urteak gai honen bueltan ibili egin ditut eta gustatuko litzaidake bertsolaritzak bide horretatik aurrera egitea.

Beti ejenplu bera jartzen dut. Aizkora zorrotza izan arren, abilitate izugarria, txotxak mozteko erabiltzen baduzu, mamirik, enborrik, ez baduzu, alfer samarrik zabiltza.

Zentzu honetan beti Xalbador iruditu zait onena. Xalbadorrek hor utzi zituen bertsotan nola hasi zen, bere etxea nolakoa zen, artzain bizitzan zer bizi zituen, bere emaztea zer izan zen beretzat (hori bertsolariren batek igual esango zuen zeharka, baina horrela aurrez aurre inongo beste bertsolarik ez du esan), udaberriari buruzkoak, herriari buruzkoak, istripu larri bat izan ondoren Jainkoari abesten dizkionak Frai Luis de Leonenak hankazpian hartzeko modukoak dira… Den denak bere bizipen eta sentimenduak kontatzeko kantatuak. Semea Ameriketara partitzera doanean, adibidez, honela bukatzen du bertso sorta:

Baina ez nikek nahi

o seme maitea

desafia dezaan

kontrako haizea

eta bortxatuz gure

etxea hartzera

hobe baituk hi baino

etxea galtzea

nahiz tristea izan

gure zahartzea.

Beste ejemplu txiki bat, azkenengoa. Badago Basarri adoratzen duen jendea, eta oso bertsolari ona zen, baina baita moralista bat ere. Eta nik behintzat batzuetan sufritu ere egiten nuen hainbeste moralekin. Behin emagaldu baten inguruan abesteko eskatu zioten eta ‘Maritxu nola erori zara hain behera’ bekatua gora eta behera ibili zen. Xalbadorri jarri zioten gaia, zenbaitentzat antzeko bidea eman ziezaiokeena, ama senargabe batena:

Berari eman nintzan

maitearen maitez,

bera ere maitale

baitzen nire ustez

zer on esan daiteke

horrelako aitez

aingeru bat utzi du

amodio galdez

neronik maita behar

bera bien partez.

Aspalditik nabil bueltaka Xalbadorren inguruan zerbait egin nahian. Pantaila batean jarriko nituzke bere bertsoak, eta beste aldekoei guretzat arrotzak izan daitezkeen hitzak esplikatzeko eskatu, dena ulertu eta ezer ez galtzeko. Eta bertso bakoitzaren inguruan azterketa txiki bat egitea ere polita litzateke. Zergatik da antologikoa bertso hau? Kontrastea egiten dio lehen puntuari bigarrenean, hari hemendik darama eta abar. Horrelakoak oso gutxi egiten dira eta bertsoa gustatu arazteko, gehiago ezagutzeko, oso bide interesgarria iruditzen zait niri.

Eñaut Agirreri kontatu nion hau dena, kantari bezala behintzat hemen inguruan dagoen bertsolari onena bera baita, izugarri ongi abesten du, eta harrituta begiratzen zidan. Apaiza izanik bertso teologikoak bakarrik gustatzen zaizkidala pentsatuko zuen agian.

Polita litzateke horrelako zerbait egitea.

 

Iñaki Aranzadi

Urnietako apaiz jubilatu berria

Hiztun eta sermoigile bikaina