Neurtu ezin dena
Neurtu ezin dena –
Luzera (edo distantzia, norbera dagoen tokitik)
Amaitu berri den Txapelketa Nagusiari buruz testu hau idazteko eskatu zidatenean, Txapelketarekiko (eta, bereziki, bertan parte hartu duten pertsonekiko) hartu beharreko distantziak sortu zidan kezkarik gehien. Alde batetik, oraindik ere plazan elkarrekin kantatzen dugun bertsolariak izan dira protagonista, plazan gaiak jartzen dizkiguten gai-emaileak gai-jartzaile taldean eta edozein herritako saioen antolaketan buru-belarri dabiltzan bertsozale asko antolakuntza, epaile edo bestelako lanetan. Bestetik, ordea, zurrunbiloaren erdian ez egoteak sortzen duen tartea ere hor dago eta saihestu ezinekoa da nolabaiteko urruntasuna. Baina, noiz hasten da zurrunbiloa?
Txapelketak baditu gutxienez hiru distantzia. Lehena, egin berri dudan galderari erantzuteko norberak hartzen duena da. Bertsolari bezala oso distantzia desberdinera fokatu izan ditut Txapelketak eta bertsolari bakoitzak bere distantzia du, korrikalarien edo txirrindularien gisan. Niretzat, salbuespenak salbuespen, Txapelketarako argazki-saioa egin eta saioen zozketa egiten den eguna izaten da benetan Txapelketa hasten den eguna. Badira, noski, prestakuntzan askoz lehenagotik hasitakoak, edo hasi behar luketela erabakitakoak behintzat, baina Txapelketa-mode ON hori egun horretan aktibatzen dela uste dut. Egun horretatik norbere lehen saiorakoa (edo, kasu batzuetan, Txapelketako lehen saiorakoa, hor beste zeozer ere aktibatzen baita) da lehen distantzia aipagarria.
Arrasatekoa izan zen bertatik bertara entzundako lehen saioa. Distantziaz ari garenez, entzule bezala ezin geratu eguna kontrako eztarritik sartutako bertsolariekin batera sufritu gabe. Ustez urrun samar egon arren, Miren Amurizaren nahi eta ezinak, Iñaki Apalategiri ihes egindako azkenak edo ordezko bezala sartu eta gerora kanpora geratuko zen Xabat Illarregiren desilusioak (eskutik oparia kendu dioten umea bailitzan) ia oholtzakide banitu bezain hurbil sentiarazi ninduen. Antzeko zerbait esan nezake Maialen Akizuri eskuetatik Lizarran poto baten matematikak kendu zion txartelaz, edo Mantxi (adinez eta garaiz ere hurbileko) hainbeste sufritzen ikusteaz. Bertsolariak lanean ari direneko distantzia asko aldatzen da Txapelketan parte hartu ala ez eta, nire buruaz gauza onik esan ez dezakeen arren, orain arte baino gehiago enpatizatu dut ezinean antzeman ditudan kideekin.
Aurrera egin zuen Txapelketak, eta etorri ziren finalerdiak (geroago aipatuko ditut), final handiaren eguna eta etorri zen txapelketa ostea. Amaitu berri den Txapelketaren urruntasuna neurtzen du hirugarren distantziak. Zehatzago esanda, finalaren urruntasun mentala. Finalak zerbait badu oihartzuna da, Txapelketaren azken leherketaren gauzatzea da eta publiko zabalak azken oroitzapen hori denbora dezentean gorde izan duela ikusi dut azken edizioetan. Bertsolariak (finalistak), ordea, Txapelketa osteko saio-zaparradan murgildurik, behin eta berriro kartel bertsua errepikatu eta etenik gabeko eskertza eta omen jarrai bat jasotzeko fasean sartzen dira, eta ohartzerako oso urrun geratzen da memorian egun haren akordua, gaitegian eta jendearen begietan oso presente egon arren. Normala da, askok finalaren ostean lehen aldiz zortzikotea entzuteko saio horietan du aukera eta zortzikotea errutina moduko batean sartuta ibiltzen da. Onartu behar dut distantzia hori bertsolarien ikuspegitik bezala gehiago bizi izan dudala eta niri ere ohartzerako memorian urrun geratu zaidala Txapelketa. Agian aurrekotik neroni hurbilegi nengoelako, baliteke hurrengoan benetan entzulearen modura neurtzea distantzia hori ere.
Denbora
Distantziaz aritu naizenean denboraz ere aritu naizela jakitun, bertsolarien jarduneko denborez (eta hauek sortzen dutenaz) ere aritu nahi nuke. Epai-irizpideetan beren-beregi aipatzen da denbora (hain neurgarri, baina hain erlatibo aplikazioan) eta eman du zeresanik aurtengoan. Irungo saio ederrean Nerea Ibartzabalek Txapelketa honetatik guztion memorian geratuko den atmosfera sortu zuen, irizpideen arabera denbora-muga pasatuta eta horrek puntuazioan zigorra eraginda. Sorgina da denbora. Ez daukat arrastorik ere bertsolari bakoitzak gaia entzun ostean egiten duen denboraren kudeaketaz (uste dut segundo horietan lortzen den kontzentrazioak asko erabaki dezakeela) eta nirea oso txarra izaten zela besterik ezin dut esan. Bi minutu. Hori da lehen bertsoa botatzeko muga eta, ziurrenik askoren harridurarako, azken hamar segundoak iritsi arte zeri buruz kantatu jakin gabe egon liteke bertsolaria. Zer esanik ez, bertsoa bota ahala osatzen du gero. Badira egunak dena oso garbi ikusi eta bertsoak ere irudika litezkeenak, baina nork bere buruari bi minutu horietan sartzen dion presioak lan hori osatzeko denborak bi kasuetan oso antzerakoak izatea dakar. Ze luzeak zain egoteko eta ze motzak helduleku bat aurkitu eta erabakiak hartzeko…
Entzule bezala luzeak egiten zaizkit bi minutu. Horrekin lotuta doa Txapelketa ostean entzuleak talde berarekin antzerako emaitza espero izatea plazan eta, hori, akats handia da. Emaitza bera izateko gutxienez baldintza berdinetan izan behar du eta hala ere ez da segurua. Ezin da espero plazan bi minutu zain egoteko prest egon gabe Txapelketako ganbarako lan batean ematen diren baldintzekin (tartean publikoaren pazientzia) lor litekeen emaitza bera.
Abiadura eta azelerazioa
Bertsolaritza klasikoan –edo hitzetik hortzerako bertsolaritzan– magnitude preziatua izan da abiadura. Sarri erantzun-denborarekin nahastua, nahiago dut kantuaren abiaduraz hitz egin. Nire ustez bertsoak behar du jarraikortasun bat, jario bat, eta askotan Txapelketak jariodun bertsolarien bertsio slow-motionak ematen dizkigu. Zer esanik ez puntu-erantzunetan, kale ala baleko ariketa ia definizioz eta bere zentzua galtzeraino adulteratu izan duguna. Gaia ematearena beste baterako utziko dut.
Epai-irizpideetan erantzun-denbora eta ariketaren denbora osoa bai, baina abiadura ez da aipatzen nik dakidala, eta ziurrenez bera da bertsolaria plazatik Txapelketara gehien tuneatzen duena. Entzule bezala ez da erosoa bertsolariari mingainetik tiraka aritzearen sentsazioa, huts egiteko eskubidea du bertsolariak eta bertsogintzari ez dio mesederik egiten kantuan ari denak moteltze horren beharra sentitzeak.
Abiadurarekin lotuta dago azelerazioa, eta aipa nitzake Amets Arzallus edo Saioa Alkaiza, bi aipatzearren. Biek ala biek ere bertsoan zehar aldatu egiten dute abiadura, horrek efektu bat eragiten du entzulearengan eta entzule bezala niregan ere funtzionatzen ikusi dut behin baino gehiagotan. Beste batzuetan behartua ere iruditu zait, efektuaren bila egindakoa, edo belarrian kostata sartu zaidana. Ziurrenik guztiok egiten dugu, baina esango nuke plazan ohikoagoa dela.
Dentsitatea (bertsotan, pisua)
Bolumen jakin batean dagoen masa kantitatea da dentsitatea. Bertsotan pisua deitu izan diogu, bertso arina ala pisudun bertsoa, esaterako. Irrikaz nengoen 2022ko Txapelketa honetan bertsolariek pisuak ze balantzatan eta balantzaren ze aldetan kokatuko zituzten ikusteko. Bost urteko etenak (tartean etxealdi eta guzti) eta azken urteotan plazan bistakoa izaten ari den gaitegi, saio mota, ikuspegi edo saio ereduen aldaketak nahi eta nahi ez izan behar zuten eragina. Eta izan dute, noski.
Alaia Martinek bere bakarkako lan guztietan kokapenean asmatu duela uste dut, sorpresa puntu bat emateko aukera utziz baina bera non kokatuta dagoen oso garbi utziz, bestalde. Urte askoan espazio handia hartu duen gatazka politikoak ere beste dimentsio batzuk hartu ditu, askotan politiko bezala planteatzen ez diren gaiak politikoak direla gogorarazi digu Maialen Lujanbiok, esaterako. Bide batez, esan dezadan mezu zehatz eta jakinak uzteko determinazio handiz ikusi nuela. Saioa Alkaiza bezala. Hormak zuk ordaindu arren/ etxe bat nik eman nizun/ eta ez dakit dakizun… Oihana Iguaranek, Miren Artetxeren kafesnea eta Marca, zuk zer jakingo duzu ba… Esango nuke pisu bezala ulertu dugunak hartu dituela beste dimentsio batzuk eta gainera guztiengan eragin duela horrek, nork bere lanketa egin eta alea jarri nahian bezala. Haginlaria nintzen Bogotan/ ta Joxe zaindu behar dut Europan edo boteretik eraiki gabeko maitasunik dagoen eta egin nahi ez duguna ordaintzerik dagoen galdetzea Sustrai Colinak adibidez. Zalantzaz beteriko eszenatoki berri horrek bertsolari askok beraiengandik espero denetik harago joateko egin duten ahalegin moduko bat ere ekarri duela esango nuke, umorerako saltoak, jendea harritzeko gogoa edo. Kokapen horrek etengabeko berrasmatzea eskatzen dio bertsolariari eta horren nekearen zantzuak ere ikusi direla uste dut.
Ohar bat kimikaz
Magnitudeak unitateetan neurtzen dira, eta bertsoa Txapelketan neurtu egiten da. Askotan entzun dugu bertsoa ez dagoela neurtzerik. Ukaezina da bertsoak arau zurrunetatik harago duen eragiteko gaitasuna eta niri eragin didaten batzuk aipatu nahi nituzke amaitzeko. Erreakzio kimikoak eragin dizkidatenak, nolabait.
Distantziatik hasi naiz eta gure adinean sortzen diren galdera eta egoerekin duen hurbiltasunagatik Joanes Illarregik Elizondon egindako bakarkakoak ukitu ninduen. Askotan entzulearen bizitza-momentuak ere eragiten du bertsoa hobea ala okerragoa den neurtzean. Irungo saioan Nerea Ibartzabalen bakarkako txundigarria aipatu dut, baina Sustrai Colinaren baina ez klase berean hura ere oso gertutik pasatzen ikusi nuen. Dena ez da drama eta, Beñat Gaztelumendik asko konbentzitu ninduen Durangon, oso jostalari eta libre sumatu nuen. Aitor Mendiluzeren aukera ere gustatu zitzaidan saio bereko ganbaran, exekuzioan hobeto ikusi izan dugu, baina errealenetakoa iruditu zitzaidan. Eta berdin Julio Sotorena. Kasu honetan gainera gai tabu bati helduz, osasun mentala plazan jarriz, malkoa eragin zidan. Nerea Elustondoren bakarkakoa… zer gehiago egin behar du neska honek? Eta, Jone Uriaren Bilbokoa, nire ustez Txapelketako bakarkakorik onena, Aitor Bizkarraren Durangoko marabilla harekin batera. Maialen Lujanbio. Behin motorrak berotutakoan egin nahi zuena eginez. Lehen aipatu bezala, nik hau esan nahi dut eta esatera etorri naiz. Edo hori da nire sentsazioa behintzat.
Txapelketa ederra izan da, inbidia baino miresmen gehiago sentitu dut, eta gurpil honek bide berrietan egiteko kilometro asko dituela ikusi.
Badakit, aipatu ditudan ia bertsoaldi guztiak bakarkakoak dira. Baina zer nahi duzue, entzule bezala joan naiz.