[KANPOTIK] Sentipen parekatuak

Miren Gojenola-(r)en argazkia Miren Gojenola 2018-01-26

Sentipen parekatuak 

Sentipen parekatuak
Arg: Kronika

Ilaran.

Nire aurrean, gutxi gorabehera metro eta laurogei neurtzen duen morrosko batek ez dit leihatilara arteko distantzia kalkulatzen uzten.

Erdialdean nagoela uste dut, atzealdera begiratzean ilarak luze jarraitzen duelako.

Denontzat lekua egongo ote da?

Hilabete bada bertso saioa iragarri zutela eta egutegian ixa bat jarri nuela  ez ahazteko, alajaina. Ez naiz maiz joaten, ez dut gezurrik esango, gure ofizioan aste-bukaera bat libre izatea ez delako erraza. Eta, gainera, seinale ona da ez izatea.

Ilara mugitzen hasi da, geldo, baina aurrerantz goaz. Sarrera begiztatu dut, gero eta hurbilago gaude.

Eta, gure txanda…

Barruan, beheko aldea ia-ia beterik dagoela konturatu gara eta palkoetara iristen garenerako berandu izango dela. Inor aurreratu aurretik pausoa azkartu beharko dugu, besaulki bakan horiek harrapatzeko eta gure intentzio bera dutenekin topo ez egiteko.

Eseri ondoren, ohitura dudan moduan, burua luzatzen hasi naiz alde guztietara, ezagunen baten bila edo… aspaldian ikusi ez dudan norbaiten bila edo…

Egin beharrekoak egin ondoren, aulkian eroso jarri eta eszenatokian jarri dut arreta. Orain ez dago besterik: aurrera begiratu eta zain geratu.

Nire begiek ezin dute oholtzatik begirada kendu. Tira egiten didate bertara. Bizitutako sentimendu ugari dantzan dabiltza nire buruan: urduritasuna; eszenatokira atera aurreko nerbioak; beti ahazten zaidan esaldi madarikatu hori ozen esan beharra, badaezpada; dena bere lekuan egongo ote den galdetu, badakit baietz, baina hori ere badaezpada. Beroketek, luzaketek, ahotsa berotu eta “kaka zaharra” bata besteari esan ondoren, hasteko zain gauden momentu horiek derrigorrez egin behar ditudan erritualen zerrenda luzea osatzen dute. Beharrezkoak dira.

Eta zain nago…

Eszenatokia ederra da, zabala, ondo argiztatua, detailerik gal ez dezagun.

Zortzi aulki, bi mikrofono eta zortzi botila bete ur. Zortziak ilaran jarrita.

Argiak itzali dituzte, eta, ezkerreko aldetik, aurkezle edo gai-jartzaile moduko bat atera da. Zortzi bertsolariak aurkeztu ditu: bost gizonezko eta hiru emakume.

Bueno —pentsatu dut—, laster parekatuta. Txalo zaparrada entzun ondoren, hasiera eman dio saioari.

Hasi da festa.

Bertsolarietako bat beste baten belarrira hurbildu da, oinak mugimenduan, pausoak atzera eta aurrera etengabe. Beste batek, eskuak atzera; ondokoak, mikrofonoa eskuetan hartu du, jarraian askatzeko. Eskuak atzean izan dituenak, orain, mikrofonoari eusten dio, pausoak aurrera-atzera, inprobisatutako koreografia… Zortzi lagun, milaka begiradapean.

Eta isiltasuna, guztiaren gainetik. Guztion isiltasuna, antzokian sortu den kontzentrazio giroa hausteko beldurrez.

—Ohituta daude—, pentsatu dut nik. Ordu asko, ibilbide luzea atzetik. Batzuek besteek baino handiagoa, baina eskarmentu handiko taldea osatzen dutela argi dago.

Ni ere ohituta nago, ezagutzen dut isiltasun hori, baina, ezagutu arren, ez dit orain sentitzen dudan egonezina lasaitzen. Neure azalean sentitu dut bi segundok ireki dezaketen zulo beltza… eternitatea ematen duten bi segundo.

Une motz baina pisutsu horretan burutik pasatzen diren hitz, esaldi, irudi azkarrak ordenatu eta bere lekuan jartzeko ahalegin saiakerak ditut gogoan, amildegi amaiezin beldurgarria oin azpitik desagerrarazteko.

Eta eskerrak! beti desagertzen da, beti azaltzen zaigu helduleku bat; eskarmentu berbera dugulako, urteetako lana; antzezlan baten atzean dagoen diziplina garrantzitsua delako, bokazioaz gain lan ugari, entrenamendu ugari dagoelako; guk, aktoreok, bertsolarien gisan, isiltasuna hausteko dohaina dugulako, eta doinuari, hitzei, bidea ematen diegulako. Gogotsu.

Erlaxatu naiz, dotore doa bertso saioa. Txalo zaparrada ere dotorea izango da.

 
Sentipen parekatuak
Sentipen parekatuak