Gutxiago falta da
Gutxiago falta da –
Hilabeteak pasatu dira Maialen Lujanbiok Iruñean, 13.000 lagunen aurrean txapela irabazi zuenetik. Bada aski denbora tarte, braille sistema izango balitz bezala, 2022ko abenduak 18 hartako oilo-ipurdiak irakurtzen saiatzeko; baita hilabete iraun zuen bertso-itzuliak sortutako sentsazioei hitzak jarri eta gure buruei galdera egiteko ere: atzera begiratzen dugunean, zergatik eta nola gogoratuko dugu 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia?
Testua: Aitzol Barandiaran
Jokatu den azken Txapelketa, zerbait izatekotan, izan zen mundu mailako azken pandemiak baldintzatutako Txapelketa Nagusi bat. Erreten kolpeak pedaletik hanka nola, hala askatu zuen COVID 19ak 2021ean jokatzekoa zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, azken 40 urteetan hutsik egin ez duen 4 urtean behingo segida erregularretik. Hitzordua urtebete atzeratu izanak, ordea, gosea apaldu bainoago, areagotu egin du bertsozaleen gose-egarria (kanporaketetako sarreren salmenta abiadura, orokorrean, eta finalekoena, zehazki, dira horren adibide argienetako bat).
Horretaz gain, txapelketa hori oroituko dugu, final handia, lehendabiziko aldiz, Iruñean jokatu zelako. Lehen 13 ekitaldiak Donostian eta milurte berriko lehen laurak Barakaldon erabaki ostean, ezin ukatu arrakastatsua izan zela Bertsozale Elkarteak hitzordu nagusia Nafarroako hiriburuan jokatzeko egindako apustu sozial eta politikoa.
«Zer eta nola, nork eta nori, non eta nondik esango»
Txapelketa berantiarra gogoan iltzatuta geratzeko hirugarren motiboa da, eta egiazki indartsuena, Maialen Lujanbiok hirugarren txapela merezita irabazi izana. Gobara berri honekin, atzean utzi ditu bina txapel irabazi zituzten Basarri eta Xabier Amuriza; Uztapide bera berdindu du historikoen palmaresean; eta Andoni Egañaren lau txapeleko markatik koxka bakarrera dago orain. Aitzitik, ez dirudi Olinpoan eskalatzeak biziki kezkatzen duenik Lujanbio, Euskadi Irratian egindako adierazpenetan iradoki baitzuen txapelketako bere ibilbidea ez dela “askoz luzeagoa” izango.
Txapelduna trazu fineko marrazkilaria da, pintzelkadak neurrian eman zalea, erraietatik adierazten duen bide-urratzaile nekaezin bat…
Izan ere, nola neurtu zenbakiez eta egun batez harago, hernaniarrak egungo bertsogintzari egindako ekarpena? Txapelduna trazu fineko marrazkilaria da, pintzelkadak neurrian eman zalea, erraietatik adierazten duen bide-urratzaile nekaezin bat; orain kolore biziagoz, orain itzaliagoz, Iruñean koadroak neurrian kargatu zituena eta, lan bakoitzean, bere isla propioak zituzten pertsonaiak marraztu, gaurkotasun handiko erretratu bilduma errealista sortzeraino (etxe-garbitzailea, faxista bati oldartzen zaion herritarra…). Miresgarriena da, ordea, konturatzea entzulea ez dela lehengo bera, Lujanbioren koadro baten aurretik pasatu aitzin eta ondoren.
…eskola sortu zuen Amurizaren estilo barrokoak; beste horrenbeste egin zuen baliabide berriak maisuki erabiltzean zetzan Egañaren inpresionismoak; egun, nabaria da bertsogintzak hartua duela Lujanbioren sinadura daraman errealismorako joera…
«Nafarroa arrago, izan izan da arrago»
Finalean, hasieratik ikusi genuen Lujanbio bat inoiz baino zentratuagoa eta, soilik, bere burua zukutzera bildua. Eskarmentuak berekin dakarren patxadari esker, ziur aski, baina baita emakume guztien ordezkari bat eta bakar izan beharraren karga arindu izanaren ondorio ere. Azken mende laurdenean lehen aldiz, Lujanbio ez baita izan final nagusiko emakume bakarra.
Udazken hasieran, ziurtzat jo zen 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak aldaketa ekarriko zuela. Botila erdi betea ikusi zaleek badituzte hori sinesteko arrazoiak: lehen aldiz 3 emakume sailkatu ziren finalera, azken mende laurdenean, balentria hori bakarrak lortu ostean. Txapelketa osoa kontuan hartuta, gainera, kopuruz, sekula ez du parte hartu hainbeste emakumek (15). Multzo homogeneo batez aritzea arriskutsua den arren, nabaria da lorpen hau lanketa kolektibo baten eta diskurtso feministak bertsolaritzan irabazi duen bozgorailuaren ondorio dela. Txapelketa Nagusian gorputz berriak bistaratu ziren, gaitegiari astinaldi ona eman zitzaion eta, antzeman da eragin duela gizonezko bertsolari askoren diskurtsoetan ere.
Hala ere, nahikoa lorpen ote da aldaketa ospatzeko? Botila erdi hutsa ikusi nahi dutenentzat ez, zalantzarik gabe, desoreka nabarmenegia baita oraindik berdintasunaz hitz egiteko eta proportzioa txalotzeko (aurten 3tik 1 baino ez da izan emakumezkoa). Horretaz gain, ez dute asko lagundu Txapelketan zehar piztu ziren zenbait polemika eta susmo txarrek. Esate baterako, historikotzat jo zen Irungo finalaurrekoan pasatakoak: lehen aldiz 5 emakume saio berean aritzearen euforia, amaierako puntuazio baxuek erabat zapuztu zuten.
Buruz ikasi beharrekoak
Nabarmena izan zen irakurketa feministaren eragina 2022ko Txapelketa Nagusi osoan, orokorrean, eta edizioko bertsoaldirik onenetan, zehatzago esanda. Distiratsuenen artean, gogoangarriak izan ziren Oihana Iguaranen ganbarako 3 lanak, Xorieri mintzo zen doinu berrian (ama-bakarraren, nerabe lesbianaren eta etxekoandre gutxietsiaren roletik). Iraultzailea eta ausarta, Elizondon, Alaia Martinek eta Joanes Illarregik sex-shop batean izandako elkarrizketa gogoangarria. Eta sailetik apartekoa, baiki, Aitor Bizkarraren Durangoko bakarkakoa, kalabazak jasotako gaztearen larrutik, «kanpotik gizon plantetan, baina barrutik negarrez».
Ale onenak esanda, aitortu behar da upategietan ere ardo gutxi ontzen dela finaleko bertsoak bezain ondo, ez sinestekoa baita, hilabete geroago, nola biderkatzen diren hotzikarak eta laburtu malkoen ibilgua, Iruñeko bertsoaldiak berriz entzutean.
Zalantzarik gabe, uste dut hausnarketa sakona behar duela bakarkako gaien izaera “irekiak”, agortzear legokeen bide bat dela ez esateagatik.
Norabide aldaketa
Ezinezkoa da jokaldirik onenak laburtzea, baina bai hitz egitea datozen urteetako bertsolaritzan nagusitu daitekeen joera artistiko hegemonikoari buruz (Txapelketak funtziorik badu, hori delako nagusienetakoa). Iraganean, eskola sortu zuen Amurizaren estilo barrokoak; beste horrenbeste egin zuen baliabide berriak maisuki erabiltzean zetzan Egañaren inpresionismoak; egun, nabaria da bertsogintzak hartua duela Lujanbioren sinadura daraman errealismorako joera, eguneroko gaiak (hemen eta orain) sobera apaingarririk gabe eta kontaketa narratiboak xehetasunez marrazteko estilo estimatuarena.
Egungo bertsokera berrian, azken puntuaren mailu-kolpea ez da hain bortitza, ez eta hain agerikoak birtuosismoa, potolokeria eta abstrakzioa ere. Bertsolariak ez du punturik alferrik galtzen, eta borobiltzen da gezia, zenbait kasutan iruditzeraino erabat iraultzen dela bertsoaren egitura piramidal klasikoa (bukaeran lehertzearena).
Lau urte barruko meloiak
Hurrengo edizioa aipatuta, eta etengabeko hobetu nahian dagoenez arrakasta ororen gakoa, aberasagarri deritzot zenbait eztabaidagai piztu edo, hizketa arruntean esanda, meloiak irekitzeko labana arrastoa egiteari.
Esate baterako, eta (beste behin ere) goizeko saioa mottel joan zela jakinda, zergatik ez arratsaldekoa gizendu edo gauekoa sortu? Eta finala larunbatez jokatuko balitz? Beharrezkoa al da, mikrotik bueltan, aulkira arteko bertsolariaren Elkano itzulera pantaila handian eta xehetasun osoz ikustea? Ekologismoa izango da 4 urte barruko gai izarra? Eta zer gertatuko da ganbarako ariketekin? E?
Zalantzarik gabe, uste dut hausnarketa sakona behar duela bakarkako gaien izaera “irekiak”, agortzear legokeen bide bat dela ez esateagatik. Irekitik irekiegira dagoen muga hain da lausoa, ezen, nire ustez, aukerak eman adina arrisku eta susmo txar pizten baititu txapelketetan azkenaldion orokortu den joera honek. Ezin da ukatu abanikoa zabaldu eta heldulekuak ez errepikatzeko neurri eraginkorra denik, baina aurten ez al da maizegi entzun “honek gaiari bete-betean heldu al dio” galdera? Gai irekiegiak zein puntutaraino bermatzen ditu bat-bateko lehia baterako funtsezko arauak? Gaizto jarrita, eta bertso oro ez dela %100 bat-batekoa jakinda ere, ez al die gai mota honek bidea errazten “etxetik ekarritakoei”?
“Gaixoak gu”, txapelketaren pizgarririk eta hizketagairik gabe geratu garenok. Oasiko hareatik Arenara arteko bidean galdera zorrotzen zezenek lo harrapa ez gaitzaten, piztu beharko dugu guk ere hurrengo Txapelketa Nagusirako atzera-kontaketa, kamiseta eta souvenir marka baten erloju ezagunak San Fermin festetarako nola. Gutxiago falta da.