Kristina Mardaras Sedrun
Kristina Mardaras Sedrun –
1948ko apirilaren 13an jaio nintzen Iurretan. Bertsoa 9 urterekin ezagutu nuen Oromiño auzo eskolan. Abadeak, Juanito Gallastegik, katekesian irakatsi zizkidan lehenengo bertsoak. Berak prestatu ninduen Bizkai mailan Euskaltzaindiak antolatutako Txapelketan parte hartzeko trebezia zenbaitetan: ipuinak idazten, kantutegian, bertsoen munduan, etab. Euskaltzaindiko aretoan biltzen gintuzten urtero Bizkaiko hainbat eskola-ume. Han kantatu nituen denen aurrean, Ezkongaietan, Euskaldun jaio nintzan, Aita Jainkoak… edo Pello Josepe. Han ezagutu Aita Martzel eta Jon Enbeita ere, bata epaile ibilitakoa eta bestea bertsolari ona. Ekitaldi horiek ni bertsotara plazara hurbiltzearekin zerikusi handia dutela deritzot.
Bigarren azpimarra familian egingo dut. Aitaren aldetik kantuzale amorratuak ziren. Eta aitaren osaba-izeko bik, Serafin Oromiño eta Antoni Aranzeta, trikitilariak ziren, eta disko bat grabatua zuten ni jaio nintzenerako. Amaren aldetik hainbat sehaska kanta jasoak ditut.
Gazte denboran koroan, antzerkian, dantza-taldean, Herri Gaztedin gizarte ekintzan, gau eskoletan euskara irakasle, ikastolen sorreran ekintzaile eta irakasle, AEK, GEREDIAGA, EHE… eta abar luze baten sortu eta ibilia naiz herrigintzaren barruan. Bitartean, Kontabilitatea eta Komertzio Kalkulua eta Idazkaritza ikasketak burutu nituen eta Enpresa batean aritu nintzen lanean.
68/69 ikasturtean fabrikako lana utzita, Otxandioko ikastolako lehen andereñoa izatea tokatu zitzaidan. Inspektore baten denuntziagatik Otxandio utzi behar izan nuen (Irakasle titulu gabea izaki). 69/70ekoan Basauriko ikastola ireki genuen, Arizko Elizan On Fernando Barquin abadearen laguntzaz. Bandas enpresako langilleen greba luze eta gogorraren osteko sasoia zen. CCOO sindikatukoak ziren ikastolako pare bat guraso 5 urterako kondenatu zituzten presondegira. Hori guztia bizi izan eta mugidan murgildu nintzen. Hamaika etxez etxeko janari batze edo A.I barrolaren marrazki saltze egin nuen dirua bildu eta presoen familiak laguntzeko.
1971n Justo Alberdi Artetxerekin ezkondu nintzen ikastola utzita. Bera izan nuen bidelagun eta kide 1966tik aurrerako konpromiso gehienetan. Elkarrekin konpartitzen genituen zaletasunak eta konpromisoak. Batera lortu genuen Euskaltzaindiak gau eskoletan aritzeko sortu zuen titulazioa, eta batera, Bergarako UNEDen, D titulua euskara irakasteko. UEUko hasieratiko ikasle finkoak ginen. Artean bi seme-alaba izateko eta hazteko ardura ere betetzen genuen, gau eskolan klaseak emateari utzi gabe. Gure umeek, ume-kotxetik entzuten zituzten bertso saioak. Txikiak zirela jokatu ziren Nafarroako bertso txapelketa finalak, Lesakan, Sunbillan, Elizondon… Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa batera lehiatzen zirenean. Orduan ere, I. Lazkano, L. Azkune, J.L. Gorrotxategi eta tribua elkarrekin joaten ziren bertso saioetara, eta gu haien ondoan.
1979an, Ikastolen Elkarteak titulu gabeko andereñoak legeztatzeko ikasketak bideratu zituen. Hor sartu nintzen ni ikasten buru-belarri. Sasoi berean, Jaurlaritzak dei bat egin zuen euskara irakasteko eskola publikoetan. Zornotzako (Amorebieta-Etxano) Larrea I.P.-an hasi nintzen lanean “idonea” titulaziopean, OHOko 1.go. mailatik 5.era. Etxeko lanetatik aparte, ikasketak eroan eta eskolakoari ondo erantzutea ez zen erraza izan, baina etxeko laguntza neukan eta posible izan zen. Gogorra, baina posiblea.
1979an hasi ginen baita Durangoko Ikastolako bertso eskolara ere. Angel Usaola Kapela irakaslea zen eragilea. Anaia bat zeukan bertsotan aritua, eta berak ere polito asko egiten zuen. Jon Lopategiri eskatu genion klase batzuk emateko, eta harekin ikasi genuen teoria eta praktika ere. Tarteka, Juan Mari Areitio eta Jose Alberdi Txo bertsolariak ere etortzen ziren. Dozena bat urte inguruan, talde berriak sortzen ere joan ginen. Durangaldeko bertso eskola erreferente bihurtu zen, eta Arratia aldetik zein Eibartik ere etortzen ziren bertso lanketara. Gizon eta emakume hainbat aritu ginen, baina plazarako jauzia neuk bakarrik egin nuen emakume gisa.
1982an igo ginen eszenario batera lehenengo aldiz bertsotan Angel Usaola, Joseba Zabala, Justo Alberdi eta ni Oromiñoko San Marko jaietan, eta gai-jartzaileak aurretik esan zizkigun gaiak, lasai aritzeko. Lehenengo saio handia 82ko Bilboko jaietan egin nuen, Bizkaiko beste bertso eskoletakoekin batera: Durango, Santutxu, Mungia, Algorta… Hori izan zen nire bateoa. Jendearen txaloak, aupadak, besarkadak eta tabladutik jaitsiaz batera irrati baterako elkarrizketa eta bertsoa, goizaldean kamioilariek entzuten omen zuten emisorarako. Hemendik aurrera, 84an, Mungian, Taket sarian parte hartu genuen. 85ean, Pernando Amezketarra herriarteko txapelketan jokatu genuen. Lehenengo saioa, Hernanin: Hernani-Iurreta, otsailaren 16an. Josemari Muxika Anatx, Jon Eizmendi eta Julian Ezeiza Aterpe, Hernanitik, eta gu: Justo Alberdi, Juan Mari Areitio eta ni Kristina Mardaras. Iurretarrak irabazle. Bigarrena, Iurretan, martxoaren 19an: Iurreta-Segura, taldeen artean jokatu zen. Iurretatik, talde berdina eta Seguratik: Pedro Etxezarreta, Florentino Goiburu eta Joxe Intxausti. Segurarrak garaile. Sariketa honetako txapeldunak izango zirenak amaieran.
85/86 artean jokatu zen Bertsolari Elkarte sortu berriak (ni ere sortzaile) antolatutako lehenengo Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusia izan zen ezagutzera emango ninduena, Txapelketa Nagusian parte hartzen zuen lehen emakumea izan nintzelako. Horri esker, herrialde guztietan bertsotan aritu nintzen gutxi-asko, zenbait urtez. Bertsolari apala nintzen, baina emakumea. Eta gerokoen erreferente bihurtuko nintzen. Bitartean, Durangoko Lore Jokoen Mendeurrenean (1986) hileroko bertso saioak antolatu, bertso eskolaz arduratu Durangon eta Iurretan, plaza berriak bilatu, Iurretako bertso txapelketak antolatu eta parte hartu, Durangaldeko bertso txapelketetan epaile aritu edo bertsolari emakumezkoen garapenaz hausnartzen hasi (1990) Elgoibar, Donostia, Hondarribiko bilerak eta topaketak barne.
Emakumearen presentzia ageri zedin saiatu nintzen. Bizkaian bazeuden emakume bertsolari batzuk. Santutxuko bertso eskolatik, Begoña; Algortakotik, Iriondo ahizpak Irune eta Nagore; eta Eibartik, Mariasun. Baina plazan apenas ikusi nituen kantuan, eta bai gai-jartzaile modura. Gogoratzen dut Donostian egin genuela saio bat, 90 aldera, eta bertan parte hartu zutela; eta eurekin batera Arantzazu Loidi, Itxaro Borda eta ni. Angel Mari Peñagarikanoren lehengusina Arantxa Olazabal izan zen gai emailea. Martxoaren 8aren inguruko saioak ere eduki nituen Bilbon, Iruñean, Usurbillen… Beste saio bat ere egin genuen emakumezkoek osatua Usurbillen, Iñazio Uxarralderen eskutik, eta bertan Maialen Lujanbio, Mirari Azula, Iratxe Ibarra, Arantzazu Loidi, Ainhoa Munitxa, Xiomara Gezuraga eta ni izan ginen. Antolatzaile moduan ere Izurtzako Santa Ageda ermita izan da hainbat urtetan emakumeak bakarrik bertsotan aritzeko plaza. Bertatik pasatuak dira Iratxe Ibarra, Oihane Perea, Onintza Enbeita, I. Eizagirre, Miren Amuriza, Erika Lagoma edo Oihane Bartra.
Hainbat urtetan aritu izan naiz bat-bateko bertsogintzan, eta behinen batean kantatu izan dut X. Amuriza, Mañukorta, Azpillaga, Lazkano, Egaña, Peña, Lazkao Txiki, Narbaiza, Areitio edo S. Lizasorekin. Baita Maialen Lujanbio edo A. Loidirekin ere. Behin, Elorrion eta Oromiñon, Jose Lizaso eta Jose Agirrekin. Baina gehiagotan bertso eskolakoen artean.
2017an azken plaza garrantzitsua Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketa izan zen. Iurreta ordezkatuz parte hartu genuen Eneko Abasolo Abarkasek, Justo Alberdik, Juan Mari Areitiok eta nik, eta finala jokatzera heldu ginen, ekainaren 3an Markinan, Markina eta abadiñarrekin batera. Markinako Aker Beltzen Antxumak irabazle: Josune Aramendi, Nahia Ibarzabal eta Nerea Ibarzabal.
Jubilatu naizen arte, Iurretako Maiztegi Herri Eskolako Bertso irakaslea izan naiz. Baina nire bertso plazarik gogokoena senarrarekin baterakoa da. Edozein dela tokia, edozein dela unea, bertsotan egiten dugu. Berdin da bertsotan ala koplatan, berdin 1, 2 ala 13 bota, berdin goiza, eguerdia ala gaua, baina bertsorik gabeko egun gutxi joango zaizkigu. Gaur goizeko 7etan komunean alkartu gara eta hau bota diot: “Zetara etorri leike bat nire ondora/bustita dagonean jadanik polbora” (Erantzun duena ez dizuet jarriko). Eta gosaldu ostean beste hau: “Kolore ederra ta itxura sanoa/azaldu zein den gaurko daukazun asmoa!”… ”Patata eta baba ereitera noa/horretan jarriko dut neure enpeñoa”, erantzun dit Justok, eta hala egin du.
“Mina”, “samina” errimak naturalki datozenean burura gure adinean, homeopatikoak bihurtzen ditugu bertsoa, xaxa eta umorea egunerokoan.
Peñak esango lukeen moduan: Per omnia sekula sekulorum. Amen!