Nola bertsozaletua naizen

Mixel Aire-(r)en argazkia Mixel Aire 2018-12-31

Nola bertsozaletua naizen –

Irakurle, egun on.

Nola bertsozaletua naizen erratera noa.

Nola bertsozaletua naizen
Arg: Mintzoak

Zerbaiten zale izateko adin hartara heldu gineneko, bazen gure herri honetan bertsolari handi hura, eta hura bertsoka entzunez gero nor ez zen haren entzutearen zale izanen?

Eta ez zen gero bertsolari handi hura hemengo bakarra; artzain batzu baziren: Antxinoeko Joanes, Jamattit, eta alaiena eta bertsoka trebeena, Piarre, bazkaltzean, salda hartu eta xahakotik trago bat egin orduko tentatzen hasten zitzaizkionak batere beldurrik gabe.

Oraino, Piarrek erraten zuen konplexurik gabe: «Pertsuka enekin ikasia dik Xalbadorrek».

Bertze zaletasun edo afizione bat ere bazen hemen: koplaka aritzea deitzen zena. Batek bertzearen solas edo esaldiari errimatuz ihardesten zion, eta guti luzatu orduko zortziko handian bertsoa osatua zegoen, xuxen edo makur. Hori, ordea, galdua edo galduxe da zorigaitzez.

Gero, bertso saioak.

Alduden egiten zen urte aunitzez, Mixel Itzainak antolaturik, zenbait aldiz segurik, eta orduan ez baikenuen oraino urrun joateko molderik, eta bertze gisan ere ez genituen huts egitekoak. Aldudeko saio batekoak ziren Uztapide ta Xalbadorren bertso hain eder haiek ere.

Gaia eman zien Mixel Itzainak: «Lurretik ehun metro gora zeuden aldamioen gainean zeudela eta kraskaka hasi zirela aldamioak. Batek jauzi egiten bazuen bertzea salbatuko zela menturaz». Horra lehen bi bertsoak:

Uztapide:

Lurretik ehun metrora zaigu
aldamio bat ageri
Bitatik batek saltatu behar
badira mila komeri
Ta Xalbador zu eroritzeak
pena ematen dit neri
bitatikan bat erortzekotan
nahiago det nik erori .

Xalbador:

Kasu hunetan nehoiz munduan
gertatu ote da nehor?
Beheragotik ere guziak
nahiz gintazken erorkor
Ez Uztapide nihaur banoa,
otoi ez zaitela eror
berdin zu hantxe hil eta gero,
hila litaike Xalbador.

Bertso gehiago badira hauetarik eta gogoan dauzkadanak haiek ere, baina geroagorako.

Ene bertsozale oroitzapenetan, hau ere nahi dut aipatu. Artaldearekin neguaren pasatzera beti norabait joaten bainintzan, gertatu naizen herri batetara aita jin izan zait bere lagun handi batekin. Hura zen Mixel Monako, Urepele Ilarragorrikoa. Sekulako kantaria zen hura eta ez dut uste bazenik hark ez zekien bertso zaharrik. Berak kantatzen zizkigun bere gustukoak zituenak, baina nik kantarazten nizkion Munduaren azken judiziokoak eta Hamalau heriotzerenak bereziki.

Bertso zaharren ikastea gustatzen zitzaidan gazte-gaztea nintzalarik eni ere eta banuen franko ikasirik. Zenbait bakar badauzkat gogoan oraino ere.

Ene oroitzapenen gainetik, axalez axal pasatuta ere, aunitz idatzi dut eta norbaitek nahi badu horiek ordena hobe batean ezarri eta hobekixeago kontatzera ere saia naiteke.

Agur, milesker eta barkatu.

Nola bertsozaletua naizen