Kantatzeko askatasuna, edo nork jarri muga
Duela lau urte sortu genuen Euskal PEN, Euskaldunon Egunkariaren itxierak aztoratuta. Katalanei zor diegu hein handi batean, Martxelo Otamendi eta beste lagunen atxiloketak eta torturak han sortu zuen olatu uholdeak, eta PEN Català-k nazioartean egindako presioak, jazotakoaren neurriaz ohartarazi gintuen. Hala hasi ginen munduko idazle –idazle baino gehiago, hitzaren langile, musikariak, poetak eta beste hainbat lagun biltzen baititu– ugarirekin harremanetan, geurea defendatzen, eta geure uste sendoetako batzuk ere higatzen: ohiko ezkertiar iraultzaileekin batera, ezkerreko erregimenek zigortutako dozenaka egile ezagutu ditugu, Turkiak, Iranek zein Siriak ukatutako kurduak, Txinak zapaldutako uigurrak, e.a.
Glasgown idazle jazarriei buruzko bilera batean, Londresko kide batek euren dilema aurkeztu zigun. Agintariek rap kantari bat, neska musulman gazte bat epaitu nahi zuten zituen letren gordinagatik. Nonbait, kristauei zintzurra moztera dei egiten zien, gutxi asko, kantari hark, eta PEN bezala, bakearen alde dihardugun elkartea gara, baina baita adierazpen askatasunaren alde dagoena ere. Gure xalotasunean, zur eta lur geundean euskal ordezkariak; “aurrera bolie” ustez esateagatik euskal herritar bat epaitu nahi zuten sasoia zen. Neska haren defentsa hartzearen aurkakoek –gutxienek– letra haiek onartezinak zirela zioten, gehienek, baina, gogora zekarten indarkeria oso presente zegoela matxinadarako sormen lan gehienetan, Jamaikako reggae-tik Hego Afrikara, Latin Amerikatik Italia zein Espainiako kantuetara. Baina euskaldunaren gogoan debekua aski iltzatuta zegoen, eta hura han-hemenka.
Ordurako, Euskal Herritik kanpo lan asko egina nintzen, eta Berlinen bizitakoa ere bai. Hango esperientzietako bat izan zen kazetaria ukiezina dela. Sarritan esan dut: maiatzaren lehenengo istiluetan ehunka polizia ziren Kreuzberg auzoan. Tarteka-marteka, botilaren bat jaurti zuen baten batengana oldartzen ziren dozena bat polizia, hura atzeman eta berriz lehengo lekura erretiratzen ziren. Kazetariek –argazkilari eta kameralariek eskuarki, beti ausartenak– hurbil-hurbiletik jarraitzen zituzten robocop haiek, ikusi nuen kamera zelan sartzen zuen gazte bat harrapatzeko unean, eta polizia bera zen aurpegia beste aldera bihurritzen zuena. Baina ezta pentsatu ere kazetaria ukitzea. Figura ukiezina da. Handik gutxira, Euskal Herrian bueltan, inongo lotura politikorik gabe erre zen etxe batera joatea egokitu zitzaidan. Ataria grabatzen hasi eta berehala etorri zen udaltzaina, inongo galoirik gabeko kaleko udaltzain soila, irudi eske, hura grabatu genuela eta. Guk suak belztutako atea grabatu eta parean suertatu udaltzaina. Haiek liskarrak irudirik emango ez geniola-eta: deitzeko haren nagusiari eta hark gurearekin berba egin zezala. Baina kaleko polizia soil batek ez dauka kazetariari ezer eskatzerik. Indarrak, armek hitzak baino aginte handiagoa izan ohi duten garaiko tik autoritarioak oso presente daude Euskal Herrian.
Bertsoak babestu du bere burua urteotan. Jakin du etsaiaren lagun izaten. Euskara katakunbetan zen sasoietan, piztea lortu zuen lehen kultur ekimenetariko bat izan zen. Maite izan zuen frankismoak sano regionalismoaren adierazpide sinpatiko hura. Beti horren sinpatikoa ez zela ikusi arte. Asko dira orduko anekdotak. Gerora ere eztabaida eta sestra asko izan ditu, halako proiekzio publikoa dauka-eta. Bertsolaria Elkartean gotortu zen, batasunaren indarrean, eta kanpoko presio, debeku eta ukotik indartsu irten zen, telebistan zuzeneko zentsura jasanda ere. “Juglares sabelotodo” haiek lekuko soil izan ziren. Eta bertsolariak jakin zuen zorrotz segitzen, txalo egiten dion baina zirikatu beharra daukan entzuleari, herriari kantatzen. Beti mugan. Bertsolaria bertsotik harago euskara normalizatu, Euskal Herri euskaldunaren figura ustez arruntenetako bihurtu da prentsan, telebistan, literaturan. Euskaraz bizitzerik ez den herri batean euskaltasuna ia naturalen bizi dutenetarik da bertsolaria. Eta apustu horrek Madrilera eraman zituen Jon Maia eta Arkaitz Estiballes, ez dira bakarrak izan. Bertsolariak bazekien zer zen txapelketan kantatzea, udal jeltzale edo ezkertiar bateko saioan aritzea, gaztetxean inprobisatzea edo ekitaldi klandestinoetan indar egitera deitzea.
Mugak estutzen joan dira urteotan. Euskal PENek Egunkariko akusatuen absoluzioa eta EGINeko kazetarien espetxeratzea ikusi dugu (eta oraindik espetxean). Eta kultur ekimenetan, elkarte politikoetan ziharduten bertsolariak atxilotzen edo inputatzen lehen ere ikusi genuen legez, iritsi zen bertsotan aritzeagatik deklaratzera deitu zituzten unea ere. Halaxe joan ziren Madrilera Oihane Perea eta Josu Ormaetxea; etxera onik itzuli ziren zorionez, baina badakigu zer dakarren Auzitegi Nazionaletik pasatzea, psikologikoki baino ez bada ere, otsoaren atzaparretan egote hutsak berba ondo neurtzera zaramatza halabeharrez.
Inor ez da guztiz librea, eta ez da berez txarra. Begirunearen, elkarbizitzaren gutxieneko sena daukagu pertsonok, inori alferrikako minik ez egiteko. Badakigu adarra jotzearen eta irainaren arteko muga, sarritan lausoa izanda ere. Lagun bati diotsoguna ez diotsogu hain lagun ez denari, eta ez dugu uzten hain lagun ez denak gure lagunari halakorik esaten ere. Askatasunez, ez zaigu burutik pasako –eta pasatuz gero, baztertu egingo dugu– kantatzen dugun herrian mingarri direnak, tragedia handiak, burlati kantatzea. Begirunearen araua, bromaren muga –aski zabala beti ere– argi samar dauka bertsolariak. Hura gainditzeak bertsolariari berari baitakarkio kaltea, beste inori baino gehiago. Badaki probokazioa lantzen, badaki adarra jotzen, badaki halaber doako irainak berari dakarkiola kaltea.
Idatzi gabeko arauak dira, idatzi gabe jarraitu behar dutenak, adierazpen askatasunari mugak idazten hasiz gero, inork ez daki-eta non amaitu behar den.
Urtzi Urrutikoetxea
(Euskal PEN klubeko eta Santutxuko bertso eskolako kidea)