Miresmena
Garbiñe Aranburu –
LAB sindikatuko idazkari nagusia
Tarte honetan idazteko aukera eskaini zidatenean, eta bertsolaritzaren inguruan nik zer esan nezakeen buruari bueltak ematen hasita, hitz bat etorri zitzaidan, miresmena. Miretsi egiten ditut bertsolariak.
Foro honetan ondo geratzeko ez noa ni nire burua bertsozale amorratu moduan aurkeztera. Ez naiz oso aditua bertso gaietan eta ez naiz saioz saio ibiltzen diren horietakoa ere. Baina jarraitzen dut, ezagutzen ditut bertsolariak, eta baditut batzuk besteak baino gustukoagoak, nola ez.
Txikitatik, etxean ezagutu dut nik bertsolaritza eta baita bertsolariak ere. Aita izan zen gurean, gu bertsoen mundura gerturatu gintuena. Kasete zahar haiek kotxean bueltaka, zergatik ez esan, aspertzeraino ere bai batzuetan. Saioren batean edo beste ere izan ginen eta, nola ez, telebista aurrean ere sartu izan ditugu ordu batzuk.
Zer esan ikastolako garaiez, han ikasi genuen bertsoa nola egiten zen, errima eta poto, zortziko txiki eta hamarreko handi. Han ikasiak, bai, piztu zuen nigan jakin-mina eta baita bertsotan aritzen zirenekiko inbidia puntua ere. Bertsoa osatzearen zailtasunen jabe egin nintzen, bertsoa osatzeko abilidade handia behar dela konturatu nintzen eta hortik dator bertsolariekiko nire miresmena.
Miresmenaz hitz egiten jarraituz, bereziki aipatu nahi dut emakume bertsolariak egiten ari diren bidea. Bide zaila bezain emankorra izaten ari dela esango nuke. Erabat maskulinoa den esparru batean leku bat egitea lortu dutelako, estereotipo batzuekin apurtzea lortzen ari direlako. Badakigu horretaz zerbait sindikalgintzan ari garen emakumeok, horregatik enpatia handia sortzen didate bertsolaritzan ari diren emakumeek.
Bertso bat aipatzekotan, emakumea eta bertsoa lotzen dituen bertso sorta batek erakarri du nire arreta nagusiki azken aldi honetan, Konplize ditut eta izenekoak.
Orain gutxi, herriko haur eta gurasoek Lazkao Txiki jaio zen baserrira ibilaldia egin eta bertso batzuk abesteko parada izan zuten. Egun horretan kale egin behar izan genuen, hala ere, politak izan ziren aurreko egunak gure etxean. Lazkao Txiki, handia, zer bertsolari bikaina izan zen ezagutzeko parada izan zuten nire bi alabek.
Gure ondorengoei bertsozaletasuna sustatzeko modu bikaina, alajaina. Bertsolaritza arte bat delako, euskal kulturak duen altxor izugarria delako, bizi-bizirik dagoena eta zaindu behar dena.