Newton epaimahaiburu
Newton epaimahaiburu –
Behin batean, ba omen zen bertsolari-txapelketetako epaile xelebre bat. Hain omen zen xelebrea, zenbakirik ere ez baitzuen apuntatzen paperean. Hala zioten, behintzat, mihigaiztoek. Jende serioak sinesten ez eta, hurrengo txapelketa iritsi zenean, espioi batzuk bidali omen zituzten ea zurrumurru haiek egia ziren jakitera. Espioiak, lehen bertso-saioaren egunean, epaile susmagarriaren gertu samar eseri omen ziren; haren boligrafoa dantzan ikusteko moduan, bederen.
Saioa bukatu zenean, espioiek zintzo-zintzo eman omen zien nagusiei ikusitakoaren berri. Baietz, egia zela zurrumurrua: epaile xelebre hark ez zuela zenbaki izpirik ere idatzi paperean. Are okerrago: zenbakiak idazten ez baina, marrazkiak egiten eman zuela bertso-saio osoa.
Berehala zabaldu zen berri gaiztoa herrian. Eta berandu baino lehen deitu ziguten herri-bilera batera. Bozeramaile batek hartu zuen hitza, sua zeriola. Ea onargarria zen epaile xelebre haren jokaera. Ezin zitekeela horrelako epailerik onartu, non eta zientifikoz gainezka dagoen herri honetan. Objektiboa izatea dagokiola epaile bati, eta ez dagoela matematikak eta zenbakiak baino gauza objektiboagorik. Eta hori onartzen ez duenik baldin bada oraindik, ez duela epaile-izenik ere merezi eta ez duela inongo epaimahaitan parte hartu behar. Aise berotu zuen giroa. Eta, azkenean, norbaitek –beti izaten baita norbait, berotu ez ezik, kiskali ere egiten dena– sasi-epaile hura urkamendira eramatea proposatu zuen. Bat etorri ginen ia denok aho batez eta aho betez.
Eskerrak beti zentzudunen-edo bat azaldu ohi den horrelakoetan, eta giroa zerbait hoztea lortu zuen. Ez zuela merezi horrela jartzea. Azken batean, artista bat zela epaile hura, eta artistei beti zor behar zaiela halako begirune bat. Ea, artista jaio badira mundu honetara, zer erru duten haiek. Eta abar eta abar.
Zentzudun hari esker salbatu omen zuen artistak bizia. Hori bai: inoiz gehiago ez omen zioten deitu berriro inongo epaimahaitara, nahiz eta urtetako eskarmentua zuen artista gizajoak.
* * *
Ipuinak ipuin eta kontuak kontu, aspaldi samar hasi nintzen bertsolari-txapelketetako epai-lanaz interesatzen. Baita kezkatzen ere. Eta, epaimahaiko ere izan naizenez behin baino gehiagotan, are interesgarriagoa egiten zait gaia. Eta are kezkagarriagoa.
Nola baloratu bertsolarien jarduna? Galdera nagusi hau abiapuntu hartuta, zientziara jo dugu erantzun bila. Izan gaitezen ahalik hotzen eta objektiboenak. Izan gaitezen zientifiko. Har dezagun Newton eredu. Joka dezagun zientzia modernoaren aitak bezala. Baldin eta hark, zientzia egin ahal izateko –ahalik eta ziurtasunik handiena lortu ahal izateko–, errealitateari alderdi subjektibo guztia kendu bazion –sentimendua, sentsazioa, emozioa…–, egin dezagun geuk ere beste horrenbeste bertsolariaren jardunarekin.
Hala joan gara, bertsolariaren jarduna ahalik eta objektiboen baloratzeko, jardunari alderdi subjektibo guztia alboratuz. Eta, alboratzearekin batera, murriztuz. Hizketa matematikoa erabiliz, bi urrats nagusitan laburbil dezakegu murrizketa: 1) bertsolariaren jarduna = bertsoa, 2) bertsoa = testua.
Baina testuak berak ere, labaina izaki, irrist egin digu. Eta, azkenean, bertsolarien jarduna baloratzeko orduan, bertsoaren alderdirik objektiboenak hartu du pisurik handiena: potoak. Alderdirik nabarmenenari eman diogu protagonismo nagusia.
Denok dakigu zer den potoa. Denok gaude ados horretan. Hori baino gauza objektiborik! Akabo zalantzak eta eztabaidak, susmoak eta esamesak, oihuak eta txistuak.
Eta, inork ez entzuteko moduan bada ere, aitor dezagun zenbat eskertu ohi dugun epaimahaikook bertsolari baten potoa! Helduleku hoberik! Zertan ibili zalantzan eta izerdi patsetan testu baten ñabardurak eta xehetasunak, lilura eta xarma kantitate bihurtu ezinik, noiz eta gainera ahalik eta azkarren ipini behar dugunean zenbakia? Lau puntu eta kito. Edo zero, eta kitoago. Igualeko! Lasaitasun ederra!
Zientziaren abantailak. Zientziak ez baitu inoiz potorik egiten. Gora Newton eta newtondarrak!
* * *
Eta, egun batean, robotak ipiniko ditugu epaimahaiko bertsolari-txapelketetan. Horiek bai izango direla hotzak eta objektiboak. Eta azkarrak. Eta, azkartasun horri esker eta gaurko teknologiaren eskutik, robot bakoitzak puntuazioa ipini ahala azalduko dira zenbakiak pantaila erraldoi batean, diz-diz eta ñir-ñir. Eta denok, entzule nahiz bertsolari, ikusiko ahal izango dugu nola doan puntuazioa unean-unean. Eta entzuleetako inork ez du txisturik joko. Izan ere, zeinek eztabaida lezake roboten lana?
Eta, apurka-apurka, robotek hartuko dute bertsolarien lekua ere. Robotak aurkeztuko dira bertsolari-txapelketetara, eta zenbaki bana agerian dutela igoko dira oholtzara edo dena delakora, ez urduritasun eta ez irribarre, ez zirkin eta ez imintzio. Eta bertso perfektuak kantatuko dituzte, doinu perfektuan. Ez: haiek ez dute potorik egingo.
Eta, azkenean, robotok soilik joango gara entzule bertsolari-txapelketetara.