Koplak eta bertsoak

Txomin Garmendia-(r)en argazkia Txomin Garmendia 2017-06-06

Koplak eta bertsoak –

Koplak eta bertsoak

Oraindik-orain neska gazte bat etorri zait etxera, estudiatzen zebillela-ta, esamiñetan, eta galdera batzuk egin nai zizkidala; alegia, koplak eta bertsoak zer alde zuten eta abar. Gutxi gora-behera onela izan zan nire erantzuna:

“Kopla eta bertsoa, soro bateko emaitzak dira; baiña, badute alderik asko. Kopla, Santa eskean basarri ataritan gazte taldean koplariak soiñujolearekin txandatuz kantatzen dunari deitzen diogu geinetan; bi edo iru puntukoa ain zuzen. Orra, bi puntuko muestratxo bat:

Otsaillaren laua degu gaur

Santa Ageda bezpera,

oitura eder au galdu ez dedin

etorri gara eskera.

 

Nagusi jaun da etxekoandrea

kristau jatorrak dirade,

orretxegatik etxe ontara

pozik etorri gerade.

 

Iru puntukoan berriz onela:

Alaba eder Anttoni,

zutzaz pentsatzen nago ni,

nere galdera, gizongai on bat

ez ote zaizun komeni?

 

Gauza ederra litzake,

zorionean nintzake,

baldin alperrik ez balirake

nik esandako itzak’e.

 

Bertsoa, berriz, lau puntukoa bear du gutxieneko; orain modan jarri zaizkigu zortzi puntuko edo geiagokoak ere; beraz, errez konturatu liteke kopla kantatzea errezago dala bertsotan egitea baiño. Gaiñera, koplariak ez du izango aurkaririk bertsolariak bezela; koplaria jakitun izan liteke taldeko lagunen baten bidez hurrengo basarriko berri pamilitik asita, eta ale batzuk eman lezazke aurrez pentsatuta basarri atarira iritsi baiño len. Iñoiz, txapelketaren batean jarri izan gaituzte bai koplatan kantatzeko, baiño gutxitan.

Gertatzen dana: bertsotan geiegi luzitzen ez duna izan liteke oso koplari ona, orrelakoak ezagutu ditugu: adibidez, Errezilko “Loidisaletxe” bat (G.B.), nire moduko bertsolaria zan, baiña Santa eskean koplari oso ona. Bere gogoa ere orixe izaten zan. Hogei edo gehiago ordu koplari ibiltzeko eztarria eta sasoia ere bear dira eta errezildarrak danak bazitun.

Bertsoak entzutearren atea nekez zabaltzen dutenak izaten dira, limosna eman ezkero koplaria ixilduko dan arriskua bai dago. “Loidisaletxerena” da orain datorren au: Eman kantari ari naizela / gutxiñez baira bi ordu, / limosnatikan bizi nai dunak / asko supritu bear du.

Bertsolari ona, sasoi piska bat baldin badu behintzat, koplari ere ona izango da. Beraz, orra, koplatik bertsora dagon aldea”.

Jakin berri det, gazte ori esamiñetan oso ondo irten dala 9’ko zenbakiarekin. Poz eman zidan, dirua bakarrik ez baita poztutzen gaituna.

Koplak eta bertsoak