Bertsolaritzako nire hastapenak
Bertsolari aldizkaritik deitu zidaten ea bertsolaritzan nire hastapenak nola izan ziren galdezka.
Hastapen horiek aspaldi izan ziren, 1936. urtean jaioa bainaiz Legazpiko Brinkola auzoko Barrendiola baserrian. 88 urte ditut dagoeneko.
Bertsolaritzako nire hastapenak –
Aurreko egunetan egin edo ikusi ditudan zenbait gauza batzuetan erraz ahazten baditut ere, duela urte asko bertsotan jardunez zapaldutako taberna, plaza edo auzo asko gogoan ditut oraindik, baita bertan abestutako bertsoak eta bertsolariak ere.
Umea nintzela, gure osaba Jose Mari Telleria zeraindarra baserrira etortzen zenean, beti bertsotan aritzen zen bazkal ondoren eta, agian, halaxe hasi zen nire bertsogintzarako zaletasuna. Gurasoak ere oso bertsozaleak nituen.
Brinkolako eskolan zenbakiak, irakurtzen eta idazten erakutsi ziguten, eta, 12 urterekin, eskola utzi nuen. Nahikoa ikasita nonbait!
Eskolara joan beharrik ez eta, Brinkola inguruan ardiak eta ahuntzak zaintzen pasatzen nuen eguna. Eta, mendian igarotzen nituen ordu luze horietan, aitak feria batean eta bestean erositako bertso paperak irakurtzen nituen behin eta berriz, buruz ikasi arte. Makina bat ikasi nituen!
16 urte nituela edo, Brinkolan San Agustin festetan abestu nuen, Iñaki Azarola eta Jesus Alberro auzotarrekin. Festetan beti egoten ziren bertsolariak. Bertan gogoratzen ditudan lehenengotakoak Txapel eta Zepai dira. Mitxelena eta Amuriza ere gaztea nintzela ikusi nituen bertan.
Pare bat urte ondoren, Lasarte eta Uztapide etorri ziren kantura sanagustinetan eta, saioa bukatu ondoren, tabernan biak kantuan ari zirela, Uztapidek esan zidan Lasarteren ondoren neuk abesteko, eta sei edo zazpi bertso abestu nituen beraiekin batera.
Gure gazte denborako bertso eskola Brinkolako taberna izan genuen. Doinuak buruz ikasten genituen eta, lagun artean, saio luzeak egiten genituen.
Bertsoetako hasiera hortan inguruko herri txiki eta auzoetako festetan abesten hasi nintzen. Gogoan dut Legazpiko Telleriarte auzoan San Juan festetan Patxi Beloki eta Azpillagarekin egin nuen saioa.
Soldaduska etxetik gertu egitea tokatu zitzaidan, Loiolan eta Hondarribiko Guadalupen. Bertsoak kantatzea asko gustatzen zitzaidan eta, soldadu euskaldun asko elkartu ginenez, kantinan ginenean, askotan egiten nuen bertsotan. Behin, kantuan ari nintzela, teniente bat parean tokatu zen eta nire bertsoak itzultzeko eskatu zion Orioko Joxe Manuel Peña, nire soldadu lagunari. Gustura egon zen nonbait tenientea, beste behin ere “Aguirre, canta unos versos” eskatu zidan eta; itzultzailea alboan zuela, noski.
Soldaduska ondoren, etxe ingurua utzi eta zertxobait urrutiago zeuden herriak ezagutzen hasi nintzen. Nire hasierako plaza Baliarrainen izan zen, 24 urte nituela, eta Zepai bertsolariarekin. Gogoan dut saioa hasi aurretik Zepaik nola esan zidan ”zuek gazteok doinu berriak erabiliko dituzue”, eta nik esan nion bera hasteko nahi zuen doinurekin eta nik doinu hortan jarraituko nuela. “Hori niretzat asko da” erantzun zidan berak.
Bigarren plaza Elgoibar izan nuen: San Isidro festetan, Idiazabalgo Florentino Goibururekin.
Osintxun Jose Luis Gorrotxategik zuen tabernan, ordu txikitan bukatu genuen bertso afari hura ere gogoan dut. Herri hauetara nire Vesparekin joaten nintzen, eta bide bazterretan izandako makina bat abentura baditut.
Loiola Irratiak antolatzen zuen txapelketan sari bat irabazi ondoren, zertxobait ezagunagoa egin nintzen eta hurrengo urteetan saio finko batzuk ere izaten nituen. Arrasateko Musakola auzora sanisidrotan Patxi Etxeberria edo Juan Mari Narbaizarekin, Santa Ageda eskean batera eta bestera…
Entzule bezala nonbaitera joan eta bertsotan egin beharra era tokatu zait. Behin San Adriango ermitan, San Kiliko egunean, meza ematen ari zen apaiz segurarrak ”Bittor Agirre hor ikusten dut jende artean, gerturatuko balitz” esan, aldarera gerturatu eta bizpahiru bertso bota nituen. Antzeko egoerak sarri gertatzen ziren. Lazkao Txiki bertso saiora zerbaitegatik agertu ez eta ni entzule bezala nengoela, bere ordez bitan abestu izan dut. Behin Oñatin, Lexoti, Mitxelena eta Zepairekin, eta beste behin Aztirin Garmendia eta Lasarterekin.
Garai hartan bateko eta besteko txapelketak sarri egiten ziren eta batzuetan parte hartua naiz: Legazpin, bertako bertsolariek txapelketa bat baino gehiago egin genituen; Gipuzkoako Txapelketan, 1962an hartu nuen parte lehen aldiz; 1965ean, Zumarragako Galeperra elkarteak antolatutako txapelketa irabazi nuen; 1972an, Loiolako Herria Irratiak antolatu zuen txapelketan sari bat irabazi nuen; eta Idiazabalen antolatzen zen Zepai sarian, zortzi urtez jarraian (1971-1978) parte hartu nuen. Urte horietako batean, “Zepai zenari hiru bertso” gaia eman eta bertso onenaren saria eman zidaten bertso honengatik:
Zepai laguna gaur gu bezala
kantuan ibilitzen zan
behin berarekin kantatu nuen
nik Baliarraingo plazan
espetxerako bidea azkar
politikan sartzen bazan
Euskal Herrian askatasunik
Akelinok ez zuen izan
beste munduan kanta dezala
berarek nahi duen gisan
Garai haietan bertso bilerak ere izaten genituen. Markinan Pilarika egunean ospatzen zen bilera nagusi bat. Bertara, Legazpitik motoz Iñaki Azarolarekin joaten nintzen. Bospasei urtetan izan ginen bertan. Bertso kontuak eztabaidatu eta erabakitzen genituen eta, ondoren, karmeldarren komentuan, bazkaria; garbantzuak eta haragi egosia, urteroko menua.
Eta, nire hastapenetako garaiak ez badira ere, nola ahaztu 1985. urtean brinkolatarrek lehen aldiz antolatu eta beste 30 urte baino gehiagotan jarraian Partzoneriak bultzatuta San Inazio egunean Urbian parte hartu dudan festa zoragarri hori. Meza garaian bertako ermitan eta bazkal ondoren mahai inguruan izaten ziren bertsoak. Urte horietan Florentino Goiburu, Patxi Iraola, Joxe Intsausti eta, azken hamar urteetan edo, Eusebio Igartzabal izan ditut bertsokide.
Bertsolaritzak txoko, plaza eta herri asko ezagutzeko aukera eman dit, baina batez ere bertsozale eta lagun bertsolari asko.