Laugako finalerdia: hiru txartel, bi hilkutxa eta baso bete ur

Laugako finalerdia: hiru txartel, bi hilkutxa eta baso bete ur –

Baiona kanpoaldeko taberna bat, bigarren mailako errepide galdu baten aldamenean. Norbait ari da gerturatzen, pauso bakoitzean gorputzera itsatsitako lurra eta hautsa astinduz. Diotenez, hilkutxa batean bizirik lurperatu zuten Irunen duela hiru aste; hatz-koskorrak odoletan, ordea, kaxaren egurrezko estalkia ukabilka hautsita lur-azalera ateratzea lortu du. Arnasestuka.

Klin-klin-klin tabernako ateko kanpaitxoen hotsa, irekitzean. Barraren aurrean eseri da lasai, zerbitzariaren harridurarako. “Atera zeniezadake baso bete ur… eta Iruñerako txartel bat?”

 

Ez zuen alferrik aipatu Nerea Ibarzabalek Uma Thurman aktorea atzoko bere agurrean, ez horixe. Lehen itzulian eman (edo kendu?) zizkioten puntuak azken fasera sailkatzeko murritzegi iritzita, askok Iruñeko finaletik kanpo jotzen zuen manba beltza, aukerak lurpean zituela. Atzo, ordea, 2.000 ikusleren aurrean Laugako finalaurrekoa irabazita, abantaila handia hartu du final nagusira sartzeko hautagaien lehian. Eta erne, badakizue nola bukatzen diren Tarantinoren filmak…

 

Maila handiko saioa
Azpimarratzekoa dena da, finalaren atariko azken-aurreko koxka izaki, atzoko saioan 6 bertsolariek erakutsi zuten maila altua. Ausartuko nintzateke esatera, inork ez zuela ariketarik hanka-puntetan pasa eta ofizio zein bakarkako guztiek utzi zutela harribitxiren bat entzuleon galbahean.

Aldez aurretik, barka Baionako saioa izanda Frantziako Tourrari aipamena egitea, baina txapelketan, itzuli handian egiten den moduan, gazte onenari maillot zuria emango balitzaio, Eñaut Martikorenaren soinean jartzea proposatuko nuke. Ezberdina da. Originala. Eta errespetutsua. Aurkezleak gaia bi aldiz errepikatu arte zain egoten da kantari hasteko.

Finalerako aukerarik gabe gelditu zen Unai Agirre ere. Egia bezain errepikakorra litzateke hizketan bezala edo ohi duen estiloan aritu zela esatea. Ale oso distiratsuak utzi zituen ofiziotan (txundigarria nola errimatu zituen Donbass eta bonbaz). Baita hamarreko txikian saltokia ixteko erabakia hartu duen dendariaren larrutik botatako hau ere: “jendearekin badut/ hainbeste jelosi/ txikiak famatu ta/ handiei erosi.”

Saio amaieran, Julio Soto izan zen gorago egotea espero nuen bertsolarietako bat. Gorritikoak, fin eta zorrotz, ofizio guztiei atera zien distira, harik eta zortziko txikian, Unai Agirreri ironiaz betetako sasi-azterketa psikologikoa eginez goia zuen arte: “nik uste haurtzaroko/ trauma bat duzula.” Oholtzatik txapelketari agur esanez jaitsi zen… goizegi, akaso?

Beñat Gaztelumendik hutsik egiten ez duela ongi asko dakigu; aitortu behar zaiona, bertsoak betetzeko duen abilezia da. Meatzarien gisan, gai bakoitzaren muinera arte sartu zen, dinamitarik gabe baina pikotx eta palaz borondatetsu. Gaztelumendik merezitako lekua izango du final nagusi batean, hirugarren aldiz.

 

Laugako finalerdia: hiru txartel, bi hilkutxa eta baso bete ur
Arg: Alberto Elosegi (XDZ)

 

“Agian ni entzutea, egingo zaizu arraro…”
…bizkarrean daramaten/ hilkutxa baten bainago”. Badira bertsoaldi batzuk, oroimen kolektiboan iltzatuta geratzen direnak: Iturriagaren bainera, Lujanbioren argia itzali zenekoa, Amets Arzallusen autobus-bidaia,… atzokoa eta gero, Sustrai Colinaren hileta tragikomikoak multzo horretan sartzea merezi duelakoan nago.

Ordura arte txukun, baina lehertu gabe, ganbarako ariketan piztu zen Colina, “bihar da eguna; ez azaltzea erabaki duzu” gaiari 3 bertsotan erantzunez. Ez-ohiko abiapuntu sinestezin bezain dibertigarri batetik hasita, bere hileta propiora eraman gintuen, kaxa barrutik kantari. Azkar antzeman genion sorta berezi bat zetorkigula. Orain gordin, orain umorez; orain barre, orain negar. “Andoni Egaña bertsotan/ oraindik bizi da, bai/ nahiz eta izarren hautsa/ bilakatzen den bizigai/ bihar ez naiz joango ta/ egin ezazue lo lasai” gogoangarri batekin amaitu zuen ganbarako bertsoaldia.

Txalotzekoa izan zen bere ausardia, zoro-puntua eta (Ibarzabali ateratzea hainbeste kostata gero) hil-kutxa baten barruan bere borondatez sartzeko hautua, noiz eta final handiko ateak parez-pare irekita, irabazteko gutxi eta galtzeko gehiegi daukazunean.

Zer eta txapelketa honetako gidoiak Tarantinok idazten dituela jakinda.

Laugako finalerdia: hiru txartel, bi hilkutxa eta baso bete ur Laugako finalerdia: hiru txartel, bi hilkutxa eta baso bete ur Laugako finalerdia: hiru txartel, bi hilkutxa eta baso bete ur