Oholtzak ez du bihotzik

BEC laburduraren B iniziala Bilbao-tik Barakaldo-ra aldatzea eskatu du Barakaldoko Udalak. Ezetz erantzun dio erakundearen Batzar Orokorrak, Bilbaoren nonahikotasuna eta marka izaeraren bezalako balioak argudiatuz. Garai bateko Bizkaiko Labe Garaien orubeetako batean eraikia, Barakaldon dago BEC. Bilbao berriaren ikurretako bat da —non hasi eta amaitzen da Bilbao?—, itsasadarraren erriberan hondoa jotako industria zaharren paisaia zerbitzu-hiri berri eta distiratsu bilakatu zenekoa.

Marka eta lekua ez datoz bat, definizio kontrakoa dute. Lekuak lurrarekiko lotura ematen du aditzera, abstraktua eta lausoa da aldiz markaren izaera. Hiri global ororen ametsa da marka merezimendua erdiestea. Bigarren aukera gisa Bizkaia Exhibition Center iradoki zen, beti ere laburduraren hiru letrak aldatu gabe. Baina Bizkaia ez da oraindik marka bihurtzeraino iritsi.

Makina-Erreminta azoka esanguratsuaren kokaleku izateko jaioa, zorrak jota dabil BEC, ez ei du behar bezala funtzionatzen eta gutxitan betetzen da goraino. Kontzertu eta ospakizunek hartu dute industria topaketa klasikoen lekua, baina hauek iragankorrak dira. Nekez ordezkatuko dute ekonomia produktiboaren gorputz sendoa. Bruce Springsteenen kontzertuak eta Gabonetako Haur Parkeak dira salbuelspen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finala ere bai. B-rekin hasten da bertso hitza ere.

Egokia da aparkatzeko eta kotxez goaz lurraldearen punta desberdinetatik, GPSaren gidaritzapean. Ate ugari ditu eta ez da iladarik sortzen. Larrialdian komunera lasai joateko ere ez dago arazorik. Frontoi estaliaren ondoan beste dimentsio bat da. Akustika ere hobea da. Arrazoi praktikoek garamatzate bertara, ez omen dago eta jende gehiago sartzeko aterperik inguruetan. Behin agertokia izendatuta leporaino betetzea izango da erronka; sarrerak eskuratu ezinik geratutako jendea izango da arrakastaren seinale. Gero euskarazko festa Barakaldo erdaldunean ospatzearen balio sinbolikoa goraipatu du zenbaitek. Barakaldon al dago BEC?

Iraganeko mugak dira udal mapak. Bestelako sistemek jan dute herrigune klasikoaren zentralitatea. Saihesbide, poligono, parking, zentro komertzial, kanpus, sagardotegi, eski estazio eta futbol zelaiak. Azpiegitura erraldoiak, hiri apokaliptikoaren adierazpen. Ez dute nortasun propiorik, eta gertakizunezko memoriarik gabeko denbora kontsumitzeko eratu dira. Metaketak dira mundu postmodernoaren liturgia, leku eta denborazko oreka gainditzen duten topaketak. Bidegurutze eta korapiloetan ematen da gizarteratzea, industrial jitekoak dira materialak eta eraikuntzen proportzioak. Azpiegitura erraldoia da BEC.

Egundoko ebentu gisa bizi dugu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finala. Lau urtean behin gertatzen da eta ez du parekorik. Bertsolaritzaren zirkulu xaloak makro izaera hartzen du eta masa bilakatzen da. Plato handi bat da BEC. Neurriari eusteko bestelako gailuak behar dira piztu, horma-pantaila zabala bilakatuko da giza-hatsaren osagarri eta kameraren angeluak zuzenduko du agertokiaren iheskortasuna. Noizbehinkako jende-olatuak otzanduko du eremu uzkurra, bertsolariaren errimak ordezkatuko du erlojuaren tik-tak isila. Oholtza eta harmaila, dena da bat. Mikrofonoak bozgorailu dira eta bozgorailuak mikrofono. Ikus-entzunezko kable eta uhin magnetikoetan gauzatzen dira transmisioak, koreografia sofistikatu batean. Kamerak dira ispilu eta leiho, aurretik eta atzetik begiratzen dugu hodi optikoan zehar, zerk ez du zentzu bikoitzik horrelako osotasunean? Gertakizuna ere haragizkoa bezainbat da siliziozkoa, analogikoa bezala telematikoa. Isiluneak eta izerdia ere digitalizazio bidean dira. Joan beharrik ez dago bertan izateko.

Espektakuloaren gizartean, espektakuloa bera da hasera eta amaiera, oinarritzat duen jardueraren berezitasunaz haratago. Muina ez da azala baino sakonago, denbora eta lekuak ez dute jada lege fisikoaren menpekotasunik. Espektakuloak aurpegi aldakorra du eta beraren erreinuan hartzen gaitu. Guztiok bilakatu garenean igorle eta hartzaile amaitu dira zirkoak, geu gara orain espektakulo.

Bertsolaritzak tradizioa ere garaikidetasuna ditu beregan. Esperientzia antropologiko eta estetiko gisa eratzen da. Eta bere egiten ditu kontradikzio gaur egungoak. Ontzat emana du komunikazioaren betierekotasuna, eta norgehiagokaren ezinbestea. Komunitate txiki baten handitasunaren parte sentitzeko noizbehinkako erritual paganoa, autoafirmazio kolektibo beharrezkoaren zentzua ere badu txapelketak. Txapelketa da formatoa. Xumea izan eta monumentuzko erakutsi beharraren zoria. Atzetik datoz hitzaren jokoa eta gozamena (besteren batek idatziko du horretaz).

Ibon Aranberri

Artista