Moda xaharrekoa al naiz ni ere?

Itxaro Borda-(r)en argazkia Itxaro Borda 2021-09-10

Itxaro Borda –

Igande arratsaldeetan, Eider Perezek hain gozoki aurkezten duen Hitzetik Hortzera emankizuna jartzen dudanean, harritzen naiz beti, bertsolaritza zenbat aldatu den ikustean: laurogeiko hamarkadan oraino ere, erran genezake moda xaharreko bertsolariak agertzen zirela, zuzen-zuzena sagardotegietako edo baserrietako abaro-guneetatik etorriak. Ordura arte, gehienak kasik, laborantza mundukoak ziren, langile zenbait kausi zitekeen arren. Jatorri sozialaz harago, beren izaera entzuleriaren gustuetara plegatzen zuten, herabetasuna eta ahalkeak galtzen zituzten eta barre egiteko ahalmen publikoa eskaintzen zuten bertsotik bertsoetara. Txapela buruan zapal eman, mikrora aitzinatu eta begi keinuak luzatuz, koblak harilkatzeari ekiten zieten, behaztopatzeko beldurrik gabe.

Bere baitako elitea osatzen joan arau, euskal jendarteak miretsi zituen ahozko literatura eta bertsolarien ekinak: lurraren egiatik mintzo ziren, instintiboki bezala, naturaltasunez, batzuen zortzikoen sakontasunak bakarretan durduzarazten zituela. Horrela, gradoz goratu zituen Elizanburu, Xalbador, Basarri, Lasarte edo Uztapideren trakako bertsopaper egileak. Lasturko ostatuko horman dago, dilingo, Uztapideren argazki zuri-beltza, behialako epikotasun mitiko baten lekuko. Baina, espezialisten jakituriatik at, koblakari horiek nahikoa ahantziak ematen dute. Segur da aitzindari hauen lanak daudela gaurko bertso-izarren formakuntzan. Lurraren lokatzetik eskola-geletarako xendra, Xabier Amuriza batek azpatu zuen argiki. Orduan, bertsolaritza itxuraldatuko zuten baliabideak jarri ziren martxan, egun ezagutzen dugun egoera espektakularrera heltzeko.

Ez naiz nostalgikoetatik, aperentziarik ez. Baina Youtube katean Xalbador eta Mattin pataskan begiesten ditudanean, halako plazer infantil batek gatibatzen nau. Memorian itsatsiak dauzkadan bertso saio frankoren itxurarik eta grabaketarik ez da gehiago aurkitzen eta noiztenka, soinu-banda galdu bat berreskuratzen denean, bihotza banbaka hasten zait, jakin arren garai haiek ez direla sekula itzuliko. Xanpun eta Ezponda, Alkat eta Arrosagarai, Mendiburu eta Mihura… bai, emakumeak eta emazteak nagusiki eskas ziren taula gainetan, baiki bertsolari haien diskurtsoa ez zen politikoki egokia eta ikusleak algara gordina baizik ez zuen askatzen. Bistan dena, bertso saio ofizialetatik haragoko ekitaldiez ari naiz, zikiro-besta galantez adibidez, besteak, apez gai-emaileek kudeatzen zituztelako, kontrolatzen zituztela ez errateko.

 

  • Badirudi iragana mitifikatzen ari naizela, eta ez da horrela, gaur egungo bertsolaritza asko gustatzen zaidalako, helduagoa eta jantziagoa dirudit, baina ere bakarretan mekanikoagoa: gai melodramatikoa, bertsoa, txaloak, bertsoa, txaloak… irri gordinerako tartea murrizten joan da…

 

Badirudi iragana mitifikatzen ari naizela, eta ez da horrela, gaur egungo bertsolaritza asko gustatzen zaidalako, helduagoa eta jantziagoa dirudit, baina ere bakarretan mekanikoagoa: gai melodramatikoa, bertsoa, txaloak, bertsoa, txaloak… irri gordinerako tartea murrizten joan da, konfinamenduetan zehar gure bizi-eremuak hertsatu diren legez. Berdekeria pornografikoak lekua utzi die biologia femenino irakaspenei, hilekoak edo intimitatea aipatzera ausartzen direnean. Postura interesgarriak dira, gaiak tratatzeko moduak aldatu direla ere garbiki erakusten dutelako. Hitzen edukiaren lotsa ahitu zaigu, gauzak zehatz ahoskatzen ditugu eta hori baikorra da kolektiboki. Bertsolariak, poetak eta idazleak baino gehiago, orainokoan, herrialde honen aitzinamendu etiko-estetikoaren boz-garagailuak dira. Badugu haienganako halako fazinazio bat, ordenagailuko pantailaren aurrean tapalakaturik, jolasaz gozatzera eramaten gaituena.

Kultura mailan, azpimarratzekoa izan da egundainokoan, elitearen eta egikera herrikoien arteko borroka, edo behintzat pitzadura, arrakala. Kultura globalizatua den hauetan berdin, kultura herrikoiak ez du mass-medietarako edo unibertsitateetarako sarrerarik. Ikusezintasun horrek ez du erran nahi hobeagoa denik, baizik eta bere bizi propioaz diharduela, autonomia zerbaitekin. Otxandio zokoan edo Mendikota gainetako plaza ilunetan, afari jendetsuen ondotik eta kamerarik gabeko saioetan, segur aski, bertsolariek molde libreago batean kanta dezakete. Ez dago dudarik, ikusleriaren presiogatik, BECeko tauladan ere, horrela inprobisatzen dutela. Eta, agian, elite versus herrikoi urrakoa gainditzen du hor bertsolaritzak.

Hautatzera behartzen gaituzte, aburu edo epai pertsonalak azaltzera. Hau ez badugu maite, zaharkituak gara, eta hori hobesten badugu, progresistatzat gauzkate. Era berean hunkitzen ahal gaitu Lazkao Txikiren gusturik hobereneko kokinkeria sexista batek ala Maialen Lujanbioren transexualitateari buruzko kopla sail serio batek? Zergatik aukera, biak maita baditzakegu? Dena dela, bertsolaritzak 360° bihurgunea marraztu du, edozein, bat-batean, moda xaharreko sentitzeraino. Ni neu barne.

Itxaro Borda Itxaro Borda Itxaro Borda