Ibiliaren higadura
“Orain famatua naiz, baina lehengo bera izaten segitzen dut”. Horixe da zerbaitegatik ezagun bihurtu direnei egiten zaien galdera erretorikoari ematen zaion erantzun ohikoa. Nik, aldiz, ezagun bihurtu denak nahitaezko bilakaera bat jasan beharra duela uste dut. Bat-batean, kolpetik askotan, lorpen edo gertakariren baten ondorioz, zeuk ezagutzen ez duzun jende asko burua jiratu eta marmarrean hasten dela sumatzen duzu. Lehendik ezagun zintuztenen erreakzio eta tratu-moduak ere aldatu egiten dira maiz. Gainera, esan edo egin duzunaren arabera –edo islatu duzun irudiarenera-, jarrera edo posizionamendu jakin bat espero izaten du zure irudi publikotik soilik begiratzen zaituen jende saldo horrek. Ezinbestean, egoera berriak norberaren jokamoldeak baldintzatzen ditu. Bilakaera horren ondoren betikoentzat identifikagarri eta hurbileko izaten segitzean datza gakoa.
Orain dela gutxi, San Inazio bezperan, ordu txikietan, aspaldian bizi izan gabekoak bizi izan nituen. Gauaren babesean, taldearen baranoan eta alkoholak ematen duen ausardiarekin, bestela sekula hurbilduko ez litzaizkidakeen hainbat herritar etorri zitzaizkidan. Baldintza horietan ohiko kontuak, baina lehengoan, aspaldiko garaietan bezala, bertso eske etorri zitzaizkidan asko, adinagatik plazaz plazako ibilian ezagutu ez nindutenak gainera ia denak. Bitxi gertatu zitzaidan, eta berriz egiaztatu ahal izan nuen askotan horrelako zaparradak jasateko arazo handiagoak izaten dituztela ezagunaren ondokoek ezagunak berak baino. Izan ere, duela hogeitaka urte Lesakako San Ferminetan nirekin leporaino nazkatu zen lagun min berbera nuen ondoan. “Sekula gehiago ez nauk hirekin inora joango” esan zidan orduan. Biharamunean hoska nuen, baina ulertzen dut, ongi ulertu ere, denentzat ez dela erraza eta erosoa uholde hori jasatea.
Bertsolaritzaren aparraldietako bat bizi izateko zoria izan dut: txapelketa sonatuak, bertsolaritzaren hiritartzea, dozenaka entzule sarrerarik lortu ezinik kanpoan geratzen ziren emanaldiak, Hitzetik Hortzera saioaren audientziarik handieneko garaiak… Puntako bertsolariek estereotipatze nabarmena jasan zuten, norberaren dohain, akats edo ezaugarriak muturretara eramaten zituena. Sebastian Lizaso, esate baterako, handi eta baldar bilakatu genuen, berez zena baino askoz handiago eta baldarrago. Neurri berean areagotu ziren gainerakoon on-gaintzak ere.
Gai politiko eta sozialetan apenas nabarmenkeria handirik egin genuen, oso gutxitan irten izan ginen segi zitekeen ildo bakarretik. 1986ko Txapelketa Nagusia datorkit burura. Garai hartan, NATO zebilen denon ahotan. Finalaren atariko saioetako batean –hantxe geratu nintzen, atarian- lau oinekin bertsoa osatzeko ariketan, horixe izan zen fortunatu zitzaidan errimetako bat: OTAN. Hego Euskal Herrian NATOn sartzearen aurkako joera aise nagusitu zen, erreferendumak garbi utzi zuen moduan. Nik, aldiz, gauzak ez nituen hain argi, zalantza egiteko adina faktore ikusten nituen gutxienez, oso sinplista iruditzen zitzaidan NATO = GERRA asoziazioa. Gogoan dut lagun batekin eztabaida luzeak izan nituela gaiaz. Halako batean, bizpahiru kamera, bederatzi epaile eta ehunka lagunen aurrean, NATOri buruz nuen iritzia plazaratzeko parada aproposa eskaini zidan lau oinen ariketak. Bertso kaxkarra bota nuen, baina hori da gutxienekoa. Kaxkarragoa izan zen neure portaera. Entzuleek espero zuten bidetik jo nuen, maldan beherakotik, txalo errazarenetik, NATOren aurkako militante sutsua banintz bezala. Beste lan batzuei esker, kanporaketa gainditzeko adina puntu bildu nuen. Alta, ez nengoen batere lasai neure buruaz. Kanpoan lagunekin elkartu nintzen. Tartean zen eztabaidetako adiskidea.
– Gaur ez haiz fin ibili- esan zidan.
– Ez, gaur bide faltsotik jo diat- aitortu nion.
Banekien fin ibiltzeaz ari zenean ez zela nire bertsoen mailaz ari, berekin izandako eztabaidetan erakutsitako jarrera, neure arrazoibide eta zalantzak, traizionatu izanaz baizik.
Nekagarri eta zail gerta liteke gehienetan bakarra den ildo horri behin eta berriz iskintxo egiten ibiltzea. Era berean, gauza ederra da bide faltsoari tarteka bederen uko egiteak ematen duen lasaitua. Finean, bai, betikoentzat identifikagarri eta hurbileko izaten segitzean datza gakoa. Eta norbere buruarentzat jasangarri, oroz gain.
Xabier Euzkitze