Formatik haragoko saltsak
Formatik haragoko saltsak –
Bertsolamintzan planteatzen ziren galderak irakurri nituenean, formatik kanpoko lanketari buruz pentsatzen jarri eta esentziara joan zitzaidan burua, agian zerbait etereoegia izan daitekeen arren. Ezagutzen nauenak badaki ez naizela sobera intelektuala, baina tira, filosofatzeko baimena emango diot nire buruari.
Forma zerbait objektibo xamarra bada, zer dago objektutik harago? Barruan sartzen duguna izan beharko du… Berehala etorri zitzaidan eltzearen irudia. Eltzea zortziko handikoa zein zortziko txikikoa izan, sutan jartzean probatzen den hori izanik ere, barruan sartzen dugunari buruz ari ginela.
Sukaldean hasi nintzen filosofatzen. Leku ezin egokiagoa horretarako. Bertsotan egitea berez dela janaria prestatzea bezalako zerbait otu zitzaidan; norentzat den, non prestatzen duzun, nola, ze momentutarako ere garrantzitsua da, generoak eragin handia duela, publikoaren sutan probatzen dela eltzea… eta horrelako kontuak.
Baina eltze barrukoa zer da? Guztiaren hasiera, beharbada, norberak berez dakarrena eta ikasia den horretatik eraikitzen dena izango da. Ikuspegi arrazionalista xamarra nagusi izanik, ideiak hartu izan dira kontuan batez ere. Ideien lanketa izena jarri genion formatik haragoko lanketa horri, ideiak zerrendatu, antolatu eta formulatzeari buruz hitz egiten genuen duela 20 urte bertso eskoletan lantzeko gida didaktikoa osatu genuenean. Baina ez dakit bada ez ote ginen motz xamar geratu. Urteekin ikasitakoa lagun, oro har osoagoa iruditzen zait emozio eta ideiak lapikoan ikustea, saltsa gabe dena erretzeko arriskua egoten delako agian. Eta sukaldean ari denak badaki saltsak baduela bere misterioa ere, eta zer esanik ez bazkaltiarrentzat.
Egia da, oso pertsonala da formatik eta ideiatik haragokoa, baina landu daiteke eta lantzen da. Akaso ez modu sistematizatuan, eta beharbada gehienbat intuizioz… baina, egin, egiten da. Autoezagutza oso lagungarria da bide horretan, eta badirudi umetatik taldean hasten dugula geure buruaren ezagutza eta garapena. Ezin zaio madaririk eskatu sagarrondoari. Baina sagarrondoa edo madariondoa garen jakitea ez da horren erraza. Denetik probatu behar, zer garen konturatzeko.
Gaia entzutean, esaterako, bi bide aukeran dituzu gutxienez, eta norbere barne motorraren arabera bat edo bestea hartu, emaitza oso ezberdina izan daiteke. Emoziotik abia gaitezke, edo ideiatik. Bizipen pertsonaletik edo fikziotik. Eta hibridoak ere izan gaitezke. Oso pertsonala da eta norberaren barne mekanikarekin zerikusia duela esango nuke. Bertso eskolan, bizitzan bezala, norbere mekanika ezagutu eta ahalik eta hobekien erabiltzen ikasten da.
Izatez, halabeharrez, bizitza eskola ere bada bertso eskola, prozesu pertsonal bat, taldearen babesean ematen den jendaurrerako bide bat. Bizitzako ehunka egoera ezberdinetatik ikasi, gogoetatu, informazioa eskuratu, horri buruzko iritzia sortu eta nortasuna garatzen da. Bat-batean sortzeak emozio asko mugitzen ditu, eta horiek guztiak landu behar dira bertso eskolan, ondoren plazarako salto hori ahalik eta trauma gutxienekoa izan dadin. Hor ere badago forma gainditzen duten mila kontu.
Amaitzeko, ez nuke aipatu gabe utzi nahi gure lagun eta etsairik handiena: egoa. Egoa ere sartzen baita bertso eskolako lapikoan. Txapelketak derrigor behartzen gaitu hori lantzera, baina jendaurrera ateratze hutsak, erakusleihoan biluztu beharrak ere, badu bere zera. Zenbait balio lantzeko aukera paregabea ematen dute plazarako bertsogintzarako prestatzeko gure eremu txikiek: besteekin aritzea, besteen lekuan jartzea, norbere buruaren ezagutza, frustrazioak kudeatzen ikastea, autoestimua erregulatzea… Ez al du alderdi psikologikoak pisu handia bertso eskolatik abiatzen den bertsolari bizitzan?
Irakasleok ez dugu horretarako formaziorik jasotzen, baina bertsolaritzak berak asko erakusten digu horiei buruz. Horretaz kontziente izatea abiapuntu interesgarria iruditzen zait. Akaso hor dago janaria prestatzen duenaren eta sukaldariaren arteko diferentzia.