LEHENDABIZIKO BERTSU UDALEKUA

1998ko udan izan zen, Hazparnen. 1998-99 ikasturtean Ipar Euskal Herriko ikastoletan eta sortzeke ziren bertso eskoletan estreinakoz aritu behar nuen bertsolaritza irakasten. Eta, niretzat, Ipar Euskal Herriko pertsonak, bizimoldea eta euskalkiak ezagutu eta egokitzen hasteko zentzua zuen lehendabiziko bertsu udaleku hark. Lehen bertsu udalekuaren egoitza Hazparneko etxe hura izan bazen ere (nola zuen izena? A bai! Seroratea), azken gaua Makean eman genuen, Mixel Lekuonaren Etxeto-an.

Bertsularien Lagunak eta Uda Leku elkarteek bultzatu zuten lehen bertsu udalekua, Euskal Kultur Erakundearen babesarekin. Ttitto Agerre eta biak aritu ginen egitaraua prestatzen, lotzen eta begirale lanetan. Maddi Bordagarai izan zen sukaldaria. Eta hogeiren bat haur eta gazte, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorriak. Miren Artetxe (orduan Mirentxu) eta Amets Arzallus hendaiarrak aski ongi ezagutzen nituen lehendik; Oiartzungo bertso eskolan bizpahiru urtez izan bainituen ikasle. Xabi Paya ere ezagutzen nuen, ordurako Eskolarteko Txapelketan nabarmendurik baitzebilen. Joseba Otaegiren bisaia ez zitzaidan arrotz, Iban Urdangarin eta Aitzol Barandiaranena (orduan Munduate) bezalaxe, Gipuzkoako Eskolartekoan ikusiko nituen, hain segur, Euskal Herrikoan bestela. Gainontzekoak Hazparnen ezagutu nituen. Esaterako, gerora ikasle eta gaur egun lagun ditudan Eneritz Zabaleta eta Xumai Murua.

Biloak bezala denborak ezabatuko ez dizkidan oroitzapenak ditut buruan. Konparazione, Iparraldeko eta hegoaldeko talka pare bat, Iban Urdangarinek gidatzen zuen lau ataundarren taldeak eraginak biak ala biak. Ttittoren izena ez ezik, haren mintzatzeko manera ere barregarri zitzaien nonbait. Eta baxenafarrari “txakurra” ahoskatzeko eskatu ondotik, hark “xakurra” arrapostu ematen zuenean irriz karkailaka lehertzen ziren. Horrela behin eta berriz. Zapartingarria iruditzen zitzaien “Ttitto” eta “xakur” hura. Eta bigarren talka; ataundarren otorduetako gose-greba: “Zer dek hoi?”, “Hoi jateko al dek? Nik ez diat jango ba…”, “Hoi jan baino nahio diat kaka jan! Motel-motel …”. Gabatxoen janaria zitzaien. Ogia jan eta jan aritu ziren, gainontzeko ia guztiari muzin eta trufa eginez.

Inork nahi izan ez zuen etxea egokitu zitzaigun. Alokatzeko etxe xerka berandu ibiltzearen abantaila. Hamaka oihalak ziruditen matalazak genituen lotarako, eta ez genuen ur berorik; ez harrikoan, ez dutxetan. Dutxetan esanda asko zirela dirudi. Bi iturri baizik ez genituen ordea dutxetan; uda leku batean, uda betean bi iturri hogeita hirurentzat! Guziarekin ere, luxuzko bertsolariekin antolatu ahal izan genituen bertso afariak. Egaña, Mendiluze, Irazu, Agirreazaldegi, Jon Sarasua, Mikel Mendizabal eta Mixel Airek kantatu zuten apailatu 3 bertso afarietan. Rafting-ean aritu ginen Errobiko uretan; Xalbadorrenea eta Xalbadorren artzain borda bisitatu genituen Urepelen; Hazparneko igerilekuan tranpolinetik saltoka aritu ginen… Nekatzen ginen bai. Baina batez ere, gauetan ginen akitu. Etxera itzuli eta 22 orduz segidan egin nuen lo, komunerako itzulirik ere egin gabe.

Afalondoko gau-beilek zuten arrakasta. Eta lanjerra. Mirentxu eta Munduate eutsi eta tira, tira eta hautsi ari zirela, berinak amore eman eta besoa zauritu zuen Mirentxuk. Ospitalera eraman genuen ziztuan. Ordukoaren orbaina izango du oraino besoan. Ez hori bakarrik.

7’8koa izan zen etorritakoek lehendabiziko bertsu udaleku hari eman zioten batezbesteko nota. Eta errepikatuko luketen galdetuta, %76ak “bai” ihardetsi zuen; %14ak “beharbada”. Kontua da, urtero-urtero Ipar Euskal Herrian bakarrik antolatzen segitu genuela bertsu udalekua, 2004a arte; Euskal Herriko bertso udaleku izatera pasatu zen arte: txanda gehiagorekin, haur gehiagoarekin, baliabide gehiagorekin… Udaleku espezializatuen erreferentzia bilakatzeraino.

Gaur egun, bertsolaritzaren transmisiorako egitasmoaren harri bitxietako bat da Bertsozale Elkarteak antolatzen eta kudeatzen duen bertso udalekua.

Karlos Aizpurua Etxarte