Irungo saioa: lau intxaur eta unpopular opinion bat
Irungo saioa: lau intxaur eta unpopular opinion bat –
Populismoa gehiengoak entzun nahi duena esatea bada, bertsolariak ere badu ideia-populistetara lerratzeko joeratxoa (txapelketan batez ere). Txaloak eta puntuak jokoan, zer premia lokatzetan sartzeko, zertarako hasi gehiengoaren uste osoak zartatzen edo konbikzioetan atzamarka? Baliatu unea, hartu posizio erosoa, egin geldialditxoa azken puntuan… eta voilá! Jendea poltsikora.
Irungo intxaurrak hamalau…
Konplikatua zen historikotzat jotako saio batean aurreikuspenak betetzea, baina atzoko aurre-finala ez zen aurrekoen itzalean geratu. Saio amaieran gehienek espero moduan, Sustrai Colinak pilatu zituen puntu gehien (ez gehiegi), koxka gehiegizkoa ateraz (puntutan beti ere) finalerako aukerak urrundu zaizkien Nerea Ibarzabal, Jone Uria eta gainerakoei. Maila handiko saio batean, urruñarrak merezimenduz irabazi zuen bigarren itzulian Baionan aritzeko eskubidea. Azpimarratzekoa, era berean, entzule askoren hondarreko zaputza, epaileek 6 bertsolarien lana baxuegi puntuatu zutela iritzita.
Behin spoiler eginda, 2.500 lagun bildu ziren Irungo Ficoban, txispaz hornituak, Nerea Ibarzabalen agurra ekarriz, hori delako «zerbait pizteko» lehen baldintza.
Hain justu ere, markinarrak Colinarekin egindako zortziko handiko lana apartatuko nuke sailetik; bikain aritu ziren auzokoen etxean lapurrak sartuz geroztik, postontzia segurtasun-kamera eta alarmen iragarkiz beteta daukaten bi herritarren larrutik. «Alarma hartu-ez hartu» zalantza agertu zuen Colinak, argi utzi zuen hirugarren kolperako («iada zeozer ostu digute/ nahiz eta etxean ez sartu») jauzi bakarrean aise igo dela txapelketaren trenera.
Ane Labakaren eta Ibarzabalen zortziko txikiak ere aipamena merezi arren, markakoa izan zen Miren Artetxe eta Colinarena. Sustrairi etxea berritzen lagundu asmoz-edo, bota behar ez zuen pareta bota zuen Artetxek, mazo-kolpeka lehertu zuen ariketa. Sukaldea eta egongela batu izanaren harrotasun-baldarraz, «minimalist style-a/ uztazu nire gain/ ze honi “open concept”/ deitzen zaio orain» amaitu zuen bigarrena, Ficoba altxaz. Colinak bikain baliatu zuen bere joa: «Miren ni ez naiz hemen/ Urkulluren banda/ ez nauzu engainatzen/ inglesez esanda». Auzolan bikainean, sailkapenaren goiko aldean genituen biak ordurako.
Puntukako ariketak ez ziren nahi orduko pasa.
Seiko motzean Jone Uriak egin zuen lanik osoena, baina errimen fetitxistoi Colinaren bigarren bertsoak eman zigun plazera, senitartekoa urrutiko kartzelan duenaren ahotik: «nahiz mendeku sineskaitzen/ zauria ez den orbaintzen/ nik segiko dut nirea ez den/ kondena ordaintzen». Orgasmikoa. Eta ganbarako lanak falta ziren, gainera.
Hala zion gaiak: «Kalean zoazela haren ahotsa entzun duzu. Hunkitu egin zara». Ane Labakak, hunkigarritasunari ixkin eginda, biderik xume eta unibertsalena aukeratu zuen: laguntasun ximelduarena. Miraririk ezean, lasartearra ez da bigarren itzulian izango, baina «harreman bakoitzak/ bere geografia du» amaiera, ez dugu berehalakoan ahaztuko.
Lan berezienetakoa izan zen Maddalen Arzallusena. Barruak irauliz, ama zenaren ahotsari abestu zion, eta teknikoki gehixeago bihurritu zitezkeen arren, une batez, abesti herrikoi bat abesten ari zela zirudien. Miresgarria izan zen bere lana.
Balu eta balizka hastea alferrik da, baina Miren Artetxeri mazoa kamustu zitzaion bakarkakoan. Saio osoan erakutsi zuen maila bikaina mantendu izan balu… auskalo!
Eta zer esan podiumaz? Jone Uriak master-class bat eman zuela, gaian emandako elementu guztiak, zintzotasunez 3 bertsotan nola kokatu erakutsiz.
Colinak kalean eskale irudikatu zuen txikitako laguna, eta nekez josi liteke hitz-joku bikainagorik lehen bertsoan egin zuena baino: «Ikaskideak ginenak lehen/ orain hor zaude eta ni hemen/ zu zurean, ni nirean/ baina ez klase berean». Federerren klasearekin: puntu, set eta partidua.
Hala ere, Nerea Ibarzabalen bakarkakoaren aurrean belaunikatuko naiz. Eskerrak ez naizen epaile. Arau-hauste larri izan behar luke, berak egin zuen moduan, 3 bertso kantatzeko eskatu eta, horren ordez, Ficoban laburmetrai bat proiektatzeak. Hori bertsoaren legeak gainditzea da. Eta kitto.
Unpopular opinion
Populismoaren beste muturrean, jendeak*, gehiengoak entzun nahi ez duena esatea da unpopular opinion bat. Bertsotara ekarriz, eta labur esanda, oholtzan zure buruaz-beste egiteko arriskua hartzea. Ez da maiz gertatzen; txalogarria behar luke, ordea.
Horregatik azpimarratu nahi nuke, atzo bertsolari batzuek posizio deserosoak hartzeko egin zuten hautu kontzientea. Miren Artetxe izan zen horietako bat. Gai ireki batek, migrante bat mugaz bestaldera autoz pasa edo ez pasa erabakitzeko atakan kokatu zuen. Ofiziokide zuen Arzallusek, zalantza izpirik gabe ireki zuen autoko atea, gaztea sar zedin, bere eskubideak aldarrikatu bitartean. Artetxek ere egin zezakeen gauza bera, (beste kasuetan bezala) ofizio bat monologo parea bihurtuz, baina arriskatuz, zaurgarri agertzea erabaki zuen: ezkorra, zalantzaz josia eta laguntzeagatik dominarik kolkoratzeko asmorik gabea. Unpopular opinion.
Deika eta deika zuen arren, eta lagundu ordez, Sustrai Colinak ere ez zuen adorerik izan Fermin lagun eskalearengana hurbiltzeko, erru-sentimenduak geldiarazita. Unpopular opinion. Eta Ibarzabal, gaiak norbere kontsumorako abereak hiltzeko rolean jarri ostean, gaur egun salagarria den haragijaleen omenezko bildots-harakiria egin zuen, Tarantino estilora. Unpopular opinion.
Gaitasun handia eta zorokeria puntu bat behar da horretarako, zalantzarik gabe. Horregatik da eskertzekoa zenbaiten hare-mugikorretan sartzeko borondatea, jendeak* entzun nahi duena abestu ordez, dialektikaren ertzak arakatzeko, ideologien logikak hankaz-gora jartzeko hautu suizida egiten duten bertsolarien erabaki ausarta. Non eta txapelketa nagusian, gainera.