Finaleko 14 (h)au-dio
“Elkarrengandik gertu eta
elkarrentzat gertu”
Alaia Martin
Finaleko 14 (h)au-dio –
Bizipenak eta bizipozak, biak, dira beharrezko bakoitza dagoen tokian egoteko. Halaxe erakusten zuen Slumdog millionaire filmak. Porrotek, kasualitateek, bidezidorrek egiten gaituzte; nork laguntzen digun, nola altxatzen… horrek markatzen du diferentzia. ‘El tiempo está después’ doinuak aparteko karga du Alaiaren bilakaeran. Argentinan pasatako urtea holometabolismo fasea izan zen eta larunbateko finalean sumatu genuen tximeleta urduri bat hegan, jostari; eta pinpilinpausatua, mate baso baten lurrunetan hurakanak sortzen, basati.
Zorionak, Alaia.
Nire miresmena.
Bertso-eskola danei
aurtengo omena,
irakasle guztiei
gure aitormena
eta joan zirenei
ere aipamena.
Irakasle guztiei
gure aitormena
noraino iritsi den
hasi zenutena!
Arantzazu Loidi
Hitzak dira bertsoaren osagai, baina hautatutako doinuek ere. Sarasuatarren ‘Bubo Magnipetasi’ abestiak Almen bertso-eskolako sortzaile baten bizitza kontatzen du eta “joan zirenei” egindako aipamena hunkigarria izan zen. Xanti Iparragirreren oihartzun erraldoia sumatu genuen Ilunbe(a)n.
“Aspaldidanik zinen txapeldun
ta gaur txapelaren jabe”.
Beñat Gaztelumendi
2001ean Andonik eta Maialenek jokatu zuten buruz burukoaren ostean hernaniarra historia idaztera bideratutako pertsona zela susmatu genuen askok. Ez zuen, ordea, berehala lortu. 2005ean ez zitzaizkion astroak alineatu eta 2009ra arte itxaron behar izan genuen Lujanbio txapeldun ikusteko. Zarauztarrak aitortu zuen Maialenek urteak zeramatzala plazako txapeldun izaten. Buru-aldatzea halako hitzekin batera datorrenean indartu egiten da. Txapela eranzteko moduko keinua Añorgako txahalarena.
“Gaur egungo datuek diote herritarrok Euskal Herriarekiko gero eta atxikimendu gutxiago dugula. Etorkizunera begira jarri zara”.
Iker Iriarte
“Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke”.
Bernardo Mandaluniz
Bi ga(ra)i. Esperimentua izan ote zen buruz buruko ganbarako gaia? Bi gaiek dute Euskal Herria ardatz, bi sentimendu (apatia eta tristura) diagnostikoa egiteko, eta etorkizunerako begirada bat. Gipuzkoako txapelketakoa bata eta Txapelketa Nagusikoa bestea; tartean, ehun metro ere ez (Belodromotik Ilunbera) eta 23 urte. Igor Elortzaren bertsoekin batera, Andoni Egañarenak izan ziren bertsorik garrantzitsuenak. Txapeldunaren bigarren bertsoak “postura denak onartzen ditut, / baina ajolik eza ez”, profetizatu zuen. Gaztelumendik bakarka osatu zuen diagnosia eta nazio proposamena txundigarriak dira. Bertso mailak izan duen gorakadaren erakusgarri dira bi bertsoaldi onenen arteko alderaketa.
Egaña (2001)
Bizi dadila gure herri hau,
bizi bedi iritzia!
Askatasuna izan dadila
bake bidez iritsia!
Orduan pozik egingo nuke
askatasun irrintzia,
maiz helburuak aipatu arren,
bideak du garrantzia;
bidea zein den nik neuk bederen
ez dut oraindik ahantzia.
Zenbat gogo ta antsia
eta ate bat itxia…
Nik Euskadi bat amestu nahi dut
inortxok ez irentsia,
hori litzake nere haurrentzat
nik nahi dudan herentzia.
Gaztelumendi (2024):
Herri bat osasunean
jartzen duena gastua
kalean bizi den hori
ez daukana ahaztua
nahiz ta kontraesanetan
baduen zer orraztua
bada nondik eragina
eta nondik erraztua
Euskal Herri bat nahi nuke
zikindua, lokaztua
orain ertzean daudenean
jartzen diena gustua
umetatik sormenean
ta kulturan arnastua
ertzak maite dituena
ta euskaran ardaztua.
Baina eztabaidak on-onak dira
ta ez da ikasten gutxi…
Bi hitz ezberdin, baina antzerako:
irakatsi, erakutsi.
Aizu laztana guztia ez da
ego, mimo ta igurtzi
irabaztera ohituta zaude
ta behingoz besteoi utzi!
Buruz burukoan, fikzio-errealitate planoetan rol trukaketa interesgarria eraiki zen: gaiaren arabera galtzen ez zekiena, galtzeko prestatuta errealitatean; eta propio galdu ohi zuena, garaipen gose. Bertsolariak kantatzen duenean maskara gardena janzten duela esaten da: egokitzen zaion rolaren azpian ere beti ikusten dela jatorrizko bertsolaria. Hirugarren bertso honetan Alaiak kasik mozorroa kendu eta entzuleriari keinu egiten dio. Bertso-eskola guztietan aztertzeko moduko bertsoaldia da: esan-entzun-erantzun-erantsi-orokortu-samurtu. Bertsoa azken puntu adina lehen puntu ere izan liteke.
“Torturatua izan zen,
jasan zuen ziegen hotza,
eta betiko apurtu
omen zitzaion bihotza
(…)
Nola transkibatuko dut
bere dardara ahotsa?”
Alaia Martin
Oilo ipurdia aipatzen zuen gaiak, eta azala puntu suspentsibo bihurtu zigun Alaiak.. Antologiatarako geratuko diren hiru bertso. Itxuraz, patuak agindua eman zion duinki zalbaldu zitzan aspaldian txapelketan agertzen ez zen gai honi buruzko hitzak.
Esan didate zeinahi tokitan
izaten gera etorkin
nahiz eta gure eguneroko
martxari gogotsu ekin
kokatu ezinda ibiltzen gera
nola zebrak Serengetin
Nerea Elustondo
Norbere ezinari begirada errukior sano bat eskaintzea eta hortik umorea sortzea, hortxe clownaren oinarria. Pailazoa zirkuan bezan beharrezkoa da Nerearen ahotsa bertso zirkuitoan. Aurreikusi ezina da, atsegina edo minbera izan daiteke; beltza eta anitza. Bakarkakoan kantatutako zazpi puntukoak old(bertso)school-ekoak izan ziren. 1981eko belaunaldiak jarraitu dezala luze bere ahotik kantatzen.
ze erdaraz dakienak
ta erdaraz bakarrik
ez zeukan A ala B
hautatu beharrik.
Aner Peritz
hauek ikasterako
euskaratik punta
AHTa ere
iritsiko dun ta.
Oihana Iguaran
Lehenengoz, final batean bi bertsolari elkarri noka. Euskara eta generoa, final honen bi ardatz garrantzitsu. Nafarroa Arenatik Ilunbera, euskara bilakatu da publikoaren kontsentsu gune eroso. Bertsoaldiak dena du: hitz jokoa, diagnosia, analisia, kritika, proposamen askatzailea eta umorea.
Lankide bat da, beraz,
gutarra, berdina;
eta jendeak, berriz,
sinetsi ezina…?
Zalantza egiteak
ematen dit mina.
Eneritz Artetxe
Gaiak sorbatzaren gainean ibiltzeko agintzen zien bertsolariei: haien lankide bat tratu txarrengatik salatu zuten; horrek berehalako aurkakotasuna finkatzen bazuen ere “estimu handitan duzuena” ezeroso bat zekarren formulazioak eta sei bertsotan koherentzia edo gradazio sinesgarri bat mantentzea oso zaila zen. Fintasun handiz egin zuten. Eneritzi bertso honen bukaeran ahotsa zartatu egin zitzaion eta efektua erabatekoa izan zen.
Kartzela bat dirudi
gure pentagramak.
Alaia Martin
Leihoetako barroteekin pentagrama bat osatu zuen Alaiak. Harrigarria da bertsolari honek duen errekurtso kopurua. Ikusentzuneko komunikazioa ikasitako hiru bertsolari izan ziren oholtza gainean, lehen postuan geratu ziren hiruak hain zuzen ere. Ez dut uste kasualitatea denik. Hirurek asmatu zuten hitzezko irudigintzan.
Baina zure sormenak
non du jatorria?
Garbitu ta garbitu
nabil jator ia.
Hollywoodetik ote
zaude etorria?
Nahi al dezu jartzea
alfonbra gorria?
Beñat Gaztelumendi
Bertsoaldi onenak nork egin dituen, bai; baina gutxi begiratu ohi zaio bertsoaldirik onenak norekin egin diren. Bertsokide ona da Añorgakoa. Nire ustez, harekin egindako bertsoaldietan osatu ziztuzten bertsolariek (Anek, Alaiak eta Eneritzek) saioko ofiziorik onenak. Lau puntutan hiru galdera jaurtitzeko gai. Marka ezarri ez ote duen…
Ba neri txispa kentzen didate,
ze eskizofreni,
ta ez diet nahi zuk adinako
indarrik eskeini.
Hainbat ume, hainbat premi.
Zaintzea? Ez zait komeni.
Beraien ama zaindu nunean
nazkatu nintzen ni.
Aner Peritz
Ba, nazkatzeko oraindik ere
hain zera gaztea!
Zuen Markeltxo, gainera, ziur
ez dela trastea.
Txutxetik bete astea,
gurasoen desgastea…
Gozagarri zait gure semea
amorraraztea.
Andoni Rekondo
Txapelketa ikusgarria egin dute, apirilean hasi eta abenduan bukatu, Andonik eta Anerrek. Finaleak biek hautatu zituzten doinu klasikoak eta neurriarekin arriskatu izana opari bat izan zen saioarentzat. Ofiziotan ikusgarri jardun ziren eta publikoa berehala haienganatu zuten. Formulazioaren dohaina du Andonik, pentsamendua 10/8an edo 7/6an konfiguratua balu bezala. Anerrek errimarekiko maitasuan, kantaera retro-a, haustura… dena dauka handienen artean sartzeko.
Beti eskura izate horrek
sortzen dit neri ikara
pantaila baten iltzatzen bada
begi pare gorrikara…
Eztabaidatu dezagun, Beñat,
eskuetan bi kikara
altxa burua ta begiratu
iezadazu begitara.
Ane Labaka
Norberak jartzen du bere hoskidetasunaren neurria, eta Anek sekulako lanketa egin du oinetan. Hiru silabako kristalezko zapatak gehienetan, sustantiboak (mailua, iratzargailua, jostailua, ispilua / diskretua, sekretua, dekretua, desertua, kontzertua) eta larruzkoak (tartea, gizartea, intimitatea, izatea) konbinatzen asmatu zuen finaleko dantzaldian. Errauskineren jatorrizko ipuinean bezala, errautsetatik birsortzen den emakumea gorpuztu zuen.
“ezin da bakarka”
Ane Labaka, Alaia Martin
Eta, ahalko balitz ere, ez genuke nahiko.