Nire perlak
Oraindik hango oihartzun hots bat, besterik ez det aditzen. Herriak zerbait behar zuela lehengo astean argi zen […] Aitor Mendiluzeren ahotsean entzun ditzaket, oraindik ere, hitz horiek, memorian iltzaturik; 2017ko finala zen eta Maialen Lujanbiorekin jokatu zuen buruz burukoa. Gaia: Bake artisauak zarete. Lehengo larunbatean, lanean aritu zineten Parisen. Astebete pasatu da, eta etorkizunari begira jarri zarete
Nire perlak –
Ederki ekin zioten lanari, baita jarraitu ere, bikain erantzun baitzion Lujanbiok bigarren bertsoan, aski errima estuz; horra, azken bi puntuak: Baina ez dakit Hegoaldean dauden hontarako prestu; desarmea eskuz egin genuen ta bakea eskuz esku. Dena dela, ez zen bertsoaldia izan arreta eman zidana, edo ez hori bakarrik, baizik eta melodia hura. Zortziko handi eder bat, berria, pausatua, Bertsolaritzaren Datu Baseari esker jakin dudanez, Imanol Larzabal kantariaren Naiari izeneko kantaren doinua da. Orduz geroztik, asko zabaldu da plazan.
Eta melodia horrek narama, ezinbestean, gogoko bertsoaldira, aukeratutakora, Gotainen izan baitzuen doinuak urrezko beste une bat, Nerea Ibarzabalek eta Oihana Iguaranek Txapelketa Nagusian aurten osatutakoa, lehen saio horretako lagin ederra.
Honako abiapuntua eskaini zien gai jartzaileak: Oihana eta Nerea, senideak zarete. Amak hazi eta hezi zaituzte. Zuen aita ez da orain arte zuen bizitzan agertu. Orain, adinean gora egin duenean, zuengana gerturatzen hasi da. Zuk, Oihana ez duzu ezer jakin nahi aitaz; Nerea, berriz, aitarekin egon nahian dago.
Eta Oraindik hango oihartzun hots bat doinuan hasi ziren ausentziari bertsotan:
- Iguaran
Bera hutsune ta beltzune da
bion haurtzaro alaian
bi alabatxo jolasti zeuzkan
eta ez zun egon nahi han
deika aritu naiz amets gaiztotan
azalpen bat jaso nahian
orain ez diot deirik egingo
behar ez dudan garaian.
- Ibarzabal
Baina pertsona bakoitzak dauzka
arrazoiak, iragana
oin umil-umil gerturatu da
aita gurea, gugana
zaharra dago ta helduko da
laster hiltzearen zama
hor betirako damutuko zait
hitzik egin ez izana.
- Iguaran
Zahartu eta gugana dator
barkamen zein zaintza xede
bere hutsuneak zauri modura
ja ez du aski botere
hil balitz ere, zer ajola du?
Hori ez al da bizi lege?
Hogei urtean ez dugu jakin
bizirik zegoen ere.
- Ibarzabal
Ez genekien non zebilen ta
gugan mamu bat genuen
ta bat-batean haragizko da
parean, hor bost zentzumen
nik gure aurrean eduki nahi dut
eta ahalik gertuen
berandu, baina ulertu dezan
berak zenbat galdu duen.
- Iguaran
Zuk esan duzu gu galdu gaitu
ta barkamena da luxu
nik nahiago dut amari eman
lehen hark eman beste muxu.
Baina premia sumatzen dizut
ta lasaitzen bazaitu zu
zu laguntzera joan ninteke
ta ondoan izango nauzu.
- Ibarzabal
Ba beharbada eskertuko dut
zure presentzi hurbila
agure hori datorrenean
burumakur ta umila
hainbeste urte pasa ta gero
nahi lukeen barkamen bila
besarkada bat emango diot
eta lasai hil dadila.
Genero rolak, gurasotasuna, aitatasun absenteak, amatasun abnegatuak, zalantzak, ezinak, minak eta dudak… Ez ziren hutsean eta hutsetik aritu, eta gordin bezain eder diren bertso horiek utzi zizkiguten biek ala biek.
Fikzioaren barneko fikzioa egin zuen Iguaranek Deika aritu naiz amets gaiztotan, azalpen bat jaso nahian; orain ez diot deirik egingo, behar ez dudan garaian bota zuenean; eta, Ibarzabal, bitartean ez dagoenari kantuan, Ez genekien non zebilen ta gugan mamu bat genuen, ta bat-batean haragizko da parean, hor, bost zentzumen, esan zuen, poesiaz josiz abandonoa.
Barrenak harrotzen dituen ofizio horietako bat izan zen, eta arteari zerbait eskatu badakioke, hori eskatu nahiko nioke nik, mugitu gaitzan, immolatzeraino.