NBTX 2023
Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 46. edizioa: 24 bertsolari, 11 gai egile, 7 epaile eta 8 saiotan milaka entzule.
Aurten ez dut barrenetik bizi izan txapelketa, baina bai hurbiletik.
Aurrekanporaketetatik finalera saioz saio aunitz gozatzeko aukera izan dugula uste dut, bertsolariek euren onena eman baitute. Azpimarragarriena bertsolarien arteko aniztasuna eta gazteek erakutsi duten maila izan da.
Azken urteetan gai jartzaile taldeak gaiak gauzatzeko orduan aldaketarako izan duen grina nabaritu dut. Gai sozialak lantzen saiatu dira eta honek saioaren kolorea aldatu du zinez.
Urriaren 2an abiatu zen txapelketa Iruritan; aretoa bertsozalez lepo eta giroa bero zegoen. Sarai Roblesek lan bikaina burutu zuen aitzinera pauso handi bat emanez. Finalistez gain, Idoia Granizok eta Ekain Alegrek saio borobila egin zuten. Egoitz Gorosterrazuk ere utzi zituen ale gogoangarriak eta entzuleak irriarazi zituen.
Hemen Granizok eta Roblesek 8ko txikian egindako lanaren zati bat:
Gaia: Idoia, dendaria zara, eta Sarai bezeroa. Idoia, egunero bezala, gaur ere Sarai itxi baino 5 minutu lehenago sartu da dendara.
Granizo:
Denda bat Estafetan
Daukana tokia
Eta gaur itzaltzear
Zela eguzkia
Berriro ere Sarai
Cauen la ostia
5 euro garestigo
Daukazu guztia
Robles:
Garesti ordaintzeko
Jakizu prest nago
Hau kalitatea da
Joanik harago
Zortziak bost gutxitan
etortzen naiz klaro
Ze ordu hontan denda
Oso lasai dago
Jarraian Nafarroako bertze puntara joan ginen, Vianara. Bertan Julio Soto nabarmendu zen bertzeen gainetik. Umoretsu, jostari, sakon… Xabat Illarregi eta Ekhiñe Zapiain biak ere arin eta erraz kantuan. Zapiaini aipamen berezia egin nahi diot, finaletik gertu geratu den bertsolari beratarrak bere bigarren parte hartzea zuen txapelketan eta segurtasun handiarekin agertu zen.
Urko Gartziak ere bigarren aldiz parte hartu du lehian; saio txukun bat osatu zuen, bertso mamitsuak kantatuz. Aitor Irastortza eta Sotok egindako 8ko txikian lehertu zen saioa, umorez bustitako hainbat irudi sorrarazi baitzituzten. Baina bertako lanen batekin geratzekotan, Zapiainek eta Illaregik egindako 10eko txikia edo Sotoren ganbarakoa dira.
Gaia: Orain arte zauria estalita eraman duzu. Gaur, orbaina bistan duzula irten zara kalera.
Soto:
Txirrindulan nindoan
Ta bera autoan
Ta botata utzirik
Hantxe asfaltoan
Eta nere eskura
Beiratutakoan
Hatza galdu nun
Modu mingarri askoan
Orbana geroz eztut
Eraman kanpoan
Beti eskularru bat
Behar zelakoan
Gainontzeko jendeak
Berehalakoan
Ni hatzez seinalatzen
Ninduelakoan
Bistako da jendeak
Dena badakina
Bai gutxienez babes
Emateko adina
Hori ulertzeko egin
Dut ahalegina
Hatz bat gutxio baino
Banoa aitzina
Norberak bere mamu
Eta barne mina
Gaitzerdi da bihurtzen
Ez bada ezina
Denboraz ohartu naiz
Ekinez egina
Lehengo eskua dudala
Baina desberdina.
Hurrengo geltokia, Uharte. Joanes Illarregi gailendu zen bertzeekiko koxka bat ateraz eta Eki Mateorena sailkatu zen honen gibeletik. Mateorena aurtengo parte hartzailerik gazteena da. Kantaera bizia du eta entzulearendako gustagarria da, ederki aritu zen. Egun honetan Barañaingo hiru bertsolari aritu ziren kantuan.
Mikel Lasartek, sarritan bezala, saio erregularra egin zuen. Beñat Astiz entzuteko aukera ere izan genuen bertan. Bere bertsoek hausnarketarako bide bat irekitzen dute; mimoz eta dotoreziaz josten ditu puntuak.
Ainara Ieregiri egun batzuk lehenago eskaini zitzaion ordezko gisa txapelketan parte hartzea. Lehenengo agurretik umoretsu, ausart eta naturaltasunez agertu zen “zuek salbatzera dator ordezko woman” kantatuz. Bertsolari honek bere ikuskera propioa helarazten du eta oso originala da ideien aldetik.
Bere ganbarako bakarkakoa oso txalotua izan zen.
Astiz eta Illarregi 8ko txikian.
Gaia: Beñat eta Joanes, manifestazio baterako pankarta prestatu duzue elkarrekin. Beñat, esaldia kalkatu ahal izateko bozetoa eta proiektorea prestatu dituzu. Joanes izan da pintatzen aritu dena. Ohartu berri zarete pankartako esaldiak akats ortografiko bat duela.
Illarregi:
Zuk plantilla egin duzu
Ez nengoen dudan
Euskara H-rekin
Hizkuntzen kulturan
Ta a ze akats lodi
Handi egin dudan
Konfiantza guztia
Nuelako zugan.
Astiz:
Euskaldun berria naiz
Ejem ejem ejem
Hori hedatu nahian
Ez al zaude hemen
Akatsa nahita egin
Nuen entzun zeren
Euskaldun berriak ere
Hurbildu daitezen.
Illarregi:
Ba ni beldurrez nago
Albotik begira
Nahiz hamar letra soilik
Zituen guztira
Berriak ere joaten
Dira euskaltegira
Ta hola hurbildu ez
Urrunduko dira
Leitzan jokatu zen azken final-laurdena eta bertan jakin genuen nortzuk pasako ziren hurrengo fasera. Eneko Lazkoz nagusitu zen. Fernando Zigandak eta Bittori Elizaldek lehenengo txapelketa izan zuten aurtengoa. Elizalderen ahalegina azpimarratu nahi dut, oso seguru aritu zen saio osoan zehar eta ganbarako lan bikain batekin itxi zuen kanturako tartea. Endika Legarrak ale gogoangarriak utzi zituen, Josu Sanjurjorekin egindako 8ko txikia, erraterako eta Sahats Karasatorre ederki aritu zen 8ko handi nahiz txikian, bere puntu erantzunak ere bikainak izan ziren.
Gaia: Aurrezkiak.
Gaur egun aurreztea
ez da hain erraza.
Saats: Neri hori maiz etzait
Burutikan pasa
Bi lan dauzka ta bitan
Naizenez kapaza
Hil bukaeran hartu
Izan dut arnasa.
Zenbat diru behar da
ongi bizitzeko?
Saats:Ura gasa ta beste
Gastuak tarteko
Sarri ibiltzen gara
Gu ito antzeko
gutxiago beharko
Bagenu hobeto
Alkaizak lehenengo postua eskuratu zuen Altsasun eta ondorioz, finalerako lehen sailkatua izan zen bera. Bertsotan eroso sumatu zitzaion eta ariketa guztietan asmatu zuen. 8ko handian Karasatorrerekin egindako lana edo bakarkakoa nabarmenduko nituzke.
Egun horretan bereziki bixi eta zirikatzaile agertu zen Patxi Castillo. Entzulea barrezka jarri zuen Zapiainekin puntuka edota Eneko Fernandezekin 8ko txikian aritu zenean.
Fernandezek bere txapelketako ibilbidea bukatutzat eman zuen azken agurrean, eta entzuleak esker onez txalotu zuen. Lehenago aipatu gisan, Alkaizaren bakarkakoa ederra izan zen eta harekin batera azpimarragarriak iruditu zitzaizkidan Zapiainena eta Roblesena. Baina ariketa bat aukeratzekotan, Roblesek eta Zapiainek egindako 10eko txikia, nire irudikoz, txapelketa honetan entzun dudan ofiziorik onenetako bat.
Gaia: Sarai eta Ekhiñe, gurasoak zarete. Oraindik ere, zuen seme-alabek arropa zikina ekartzen dizuete, zuenean garbitzeko. Sarai, Ekhiñek egoerari muga jarri beharko zenioketela esan dizu.
Robles:
Ahaztuta txikitako
Negar ta gaubela
Hutsik geratu ziren
Etxeko bi gela
Badakit egoera
Arraroa dela
Baina ez diet
Esan behar bela
Zaila zait onartzea
Handitu direla
Zapiain:
Ba bai handitu dira
Diotsut benetan
Nahiz ta luze ibili
Mimo ta ferekan
Ikusi egoera
Zertan gabiltz zertan
40ak dituzte
Adinaren bueltan
Ta heldutu daitezela
Zentzu guztietan
Agoitzen Sotok irabazi zuen, eta haren gibeletik geratu zen Ilarregi gazteak ere saio paregabea egin zuen. Leitzarrak Sotorekin egindako puntukako saioa, Granizorekin egindako 8ko txikia eta ganbarako lana goraipatu nahiko nituzke; azken hau zinez ederra izan zen. Gaietan nola murgildu jakin zuen, entzulea bidaia bat egitera eramanez.
Julen Zelaietak bere estilora kantatzeko aukera izan zuen eta Gartziarekin 8ko txiki dibertigarri bat osatu zuen.
Hirugarren eta azken finalaurrekoa Lesakan izan zen, Nafarroako bertsolaritzarentzat izan den harrobi nagusian. Pilotalekua jendez gainezka eta bertsolariak finalerako postu bat eskuratzeko lehian. Illarregi eta Lazkoz geratu ziren lehenengo bi postuetan. Lazkozek egindako lana bikaina izan zen bere osotasunean, ariketa guztiei atera zien etekina. Bakarkako ederrak egin ohi dituen bertsolaria da etxarriarra eta Lesakan ere ez gintuen epel utzi.
Illarregirekin batera osatutako 8ko txikia zoragarria izan zen, eta entzulea haien bertsoetara lotzea lortu zuten.
Lazkoz eta Illarregi, 8ko txikia.
Gaia: Eneko, auto pilotua zara eta Joanes, laguntzailea. Auto-lasterketetan ibiltzen zarete elkarrekin. Eneko, lasterketa hasi den momentutik Joanes aho-zabalka sumatu duzu.
Lazkoz:
Zu esatari ona
Mugituz ezpaina
Ni berriz gidatzen ta
Entzuten bikaina
Ras eskui eta ezker
Mugitzeko aina
Aho zabaltzea zer den
Nik ez dakit baina
Illarregi:
Mantsogi joatea
Dela buruhauste
Karakolek aurretik
Pasatzen gaituzte
Arriskurik dagonik
Etzazula uste
Radarrak karreretan
Itzaltzen dituzte
Lazkoz:
baina presa bizitzan
Ez ote da karga
Xuabe joatea hobe
Ze bestela hara
Xuabe pasa kurba ta
Xuabe jeitsi malda
Ez iristea baino
Hobea ez al da
Abenduaren 2a, egun handia nafartarrentzat. Inoizko finalik jendetsuena, plaza ederra. Oholtazan zortzi artista eta txapelerako autagai anitz.
Giro bikaina hasieratik, bertsoen amaierako errepikak txalo artean indartuak. Oholtzan ere, laguntasuna eta zaintza somatzen ziren, bertsoaldiak hasi aurretik euren artean elkar animatuz eta amaitzerakoan elkarri keinu eginaz. Irudi horrek aunitz erraten du, bertsotan elkarrekin egin behar delako elkarren kontra baino.
Agurretik bakoitzak bere asmoa azaleratu zuen, J. Illarregik erraterako horrela amaitu zuen bere lehenengo bertsoa: “baina lanerako nator hortzak zorrotz eta estu / guztia ez dut utzi nahi izar uso baten esku”.
8ko nagusian hasi zen saio puntuagarria. J.Illarregik eta Sanjurjok ofizio borobila egin zuten baita Alkaizak eta X. Illarregik ere. Roblesek eta Sotok egindako lanarekin geratzen naiz, gaia gustatu zitzaidan eta baita haien alkarrizketa ere.
Gaia: Gizarte langileak zarete. Zuen erabiltzailea den emakume batekin hitzordua duzuen bakoitzean, bere senarra berarekin etorri ohi da. Ez dio hitzordura bakarrik sartzen utzi nahi izaten.
Soto:
Asteartero asteartero
Etortzen zaigu Amaiur
Eta atzetik bere itzala
Zer kontatuko dun beldur
Robles:
Beti ondoan etortzen bada
Ez da konponduko bela
Nola azaldu bere arazoa
Igual ondoan duela
Soto:
Osteguneko greba eguna
Nahiz ez daukagun ahantzia
Gizonek nahasi egiten dute
Zaintza ta bijilantzia
Robles:
Hitzorduari hartu ezkero
Gaur aurrekoen tankera
Ni berarekin utzi eta zu
Senarrarekin atera
Zortziko txikian ere lan politak burutu zituzten. Irriak, txaloak eta oihuak entzuten ziren bertsoa amaitu osteko burrunban. Illarregi anaiak elkarrekin aritu ziren eta konplizitate handiz osatutako ofizioa izan zen. Sanjurjok ere zorrotz hasi zuen Alkaizarekin osatutako ariketa eta lan dibertigarria osatu zuten bi lagunek. Soto eta Lazkozena izan zen ariketa hau isteko azken bikotea, Etxarriarrak dirdira egin zuen ariketa honetan.
Illarregi anaiak.
Gaia: Lagunak zarete. Xabat, Joanesek traje bat eskatu zizun duela aste batzuk. Gaur, Joanesen baratzean txorimaloa ikusi duzu trajea jantzita.
Xabat Illarregi:
Ehun euroko trajea
Hau gauza krudela
Bera izan behar zen
Ezin zen bestela
Zenion txorimalo
Batentzako zela
Uste nuen zugatik
Esan zenuela
Joanes Illarregi:
Ze nolako gogoa
Umoretarako
Bi makil hortxe daude
Trajeakin guapo
Propio eskatu nizun
Zaudelako flako
Berari zure antza
Hartzen niolako
Sanjurjo eta Alkaiza.
Gaia:Josu langilea eta Saioa nagusia zarete. Josu komunean telefonoz zure lagun bati Saioarekin izan duzun amets erotikoa kontatzen ari zarela, Saioa nagusia irten da ondoko komunetik.ç
Sanjurjo:
Zure gorputzarekin
Goxoki desiran
Soldata eta guzti
Igotzen zenidan
Alkaiza:
Baina ez dut ezer entzun
Esaten dut agur
Aiba turno bikoitza
Tokatzen zaizu gaur
Sanjurjo:
Soldata igotzea
Nuen nik helburu
Baina ametsak soilik
Ametsak ditugu
Alkaiza:
volkswagenean gaude
Ikustea erreza
Nere ondoan dago
Benetako pieza
Sanjurjo:
Turno doblea daukat
Nik libretik urrun
Kontuz egon zuk gero
Zer amesten duzun
Alkaiza:
Ta orain hemen egurra
Eta ez erdizka
Nabari da zarela
Naiko masokista
Lazkoz eta Soto.
Gaia: Lagunak zarete. Gaur pilota partida bat ikustera joan zarete frontoira. Julio, partida hasi denetik Eneko oihuka eta zalapartaka ari da pilotariak animatzen. Konturatu zara telebista kamara etengabe zuek fokuratzen ari dela.
Soto:
pelotariak txuriz
Ta pumpaka bola
Artekariak kantuz
Zuk bero odola
Aupa viva ta iepa
Hala eta hola
Ez dakit badakizun
Hau ez da futbola
Lazkoz:
baina etxeko sofa
Ere ezta barka
Nahizta zuk ez ulertu
Nere zalaparta
Iruditzen zait soilik
Zaizkizula falta
Palomita poltsa bat
Ta gainean manta
Puntu erantzunetan gaia jarrita egin behar izan zuten bertsolariek. Ariketa goraberatsua izan zen. Alkaizarena, X.Illarregirena, Lazkozena izan ziren osoenak iruditu zitzaizkidanak. Karasatorrek egindako lehenengo bertsoaren erantzuna gogoan dut, azken onek hitzekin irudi eder bat osatu bait zuen. Bere gaia besarkada izan zen eta kolpetik horrela erantzun zion Anderrek jarritako puntuari:
-Besarkada bat ote
Da keinu hurbila
Karasatorre:Besoak zabaldu ta
Egin borobila
10ko txikian alde batetik J.Illarregik eta Alkaizak egindakoa bilduko nuke, oso sinesgarria izan zen. Aita-alabek mugikor bat izatearen inguruko eztabaida osatu zuten.
Bertzetik Lazkoz eta Roblesen lana, finki eta mimoz osatutako ariketa.
Bakarkako lanekin bukatu zen finalaren lehenengo zatia.
Gai zehatz eta ezberdina izan zuen bertsolari bakoitzak eta zaila da aukeraketa egitea, bakarkako guztiak politak izan baitziren. Karasatorrerentzat hau izan zen lanik osoena, bere bertsoak goitik behera jantzi zituen. Hemen bere bertso bakoitzaren bukaera.
Gaia: Goi mailako kirolaria izan zinen. Garai hartan izan zenituen osasun mentaleko arazoak ezkutuan mantendu izan dituzu orain arte. Publiko egitea erabaki duzu.
Karasatorre:
Eta ez dakit hanka nekatu
Haiek al ziren zioa
Baina guztia lortuagatik
Eldu zen depresioa.
Dudan unean ez naiz hasiko
Gertatu zena estaltzen
Estalitako zauriak sarri
Ez direlako sendatzen
Entzu bezaten pareko denek
Prentsa hoarrean esana
Beste inori ez gertatzeko
Niri gertatu zaidana
Alkaizaren bakarkako lana izan zen dudarik gabe besoetako ileak puntan jarri zizkidana. “Xorieri mintzo zen” doinuan kantatu zituen eta bukaerako puntuen jolasak borobil geratu zitzaizkion.
Gaia: Adinean gora zoaz. Konturatu zara zure bikotekidak azken boladan geroz eta maizago ahazten dituela gauzak.
Alkaiza:
Begirada galdua du
Mina ezin dut deskriba
Gaur nor zara galdetu dit
Begietara begira
Begietara begira
Mina ezin dut deskriba
Indarra aterako dut
Horretan ez egon dudan
Oroitaraziko dizut
Zenbat maitatzen zaitudan
Zenbat maitatzen zaitudan
Horretan ez egon dudan
Besarkatu egin dut estu
Ez du besterikan behar
Beste inor ez dugu ta
Babestu dezagun elkar
Babestu dezagun elkar
Ez du besterikan behar
Buruz burukora Lazkoz eta Soto igaro ziren, puntuka eta seiko motzean jardun ondotik ganbarako lana osatu zuten. Soto diztiratsu ibili zen eta bakarkako lan galant batekin amaitu zen saio puntuagarria.
Entzuleak amaierarik gabeko txalo zaparradarekin eskertu zuen bertsolariek eginiko lana, hunkigarria izan zen.