Gaurko txapelketez
Gaurko txapelketez –
Berproduzitu eta legitimatu. Edozein talde edo esperientziak, bertsolaritzarenak ere bai, behar ditu bi mekanismoak erabili bere biziraupenerako. Bertso-eskola berprodukziorako, txapelketa legitimaziorako. Hori izan da bertsolaritzaren esperientziaren makina emankor mantentzeko asmatu den ingeniaritza. Ordea, makinak martxan osasuntsu jarrai dezan, behar du bi mekanismoak erloju suitzarrak nola egokitzea elkarri, elkarrelikatze etengabean. Gaur, zarata arraroak entzun daitezke, piezak norabide ezberdinetan mugitzen dabiltza. Txinpartak atera ditu zenbait puntutan eta tartetxo batez higadura non sortu duen begiratzeko ariketa kolektiboa egitea komeni zaigu.
Duela gutxi irakurri nion kritikari bati Armageddon filmaren adibidea. Filmean, lur planeta meteorito batek jo eta birrintzeko arriskuan dago. Orain azaltzea soberan dauden arrazoi batzuk medio, Harry Stamper izeneko tipo batek (testosteronaz gainezka dagoena) gidatutako taldeari eskatzen dio NASA-k meteoritora joan eta bertan lehergailu bat jartzea, asteroidearen norabidea aldatuko delakoan. Bada, Stamper eta bere kuadrillak petrolioa ateratzeko plataforma batean egiten du lan, eta Etxe Zuriaren zein AEB-tako armadaren eskaerari baldintza batzuk jartzen dizkiete. Munduaren salbatzaile izan nahi dute, baina ez edonola. Bakoitzak bere kapritxoak zerrendatu ondotik, badago eskakizun bateratu bat guztiek betetzea nahi luketena: zerga gehiago ez ordaintzea inoiz! Meteoritoak lur planeta joz gero beraiek ere hilko direla jakin arren, eskatzen zaien lana burutzeko pizgarri bereziak exijitzen dituzte, hor paradoxa.
Pelikularen trama meritokraziari buruzko karikatura xelebrea izan daiteke. Badago gizarte garaikideetan hedatua dagoen iritzia, arrazoizko mailakatze edo desberdintasun sistema bat beharrezkoa dela dioena, jendearen motibazioa pizteko. Gogoeta berbera jaurti daiteke txapelketetan ardaztutako bertsolaritzara agian, okerrago kantatuko al du bertsolariak mailaz igotzeko aukerarik ikusten ez badu? Trebezia berezia duten pertsonek, ez al dituzte euren gaitasunak erabiliko pizgarri ezberdindurik (finalean sartu, txapelaren ametsa…) izan ezean? Hortxe galdera. Esango nuke ez dagoela batere garbi.
Interesgarria da txapelketa moduko gertaera batek gaur Gipuzkoako bertso-sisteman duen pisuaren zergatiaz galdetzea. Zergatik da txapelketa bertsolaritza hauspotuta mantentzeko asmatu eta onartu dugun modus operandia? Urte batzuk atzera begiratuz gero, iruditzen zait egon dela saiakera bat gizartearen legitimazioa bilatu nahian edo “metodo zientifikoa” bertsotara ekartzeko. Arrazionaltasuna berba-jario kaotikora ekarria, ordena eta estratifikazio sistema bat aplikatua mahai, plaza edo su bueltako komunitate jardunari. Zientziaren prestigioz hornitu nahi izan da bertso-jarduna. Nolabait, epai irizpideak zehaztearekin ikuspuntuaren unibertsalizazio estrategia bati eman zitzaion bide, oholtzan nor ari den hobeto edo okerrago baieztatzeko modu adostua zein den zehaztuz alegia. Ordea, bertso-txapelketetan gertatzen denak, gizarteko beste prozesu gehientsuenen antzera, badu merituzehatzen instituzionalizaziotik zerbait. Bestela esanda, esanahi-sistema, balio eta zentzu-eraikuntza jakinak balioesteko modu burokratikoa (ere) da txapelketa. Finko mantentzen den arau-multzo objektibizatu bat, bere kode eta prozedurekin, hasierako txapelketen epikatik eta ekinbide kolektiboaren indarretik urrun xamar. Errealitatea eraikitzeko modu desberdinak ateratzen direla kantura gauza jakina da, baina zein bertso-kode da saritua? Zein gorputz eta ahots? Nor dabil bertso-kode egokietan? Umoregileekin gertatzen den eran, soziologia jakinarekin lotzen den zentzu-eraikuntza edo esanahi-sistema konpartituena erabiltzen duen bertsolaria izango da bertso-kodeegokietandabilena. Adostasun zabalen garaian omen gaude, baina gehiengoaren borondatea gutxiengoak nahigabean irautea ez ote den esan zigun Elortzak aspaldi.
Garbi aztertua dago soziologian askoz errazago onartzen dugula estratifikazio edo mailakatze sistema bat, baldin eta jakin badakigu sailkapen horretan geure azpitik geratuko direla baten batzuk. Giza portaeraren korapiloak korapilo izaten jarraitzen dute bertsolaritza moduko jardun nahiko komunitarista batean ere. Zergatik nahi dugu bertsogintza osasuntsuen dagoen lurraldean estratifikazio sistema bat mantendu? Onartu nahi al dugu bertsoaren baitako klase sozialik? Ze onura eta ze kalte eragiten du txapelketak, epe ertain-luzeko begirada estrategiko batetik?
“Unibertso sozialak sailkapenak dira, etengabeko jarioan dauden definizioak. Beti dago sailkapenen artean borroka, eragile bakoitzak nahiko du bere ikuspuntua gailen dadin bere eremu sozial zehatzean. Denek nahiko dute mundu sozialari buruz hitz egiteko autoritatea izan” zioen Bourdieu soziologo ezagunak. Termino berberak erabiliz hurbildu gaitezke bertsolaritzak gaur bizi duen definizio borrokara. Feminismoa gizarte bizitza eta portaerak ulertzeko marko gisa hartuta eratu den fronteak astindu ditu eroso errotutako jardun eta egitura bat baino gehiago, bertsolaritzaren mundu sozialari buruz hitz egiteko autoritatea zalantzan jarri du alegia. Bulkada berri horrek latente zeuden erresistentziak azalarazi dituela igarri da ordea. Ez talde antolatuaren zentzuan, interpretazio eskemen zentzuan baizik, begirada sozialak oso erresistenteak baitira edozein sakoneko aldaketari.
Bertsolaritzaren sistema sinbolikoa bera eztabaidan dago, eta sistema sinboliko orok behar ditu praktika erritualak jarraikortasuna izateko. Argi dago gurean txapelketa dela praktika erritual ezinbesteko hori, erabilerraza eta ulerterraza baita, guztiek errez ulertu eta barneratzeko moduko marko definitua eskaintzen baitu, oso praktikoa. Meritokraziaren sistemak nola, ustezko aukera berdintasunaren izenean guztiak ateratzen omen dira kantura baldintza berdintsuetan, baina bertsolari bakoitza kokapen ezberdinetik abiatzen dela oso nabarmena da, gizarte egiturek eragin handia dute gurean ere. Ordea, txapelketek meritokraziaren ideia zainetan daramatela esango nuke, era horretan entzuleari zer den bertso ona eta zer baztergarria definitzeko marko erabilerraza eskaintzen baitio. Metodo azkarra eta eraginkorra da, ñabardurei eta ertzei tarte gutxi lagatzen diena. Bertso onak lotura behar du ezinbestez euskarazko gizartearen hegemonia zirkuluetan jarioan dagoen zentzu komunaren eraikuntzarekin, zeren egon, badago.
Bertsolaritza euskarazko praktika kultural komunitaristatzat jotzea ez da berria, elkartegintza zerbait izan bada, esperientzia kultural komunitario baten instituzionalizazioa izan baita. Kontua ordea, garapen komunitarioko beste edozein esperientziak nola, unibertso sinbolikoz ondo hornitua egotea da, baliabide kultural eta sinboliko indartsuak behar baitira esperientzia bizirik manten dadin. Agian, geure buruari egin beharko geniokeen lehen galdera da ea nondik elikatu dezakegun bertsolaritzaren iturri sinbolikoa, bertsolariek nondik edan dezaketen gaurko Euskal Herri likidotu, urbanizatu eta konektatu honetan. Arnas luzeko ibilbidean erabiliko dugun erregaia zein izatea nahi dugun erabakitzea dagokigu, fosila edo berriztagarria. Badirudi bertsolaritzaren munduan zentzu-krisian murgiltzen gabiltzala, zentzu partekatuak ahulagoak direla, edo behintzat, aurrez ezagutu gabeko eztabaida dialektikoan daude.
Auzia beraz bada gaurko bertsolaritza mugitzen duen motibazio-indar eta legitimazio ideologikoak jatorrizkoak ez diren beste etxe batzuetan ere hartzen dutela aterpe. Horren komunitate txikia ere ez gara, eta bertsolaritzak konplexutasunean irabazi du bere dimentsioari zein bereizketa sozialari dagokionez. Kide gutxiko eta inguru jakineko jarduera kulturala izatetik, milaka bazkidez eta ehundaka bertsolariz osatutako talde soziala izatera pasa da. Horrek bertsolaritzaren konposizio soziologikoa askoz konplexuagoa izatea dakar, harreman, sare eta ezaugarri ezberdineko profilak batu direlako. Esperientzia soziokultural honi sostengua ematen dioten zutabeak itxuraldatzen ari dira hortaz, ñabardura gehiago dituzte, ez dira horren sendoak eta arrakalatzen errazagoak ere badira. Ez ditzagun utzi, beraz, txapelketaren zutabe meritokratikoa mantendu asmoz bertsoaren eraikinaren gainontzeko aldeak usteltzen, fase historiko berriak gehiago eskatuko baitu elkar-eraikuntzatik, saretzetik eta taldetasunetik, lehia gogorretik eta diziplina saiatutik baino.