Hitz egiten al den politikaz bertsotan, ohar telegrafikoak hilarri hizkeran
Hitz egiten al den politikaz bertsotan –
a) Nondik begiratzen zaion
Galdera egokiak egitea beharrezkoa da. Izan ere, galderak dira problema esparruak zehazten dituztenak. Horrez gain, galdera motei diskurtso motak dagozkie. Esan gabe doa bertsotan politikaz jarduten dugula, beraz jarduten al den politikaz galdetzen badugu, auzia da zer ote den politika. Nondik begiratzen zaion: edo dena da politikoa, edo esfera partikularra da politika; edo une oro ari gara politikaz, edo tarteka soilik. Hortik aurrera kuantifikazioa besterik ez, zenbata. Bukatu da problema. Problemortua. Diskurtso deskriptibo-kuantitatiboa.
Posible da, baita ere, galdetzea zertaz-nola-nondik kantatu beharko genukeen politikaz bertsotan. Esan nahi baita, zein den bertso kantatuaren edukiak men egin behar dion normatibitate politikoa eta zein den diskurtso politikoaren zilegitasun iturria. Arrazoimen abstraktua? Gorputz abstraktua? Izaki psikosomatiko konkretuak? Dena den, galdera hori unibertsaltasun asmoz plantea dezake bere ikuspegi partikularra hegemoniko bilakatu duenak soilik. Aitzitik: zenbat proiektu estetiko-politiko, hainbat diskurtso normatibo.
Interesgarriagoa zait galdetzea, nolakoak izan beharko luketen baino, zerk egiten duen posible gauzak modu batean ala bestean izatea. Zehatzago eta karira: zerk egiten du posible gai honetaz edo hartaz aritzea bertsotan eta zeintzuk dira lerratze politikoaren posibilitate baldintzak? Diskurtso transzendentala.
b) Lehenengo hipotesi probokatzailea: bertsogintza ez da artea.
70eko eta 80ko hamarkadetan Bernardo Atxagak debatea izan zuen, hurrenez hurren, Joxe Azurmendirekin eta Txillardegirekin. Gaia, klasiko bat EITBn ez beste toki guztietan: artearen autonomia eta engaiamendua. Modernitatea zeharkatu duen debatea izan da artearen autonomiarena, egiaz. Hilarri idazkeran: l’art pour l’art ala l’art comme outil.
Bertsogintzan ere izan zuen isla debateak, nolaezpa; ez gara, gero, gai inportanteez jarduten ez duten baserritarrak gu. Zozoak Beleari gutun liburuan Andoni Egañak kontatzen du nola, UEUko solasaldi batean, bera bertan ez zegoela, orduko enfant terribleek eta Patziku Perurenak honako ondorioa atera zuten: Egañaren belaunaldia bertsogintza ez-engaiatuaren belaunaldia zen.
Edozein kasutan, bertsogintzan artearen autonomiaren debateak gutxiago harrotu ditu hautsak beste arte diziplina batzuetan baino, eta arrazoia da bertsogintza ez dela arte diziplina. Azpimarratu dut (kurtsibatu?) hipotesi probokatzailea dela; horrek esan nahi du bere helburua epistemikoa ez ezik erretorikoa dela. Kenduiozu probokazio osagaia eta honela geratuko zaizu: bertsogintza —arte diziplina gisa daukan izaera partikularra dela medio (komunikazio ekintza immediatua dela, alegia)— bere funtzio sozialaren mendekoagoa da beste arte diziplina batzuk baino, eta horrek artearen autonomiaren inguruko ezbai espekulatiboa baretzen du.
c) Digresioa. Bertsogintza: magia ala trikimailua. Bertsogintzaren zerk zirraratzen gaitu? Zein da bertsogintzaren magia? Eta, magikoa baldin bada, zein da trukoa?
Bertsogintzaren magiaz hitz egiteko aipa litezke Sarasuak zioen bertsoaren izaera hauskorra, prekarioa, ezkerparetako jokotasuna edo ahalaren eta ezinaren tentsioa. Aipa liteke, halaber, bertsolariaren ezkutuko, isilkako, karramarrotasuna. Alegia, bertsolariak atzekoz aurrera pentsatzen eta egituratzen duela bertsoa, baina entzulearentzat prozesu hori ikusezina dela. Egiak biak ere, baina egia maiztuxeak.
1991ko Gipuzkoako Txapelketako finalera BBCko kazetari bat ekarri omen zuen Atxagak, eta hura ez omen zuten harritu ez bat-batekotasunaren dohainak, ez txalo zaparrada pozaren pozezkoek. Kazetaria zur eta lur gelditu omen zen bertsolariari gaia eman eta kantuan hasi arteko isiltasun erlijiosoagatik. Badago hor katarsi elementu moduko bat, teatrora pasio baxuak garbitzera eta kode morala indartzera doanarena. BBCko kazetaria liluratu zuen isiltasuna ez baita, inolaz ere, isiltasun hutsa edo hutsik dagoena, eduki kulturalez betetako isiltasuna baizik, eta bertsolariak hori interpretatzeko sentsibilitate kulturala behar du.
Edozein arte diziplinatan da problematikoa sortzailearen nozioa, poiesis absolutuarena, baina bertsotan are gehiago. Bertsolariak zirkulazioan dagoen mundu ikuskeraren gainean egiten du bertsotan, eta zenbat eta gutxiago sortu orduan eta arrakastatsuago. Hori nahitaez da horrela; dena den, horren gaineko kontzientziak jartzen du aldea. Inportanteena zera da: isiltasunaren gaineko kontrola edo, zehatzago, esan gabe doanaren gaineko kontrola. Bertso on batek sortzen duen erreakzio kimikoaren oinarrian, esatearen artea bainoago, pentsatzen dut esan gabe joaten uztearen artea dagoela, iradokizun eta inplikazio jolasa.
Nafarroa Arena. Finala. Altxa Maialen eta Alaia. Zuek denda bat daukazue itsasertzean, baina litekeena da laster olatu apokaliptiko batek Kantauri isurialdea betirako antzaldatzea apokaliptikoki. Ufa, pentsatu genuen. Orduan Maialen Lujanbiok kantatu zuen “Esaten dute ja ez dagola / udara ta udazkenik (…)”, eta guri zerbait hautsi zitzaigun bihotzean, KRA!, ari zelako kantatzen, zortzi hitzetan, zientifizismoaren garaiko pathos herritar orokortuari buruz. Areago, pathos horri ari zen kantatzen uzten, pentagrama batean isilunea idazten denean legetxe. Zientzia komunitate espezializatua eta herri xehea bereizten dituen lanaren banaketa intelektuala zen background historiko-kulturala, eta orduan bi harrik elkar jo zuten. Lazkao Txikik euskaraz kantatu zuenean “(…) danok ikusten degu / euskera galdu da.”, edo beste bertso haiek, baserritxoarenak, kantatzen ari zen euskararekin identifikatu izan ziren bizimoduaren eta estratu sozial tradizionalagoen azken ordezkari gisa. Eta horrela.
Bertsolariek esaten dutena baino garrantzitsuagoa da iradokitzen dutena edo isiltasunari esaten uzten diotena; hain justu ere, horretantxe dautza esan indarra eta pintzel fintasuna. Baliabide hori esan beharrik ez dago ez duela bertsogintzak asmatu: ironiaren oinarrian mekanismo horixe bera dago eta absurdoarenean ere bai. Hemen azal zitekeen zer modu partikularretan diren ironia eta absurdoa esan gabe joaten uztearen bi modalitate (neuretzako oharra). Chejov eta ipuingintza modernoa (neuretzako oharra). Hemingwayk berak ere bere teoria narratiboa, icebergarena, horrelako mekanismo batean oinarritu zuen. Baina, baina: bertsogintza egituraz bortxatua dago jolas horretatik artea egitera, ez da hautu generazionala. Eta hori du indargune behinena, magiaren trukoa; bukatu da digresioa.
d) Pintzela ala ukabila.
Ojo, halere. Bertsogintzaren indargunea den horixe bera, nondik begiratzen zaion, bere ahulgunea ere bai baita. Ikus dezagun, zeintzuk dira bertsotan lerratze politikoaren posibilitate baldintzak? Ea, kultur interbentzioko kategoria politiko klasiko bezain dagoeneko folklorikoak sartuko ditut (erredoblea…): agitazioa eta propaganda.
Propagandak arrazoimena interpelatzen du eta bi momentu nagusi dauzka. Lehenik, gauzen egoeraren gaineko irudi analitikoa ematen du. Koiunturako fenomeno partikularren (esaterako, langabezia) eta gizarte egituraren artean dauden beharrezko barne loturak azaltzen ditu, teorian oinarrituta; hau da, azaltzen du gauzak ez direla horrela baina zergatik dauden horrelaxe. Alabaina, hori propagandaren diskurtso egituraren lehen unea baino ez da. Izan ere, propagandak, bigarrenik, delako egoera gainditzeko bide orri jakin baten beharra azaldu behar du. Horiek horrela, propaganda zera da: egoeraren irudi analitikoaren eta hura gainditzeko estrategiaren arteko beharrezko loturari buruzko diskurtsoa.
Agitazioak, berriz, afektuak interpelatzen ditu. Iritzi publikoan puri-purian dauden auzien inguruko irudien bidez, gogo egoera jakinak piztea du xede; hau da, posizionatzeko eta, azken buruan, ekiteko prestasuna eratzea. Beraz, agitazioak koiuntura sintetizatu eta masa pultsio bihurtzen du.
Horren argitan, zer da pintzel fintasuna? Pintzel finak oro har esan nahi du esplizitua ez izatea, kaka esplikatzen ez aritzea. Hortaz, plazaratzen duzun eduki politikoa modu estetikoki finean eman nahi baduzu, pintzel finarekin, iradokizunen magiaren bidez, eduki horrek bat etorri behar du, partzialki behintzat, plazako ulermen markoarekin edo zentzu komunarekin. Ideia limite gisa: eduki politiko bat hain mimetizatua egon daiteke zentzu komunarekin (naturalizatua, alegia) eman dezakeela igorlea ez dela lerratzen ari.
Kontrako muturrean, arte panfletarioa edo propagandistikoa dago, ukabilkakoa. Arte panfletarioa, ordea, zabartzat jotzen da, are erridikulutzat. Arrazoia honakoa da: arte propagandistikoa esplizitua da definizioz, hartzailearen ulermen markoan dagoen informazioa esplizituki jartzen du edo, are, kontraesan egiten du. Bertsogintza propagandistikoa, ukabilez egiten dena, ez da magikoa.
Eskema horren arabera, lau egoera ideal otutzen zaizkit:
1- Agitaziozko bertsogintza erabat mimetizatua, lerratze elementua oso inplizitu daramana (ideia limitea). 2- Agitaziozko bertsogintza lerratu eta pintzel finekoa. 3- Indarrean ez dagoen ulermen markoan oinarritutako bertsogintza ez-semantikoa; ez dena ulertzen, alegia (ideia limitea). 4- Propagandazko bertsogintza esplizitu eta zabarra, ukabilkakoa. Eta zabarra edo ez-ulertua izateko bi modu: anakronismoa eta goiztiartasuna. Anakronikoa zara agortu den ziklo historiko bati zegokion erretolika (eta estiloa) darabilzunean; goiztiarra, berriz, baldintza historiko-kulturalak artean sortze bidean dauden erretolika (eta estiloa) darabilzunean. Egiaz, ordea, fenomeno horiek ez dira modu puruan gertatzen, modu konbinatuan eta nahasian baizik. Dena den, kategoria abstraktuek errealitatea kartografiatzen laguntzen digute.
Oro har, bada, artearekin bat datorren interbentzio politiko-kulturala ez da propagandazkoa, agitaziozkoa baizik. (Horretan badu egia elementu bat artearen autonomiaren aldekoen ikuspegiak: arte panfletarioa artearen esentziaren aurkakoa da. Jende horri gertatzen zaiona da ez dituela bereizten arte politikoaren adierazpen partikular zorigaiztoko bat eta arte politikoaren posibilitatea oro har. Konposizio falazia). Esaten ari nintzena: aurreko atalean aipatu dudan pintzel fineko bertsolaritzaren bertsio politikoki lerratua agitazio bertsolaritza da, edo horren antzeko zerbait. Era berean, pintzel finak inplikatzen du emana den ulermen markoari esaten uztea, baina emana den ulermen markoak esaten duena bat etor daiteke zure intentzio politikoarekin edo ez. Ez badator bat, esplizitua izan beharra daukazu, panfletarioa. Eta zer da bertsogintza panfletarioa? Zabarra. Eta zuk, bertsolari, zer izan nahi duzu? Magikoa.
e) Bigarren hipotesi probokatzailea: bertsolaritza ez da dibertsoa. (Bertsio ez-probokatzailea: ez da multipolarra). Multibertsolaritza, Dibertsolaritza eta hegemonia borrokak.
Hegemonia, tradizio marxistan, kategoria politiko gisa, klase batek bestearen gainean duen dominazio mota partikularra da. Zehatzago, bortxan oinarritutako menderakuntzaz haragoko gidaritza kulturalari egiten dio erreferentzia. Hegemonia da, hain justu, esan gabe doanaren gaineko kontrola, zentzu komunaren gainekoa. Gagozkion gaira ekarrita, orain arteko arrazoibidea zuzena baldin bada, bertsogintza politikoki lerratuaren —pintzel finez lerratuaren— posibilitate baldintzek hegemoniarekin daukate zerikusia; eta, horrenbestez, beren oinarrizko ulermen markoa hegemonikoa ez den ikuspegiek bertsogintzan diskurtso gisa txertatzeko egiturazko zailtasuna dute. Halere, zailtasuna ez da ezintasun absolutua. Izan ere, artea oro har, eta bertsogintza partikularki, prozesu sozial zabalago gisa ulertu beharra dago, bat-bateko jardunetik haragoko (baina bat-bateko jardunean eragina duten) elementuek osatua. Esan nahi baita: bereizi beharra dago bat-bateko bertsogintza eta bertsolaritza (bertsoaren prozesu sozial globala). Ildo horretan, bertsolaritzan, potentzian behintzat, hegemonia borrokak daude, zeintzuen gainean eraikitzen baita bertsogintza.
Zergatik ezaugarritzen dute lehia horiek bertsolaritza aro historiko zehatz honetan? Joxerra Garziak bertsolaritza multipolarraz hitz egiten zuen, urte batzuk badirela, 2000z geroztiko bertsogintzari erreferentzia egiteko. Garaiaren zeinua ere bazen (eta bada), akaso, multipolartasunaz aritzea; hau da, hegemón bakarraren ordez hainbat daudela, independenteak eta subiranoak, besteen estandarren, arauen eta balioen unibertsaltasuna onartzen ez dutenak, eta besteen hegemonia espiritualarekiko erabat independenteak izan daitezkeenak.
Nolanahi ere, bertsolaritzan, multipolartasunak inplikatuko luke elkarren estandarrak onartzen ez dituzten gizarte mugimendu eta erakunde independenteak egotea, azken buruan. Inplikatuko luke, esaterako, epai irizpide bateraezinak dituzten bi Txapelketa Nagusi egotea. Errealitatetik urrunago ezin (eta gaitzerdi!): erakundea bakarra da, eta bere balioak unibertsalak. Hortaz, multipolartasunaren ezaugarritzat jotzen zirenak (diziplinartekotasuna, autore bertsolaritza, plaza moten askotarikotasuna…) bertsolaritzaren konplexutze eta dibertsifikatze prozesuaren sintomak dira, edozein arte diziplinaren heltzea denotatzen dutenak. Egiaz, bada, bertsolaritzaren dibertsifikazio aroa da orduan abiatu zena, ez multipolartasuna.
Hain justu ere, dibertsifikazioa da tendentzia diferenteen mamitze edo gorpuzte bertsolaristikoaren premisa historikoa; alegia, dibertsifikazioak jartzen duela oinarria joera kolektibo bereiziak (estetikoki eta politikoki) eratu daitezen.
Multipolartasunak iradokitzen du ez dagoela polo hegemoniko bakarra; dibertsifikazioa eta polo hegemonikoa, berriz, bateragarriak dira. Izan ere, askotariko plaza zirkuituak existitzen dira, baina horrek ez du ezabatu Txapelketa Nagusia. Bizi dugun paradigma aldaketa ez da estandarretik dibertsorakoa, baizik eta bertsolaritzaren konplexutzearen eskutiko dialektika berri bat: dibertsifikazioaren eta plaza generalistaren artekoa. Bertsolaritzaren dialektika berri horrek, dibertsifikazioaren oinarriaren gainean, bertsogintzaren estadio historiko berria ireki du, hegemonia borroken paradigma bati bide eman diezaiokeena, potentzian behintzat.
Paradigma berri horren lehen eredu praktikotzat dut nik bertsogintza feminista, 2008tik hona bertsolaritzan posizio gerra arrakastatsua egin duena: 1- Elkarteko organigraman posizioak hartzea (2008ko genero lantaldetik, egungo zehar lerrora); 2- Bertso zirkuitu espezifikoa (Ez da kasualitatea, Señora sariketa, etab.); 3- Laborategia edo bertso eskola espezifikoa (Ahalduntze, etab.); 4- Ekoizpen intelektuala (askotariko ikerlanak) eta bisibilizazioa (Kontrako eztarritik, genealogia feministak, etab.); 5- Kritikagintza (BTN, etab.).
Prozesu zabalago horrek ahalbidetu du, nik uste, (goren mailako) bertsolari feministen produkzioa: bertsolaritza feministak ahalbidetu du (goren mailako) bertsogintza feminista. Ez naiz ari woke ideologiaren ezein konspiraziori buruz, badaezpada diot. Ari naiz hegemonia borroken aroaz hipotesi gisa, non magia egin ahal izateko premisak kolektiboki eraikitzen diren. Puntu horretan, diskurtso transzendentala zen hau diskurtso estrategiko bilakatzen da. Historia ez da bukatu, Fukuyama, oraindik fandangoan dabil.