Ingeles bat bertso saioan
Lehen aldiz bertsoak Urepelen entzun nituen, 2009ko Xalbadorren Egunean. Liluragarria izan zen. Bazkaldu berritan mahaiaren bueltan hizketan ginela, lau pertsona oholtzara igo ziren jeansak eta jaka jantzita. Oholtzan entzuleoi begira jarri, eta jendearen solasa mututu zen. Oholtzara eskuetan paper bat zuen gizonezko batek lagundu zien. Gizon hura lau horietako bati zuzendu zitzaion, bertaratutakooi ongi etorria egin ondoren. Zigarreta erretzen ari zen bitartean arreta handiz eta isiltasun erabatekoan entzun zion paperdunari. Erabakia hartutakoan, zigarreta jaurti, mikrofonoa hartu eta hitzak intonatzen hasi zen, poliki eta deliberamenduz doinuari atxikiz. Entzuleak erabateko isiltasunean zeuden. Oinei erreparatzen nien nik, errimatzen zuten hitzei. Gainontzekoak barreka ari ziren, eta, tarteka, kantuan zebilenaren doinuan eta erritmoan kantatzen zuten harekin batera. Hipnotizaturik nintzen.
Prozedurak jarraitu zuen gaiak eta partaideak aldatuz: taldekideek txandaka erantzun zieten elkarri eta txandaka desafiatu zuten elkar, gaiaren arabera. Bertsoa nola egituratzen zuten une guztian zehar ikusezina zen. Entzuleen txaloek, barreek eta isiltasunak jarraitu zuten, oholtzakoen emanaren tonuaren neurrira. Bi ordu luzeko emanaldia probokatzailea, inspiratzailea eta maisuki entretenigarria iruditu zitzaidan. Iluminaziorik gabea, eszenografiarik gabea, jantzirik gabea; hitzak eta ahozkotasuna soil-soilik. Miresgarria egin zitzaidan.
Orduan katigatu nintzen bertsozaletasunera. Bertsolaritzaz irakurtzen eta bertso saioetara joaten hasi nintzen, baita euskara ulertzen ez nuenean ere. Gehienetan, alboan euskara zekien norbait edukitzeko zortea izan dut, gaia itzuli izan dit, eta testuingurua ulertu izan dut. Era horretara, azken Bertsolari Txapelketa Nagusian txunditurik izan nintzen egun guztian zehar. Oraindik bertsogintzaz gehiago sakondu nahi dut, eta euskara ere gehiago ikasi behar dut hobeto ulertzeko.
Antzerkigintzan ikasitakotik
Ahotsaren soinua eta adierazkortasuna betidanik izan nire lan ibilbideko ardatz. Adierazi nahi den hori ahotsaren intonazio eta ñabarduren bidez ulertzen dut, hitzen esanahiarekin bezainbat. Beraz, bertsoak entzuten ditudanean gehienbat ahotsak tonu, inflexio eta erritmo aldaketen bidez hitzei zer gehitzen dien jartzen dut arreta; baita hitzak zein indarrekin ahoskatzen diren ere.
Antzerkigintzatik ikasitakotik, entzuleen erreakzioak irakurtzen ere badakizkit, eta horiek ere interpretatzen ditut. Aldi berean jabetzen naiz emanaldiek zein tentsio eta erronka dakarten. Aktorearen helburua hitzak unean berpiztea da, une berezi zehatz hori sortzeko, baina, jakina, erabiltzen ditugun hitz horiek ez dira unean sortuak, gidoi batetik ikasiak baizik.
Madeleine Cannon
Erredakzioan itzulia