Inprobisazio hutsa(k) d(ir)elakoan
Gurean, regueifeirak dira inprobisatzaileak. Inprobisazioak ez du esan nahi asko pentsatu gabe aritzea. Inprobisazioak oinarri sendoa du. Bada jakinduria, badira sustraiak eta badago zer esana; eta isilean gelditzen dena ere jasotzen du entzuleak.
Inprobisazio hutsa(k) d(ir)elakoan –
Inoiz ez dut jakingo amonak, amak eta inguruko emakumeek abesten zituzten haiek ikasitakoak ala inprobisatuak ziren. Ez dio axola, gainera. Izan ere, gehienetan, esaten zutena baino, inportanteagoa –are erakargarriagoa– zen isilean geratzen zen hura.
Orduko haiek ekarriko ninduten bertsolaritzara, auskalo. Galizieraz sentitzen nuen misterio bera azaltzen zitzaidan euskaraz ere; magia bera. Esaten ez den horrekiko grina bizi da –oraindik ere– nigan. Hitzen eta esan nahien arteko konbinazioak –beti ere metrikak zeharkatuta– biderkatzen du hitzen eta etenen indarra, eta are infinituagoak dira gerora bertsoaldiak sortzen dituen unibertsoak. Ahotsa. Aho bakoitzaren hotsa. Hotsak hitza eraldatzen du. Hitzaren hotsaren oihartzuna nigan. Gazta on baten zapore-ondokoak uzten duen lorratza bezain gustagarria.
Bertsolaritzaz ezer asko jakin ez arren, ausartuko naiz batzuei harrigarria egingo zaizuen nire irudipen bat hemen idaztera: badira bertsolaritza eta gaztagintzaren arteko antzekotasunak.
Biek dute azken puntua; eta horrek, izango bada, aurretiko guztia behar du. Gaztak, gazta izateko, esneak egin duen bidea eta izan duen bilakaera behar dituen bezala.
Gaztagintzan ere badira metrikak eta errimak. Eman beharreko pausoek eta neurriek erritmo jakin bat eskatzen dute, ezinbestean. Harmonia. Eta horiek errespetatu ezean, bidea bihurritu eta amaiera herrena emango diogu ofizioari.
Bidean zehar isilean geratzen diren horiek ere funtsezkoak dira, batean eta bestean. Lanordu luzeak eta hausnarketa pausatuak ez dira plazetara ateratzen, baina haiek gabe, mamirik ez.
Horiek guztiak garrantzizkoak izanik, inprobisazioak egiten gaitu gaztagile. Izan ere, esnetik esnera bada aldea: animaliak zein belazetan larratu diren –egutera edo iparra izan, kasu–, eguraldia nolakoa izan den, udaberri hasierako esnea den ala udakoa… Aldaera horiei eta gehiagori begiratu behar die gaztagileak, haien arrastoa hartzen asmatu behar du, esnetan irakurtzen jakin, gerora teknikak esnearen uneko ezaugarrietara egokitzeko. Lortu nahi duen gaztara, azken puntura, heltzekotan.
Bertsolaria ere halaxe ibiltzen da, gorputz eta arima informazioa jasotzen eta interpretatzen, bertsoaldia duen testuingurua ahalik eta modu egokienean moldatzeko; gaztari ahalik eta ehundura atseginena emateko, zapore eta usain aberatsenak lortzeko eta zapore-ondokoak entzulea errepikatzera gonbida dezan.
Akaso, ezkutuko lan zehatzaren naturaltasunak liluratuta itzuliko gara, bertso saioetara edo gazta jatera. Inprobisazio hutsa delakoan.
Agian, horrek elkartu gaitu hemen bertsozaleok eta gaztazaleok.
Inprobisazio hutsa delakoan, heldu gara azken puntura.