Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua - Oihana Arana

Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua –

Lirioei eta laranjondoei buruz idazten da hemen. Sustrairik gabeko landareei buruz ere bai. Pitxer bete uretan aspirina bat gehitu eta loreek luzaroago irauten omen dute tente. Geureko amonak ura egunero aldatzen zien mahai gaineko krabelinei eta astebete pasa irauten zuten eder. Ezin ederrago.

 

Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua
Paula Heras

 

Zazpi ditu abuztuak eta lorategian natza. Amonarena izandako besaulkian. Krema usaina azalean, koaderno zuri hau berbaz bete bitartean okaran eskukada ahoratzeko irrikan. Ez edozein okaran: klaudia okarana. Amonaren etxeak zapore hau izaten du udan, zapore gozoa oroitzen nuen nik, bera ez dagoenetik puskaz garratzagoa da. Oraindik heldu gabe daudela erosten ditut eta ez dakit heldu arte itxaroten. Ez dut ikasi nahi. Sagar ustelen ondoan jarri behar omen dira, baina okaranak saltzen dituzten dendetan ez dut sagarrik erosten.

Bart etorri nintzen, etxepeko gasolindegian patata poltsa handi horietako bat erosita. Lasaigarria zait oso gauez gidatzea, apenas dagoen autorik, apenas dagoen kamioirik, apenas dagoen munduan ni ez naizen beste inor bizi dela gogoraraziko didan estimulurik. Kafea egin nuen etxea utzi aurretik, kafetera italiarrean; edaten dakidan kafe mota bakarra da, italiarrekoa, egin berria. Baina ez nuen tragoxkarik ere hartu: kafe usaina utzi nahi nuen. Lanetik itzultzen denean etxean ez egonagatik, Juliaren sudurzuloak xarmatzen saiatzen naiz beti.

Berandu etortzen da etxera, eta inoiz itzarrik topatzen nauen arren, liburua bularraren kontra bermatuta eta mesanotxeko argia piztuta lokartu ohi naiz normalean, bera itzuli baino askoz lehenago. Goizean goiz ez bada ez dakit lanik egiten eta. Egiari zor, gurago izango nuke biok ordutegi antzekoagoa izango bagenu. Batera afaldu ahal izatea edo lokartu aurretxoan telesail funtsgabe bati begira barrez lehertzea, lantzean behin behintzat. Egia da nik ere ez dudala ahalegin bereziegirik egiten. Gaur eta bihar ez dauka saiorik, igaro genitzakeen egunok elkarrekin, baina etzi entregatu behar dudan poema bildumari bueltaka nabil, hiru hilabeteko epea eman zidaten, baina bi egunok baino ez ditut hartu, ez dut denborarik izan, edo ez dut denbora hobeto kudeatzen jakin. Horregatik etorri naiz hona.

Etxe txiki-txiki bat da, hozkailua egongelan eta garbigailua lorategian duten horietakoa. Lorategian egon ohi zen amona, irratia piztuta. Paretetako argazki zaharren gaineko hautsa kentzen eta galtzerdiak josten oroitzen dut nik, betaurrekoak sudur puntan eta mingaina hortzen artean pausatuta. Hala ikusi zuen batean haren antza nuela esan zion Juliak, dorpeagoa nintzela ni, baina aurpegiera bera genuela kontzentratzen ginenean. Irri egin zion amonak, bazekiela adierazteko. Ordurako ez zuen berbarik egiten. Entzun bai, eta erantzun ere bai. Baina hitzen beharrik gabe.

Rosaliaren Motomami diskoa bi aldiz aditu nuen bart kotxean. Ozen kantatuko ez banu segituan lokartu izango nintzatekeen. Lau aldiz egin nuen negar. Azken kantua amaitu arte kotxe barruan egon nintzen zain, argiak piztuta. Adi-adi entzuten. Ordenarik ez dutelako ei dira politak sugarrak, eta dena apurtzen duelako sua. Bat nator. Hala da. Polit izatea bera nahikoa ote den, hori da kontua.

Ezagutu nuenean, liluragarria iruditzen zitzaidan Juliaren lana, are, bertso kantari ikusi nuen lehen aldian ezin ederragoa iruditu zitzaidan bera. Gerora konturatu naiz oso gutxitan egoten dela kantuan dabilenean baino ederrago eta baita jardun horretaz gaindiko lanak egin behar izaten dituela ere, baldin eta jango badu. Oholtza gainean egoteko jaioa dirudi. Zeinen ondo eraiki duen pertsonaia: edertu egiten du oholtza gaineko jarrerak, eta berak badaki hori.

Ni ere ibili nintzen bertso eskolan, ez urte gutxi, gainera. Lau ginen, hiru mutil eta ni. Ez nintzen bereziki txarra, doinuak gustatzen zitzaizkidan, eta errima estuak. Zale-zalea nintzen, parean tokatzen zitzaizkidan bertso guztiak aditzen nituen, eta baita buruan gorde ere. Bertso eskolako bertsolaria baino ez nintzen izan, ordea. Plazandre izateko esaten zidan amonak, baina plazara irtetera nindoan egunean presaka, negar anpuluka erantzi nuen hiru astez armairuan prest utzitako arropa, zeina ez bainuen berriz jantzi, eta ama bidali nuen plazara, aitzakia merkeren bat zela medio azkenean kantatuko ez nuela esatera. Ohe barruan ezkutatuta igaro nuen arratsaldea.

Bertso eskolara joateari utzi nion, hasieran gai-jartzaile izatea nahiago nuela esaten nien, eta horretan aritzen nintzen, pixkanaka ez joaten hasi eta gehiago joan ez nintzen arte. Gai izango ez nintzela uste nuen, edo oholtza niretzako moduko lekua ez zela sinetsi nuen, eta ez akaso horregatik, baina orduan hasi nintzen poemak idazten.

Momentuan ez nuen gehiegi pentsatu. Ezpainak erratz mutur baten parean paratzetik arkatzak hozkatzera igaro nintzen, zutabe-gorputz bat izatetik, gorputza ahal bezain ez-gorputz izatera kondenatzetik, gorputzari buruzko poemak idaztera igaro nintzen. Eta pozik nengoen: bertso eskolako kideekin baino erosoago sentitzen nintzen neure baitako munstroekin hizketan.

Gerora ikasi dut poz hori konformismoa zela. Edo, bueno, poza ere bazen, guztiz neure sentitzen ez nuen eremu batetik neure-neurea zen batera igaro nintzelako sentipena nuen eta. Gerora ikasi dut ez zitzaidala niri bakarrik gertatu eta ez dela bertsolaritzan bakarrik gertatzen. Orduan adiskidetu nintzen bertsoarekin, orduan zaletu nintzen berriro, talde feministek bertso saioak antolatzen zituztela jakin nuenean. Garai bertsuan ezagutu nuen Julia, Salamancatik etorri berritan.

Garai korapilatsua izan zen, ez nuen etxea etxe sentitzen, eta etxe-jendearen bila nenbilen, eskale. Lagun izandakoen bizitzetan ez nuen kabidarik, ez ginen elkarrentzako modukoak, aski aldatuta geunden, edo hobeki esanda, berdin-berdin geunden, baina benetan nahi genuen horren gaineko kontzientzia sakonagoa genuen.

Maitale ororekin maitemintzen nintzen. Musu erdi ematen zidan ororekin maitemintzen nintzen. Musu erdi emateko modukoa iruditzen zitzaidan pertsona ororekin maitemintzen nintzen. Hautsita nengoen, dena zegoen hautsita. Horregatik etorri nintzen hona. Amonarekin bizitzera.

Sarri samar egiten nuen berba Juliarekin telefonoz; elkarrekin egon nahi genuen, baina ni ez nengoen Donostian eta ez nuen han egon nahi. Are, ez neukan burua harekin egoteko prest. Gerora ikasi nuen berehalako maitemin inozoen kontua, konexio ulergaitzetan sinesteko nahia… gertuago zegoela kanpo onarpena jaso nahi izatetik maitasunetik baino. Ezin konta beste maitale izan nuen hilabeteko epean. Ez zen sexu-grina. Ez zen ezer. Kapitala metatzeko modu bat zen. Edertasun balizko bat banuelako sinesmena. Horregatik egin nuen ihes. Inoiz inork esan ez dizkidan gauzak esaten zizkidalako amonak.

Pobre gorpuzkera dudala eta zorte handia dela hori, janzki oro gelditzen delako ondo halako gorputzetan. Potxak zuritu eta aletzen ni baino hoberik ikusi ez zuela. Aski astuna naizela besarkadekin, baina berak izugarri maite zuela hori. Ilea orrazten utz niezaion ere eskatzen zidan, ezbehar handia omen halako adatsa motots itsusi batean biltzea. Berak baino hobeto neurtzen nuela goizetako kafesneak behar zuen azukre kopuru zehatza.

Maitaleei exijitzen niena eman zidan, eskatu gabe. Oraindik ez dakit bizitzari aurre egiteko manera sanoa iruditzen ote zaidan; akaso ez zait oso sanoa iruditzen. Baina on egin zidan.

Taberna hartako komuneko intimitatea eta hiru hilabeteko erbestealdia nahikoa izan ziren amona bakarrik utzi eta Juliarekin biziko nintzela erabakitzeko. Gerora jakin dudana jakin izan banu, ez nukeen egingo, baina espero daitekeena baino hobea izan zen ideia. Pozik hartu ninduen Juliak: komuneko argia piztuta uzteko eta zartaginak gehiegi garbitzeko joerengatik ez balitz, apenas haserretuko zatekeen. Pixkanaka entenditu genituen bakoitzaren ohiturak, eta kostako zitzaidala uste izan nuen arren, ondo moldatu nintzen bere katu izaerarekin. Are, benetan interesgarria iruditu zitzaidan tarteka laztan hartzaile ezinhobe eta tarteka horren bakartia izateko gaitasuna. Gure harremana bizigarria baldin bada, horregatik da, neurri handi batean.

Hasieran katakumetu egin nuen, arratsalde osoak igarotzen genituen masailarekin bestearen masaila laztantzen. Ezinbestean kale-katutu da gero, eta goizeko ordu txikietan bat-batean esnatu eta lo egin ezinda topatzen dudanetan bakarrik egiten dugu larrutan. Loezina izaten du. Uste nuena baino buruhauste handiagoak sortzen dizkio plazandre izatearenak. Zoriontsuegi datorrenean egoa zatitzen eta zatiak mesanotxean gordetzen irudikatzen dut. Lehen besarkatu egiten ninduen, malkoz betetzen zidan pijama eta lasai egoteko esaten nion nik. Ez dakit beste zer esan behar zaigun ideiarik ez dugula eta ezertarako balio ez dugula uste dugunean. Egokia deritzot horri. Tristetu egin nintzen egoa dosifikatzen ikasi zuenean, baina askoz hobeto bizi gara ordutik.

Nik ihes egiten dut ideiarik ez daukadanean. Ihes egiten dut ezertarako balio ez dudala uste dudanean. Juliari besarkatuta nengoke, bestela, orain. Horrenbeste malko, horrenbeste muki kanporatzen ezen odol gustua izango bainuke ahoan. Sudurretik odoletan igaroko nuke gero ordu laurdena. Grazia egiten dit Julia odol orbanak garbitzen irudikatzeak.

Grazia egiten dit Juliaren zaintzeko moduak. Egia esaten du zorrotz. Zauriak irekitzen dizkizu. Eta gero garbitzen ahalegintzen da. Askotan eskertu izan diot eraginkortasuna. Baina batzuetan gurago izango nuke zauriak berriz ireki ez eta ezertarako balio ez duten koloretako tirita horietakoak ezarriko balizkit.

Esnatu denean deitu dit. Bart zoriontsu heldu omen zen etxera eta ni zer moduz nagoen jakin nahi zuen. Ohean topatu ez ninduenean suposatu zuela hemen egongo nintzela. Hemen banago ondo ez nagoelako dela esan diot. Horregatik galdetu didala erantzun dit berak. Lasai egoteko esan diot, banabilela zerbait idazten, eta akaso gaur iluntzean itzuliko naizela, elkarrekin egon gaitezen. Agertzen banaiz asko poztuko dela esan dit, baina lana amaitzea garrantzitsuagoa dela ez ahazteko. Ez dela esan diot eta barre egin du.

 

***

 

Lirioei eta laranjondoei buruz/ idazten da hemen./ Sustrairik gabeko landareei buruz/ ere bai./ Pitxer bete uretan aspirina bat gehitu/ eta loreek luzaroago/ irauten omen dute tente./ Geureko amonak ura egunero aldatzen zien/ mahai gaineko krabelinei/ eta astebete pasa irauten zuten/ eder. Ezin ederrago.

Ordenarik ez dutelako/ ei dira politak sugarrak,/ eta dena apurtzen duelako sua./ Bat nator. Hala da./ Polit izatea bera nahikoa ote den,/ hori da kontua.

Horrenbeste malko,/ horrenbeste muki kanporatzen/ ezen odol gustua izango bainuke ahoan./ Sudurretik odoletan/ igaroko nuke gero/ ordu laurdena.

Pobre gorpuzkera dudala/ eta zorte handia dela hori,/ janzki oro gelditzen delako ondo halako gorputzetan./ Potxak zuritu eta aletzen/ ni baino hoberik ikusi ez zuela./ Aski astuna naizela besarkadekin,/ baina berak izugarri maite zuela hori. Ilea orrazten utz niezaion/ ere eskatzen zidan,/ ezbehar handia omen/ halako adatsa motots itsusi batean biltzea./ Berak baino hobeto neurtzen nuela/ goizetako kafesneak behar zuen/ azukre kopuru zehatza.

Gorputza ahal bezain ez-gorputz.
klaudia okarana./Amonaren etxeak zapore hau izaten du udan,/ zapore gozoa oroitzen nuen nik,/ bera ez dagoenetik puskaz garratzagoa da./ Oraindik heldugabe daudela erosten ditut/ eta ez dakit heldu arte itxaroten./ Ez dut ikasi nahi./ Sagar ustelen ondoan/ jarri behar omen dira,/ baina okaranak saltzen dituzten dendetan/ ez dut sagarrik erosten.

Paretetako argazki zaharren/ gaineko hautsa kentzen/ eta galtzerdiak josten oroitzen dut nik,/ betaurrekoak sudur puntan/ eta mingaina hortzen artean/ pausatuta.

 

***

 

Horregatik etorri nintzen hona

Voy retornando a la tierra donde florece el Júpiter rosado. Donde también se escribe con azahares y lirios”.1[1]
Rosario Murillo

Lorontziak
sagarrak
argazki albumak
liburuak
daude nire etxeko apaletan pilatuta.

Saihetsen arteko tarte bakoitzean
hasperen bat gorde zidaten
liburuak gorde beharko liratekeen lekuan.

Lorontzi horterak
sagar ustelak
berriz ez zabaltzeko itxitako argazki albumak
eta liburu irekiak

hatza miazkatu behar da
orrialdea pasatzeko
eta berriz gero
orrialdea pasatakoan

paper zaharrek
odol gustua dute.

Besaulki eder baten eserita
igaroko nituzke arratsak
gorputza ahal bezain ez-gorputz
hankak buru gainean
eta enborra oker, estu, narrats, nagi
apalategiari so,
baina
horituta,
itsatsita
dauzkat hezurrak:
hizkietara eta apaletara.


 

[1] Jupiter arroskara loratzen den lurraldera itzultzen ari naiz, non laranja-loreekin eta lirioekin ere idazten den.

Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua 
Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua 
Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua
Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua Nostalgia edo Poema bat idazteko eskuliburua